Asteon zientzia begi-bistan #478

Zientzia begi-bistan


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


kafeak

Emakumeak zientzian

Matilda Smith Londresen dagoen Kew-ko lorategi botanikoko artista ofiziala izan zen. Lehenengo emakumea izan zen lorategi botaniko batean halako postua izaten; munduko garrantzitsuenetako batean, gainera. Lorategiak Curtis’s Botanical Magazine izeneko aldizkari bat zuen eta, 40 urtez, Smithek 2.300 lamina baino gehiago marraztu zituen bertan. Ordea, hogei urte igaro zien aldizkariko artista ofizial izendatu zuten arte. Horretaz gain, Smith Linnaean Society elkarte zientifiko ospetsuko bigarren emakumezko kidea ere izan zen. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Ingurumena

Mendebaldeko Mediterraneoan, jarduera ekonomikoak kostaldeko eremuetan kontzentratu dira gehienbat, eta horren ondorioz, ingurumen-eraldaketa esanguratsuak gertatu dira. Izan ere, kostaldea desertifikazio-prozesuan dago, basoko suteen arriskua handitu da, eta ur eskasia areagotu egin da eremu horretan. Egoera hobetzeko, ikerketek adierazi dute basoen kudeaketa egokia erabilgarria izan daitekeela. Basoek euri gehiago egitea eragin dezakete, eta pentsatzen da ur eskasia hobetu dezaketela, baita desertifikazioari aurre egiten lagundu ere. Informazio gehiago Berrian.

Liztor asiarraren populazioa bizkor handitu da Ipar Euskal Herrian, eta biodibertsitatean eragin kaltegarria izaten ari da. Liztor asiarrak erleen populazioan eragin zuzena duela ikusi da, eta horrek ondorio ekologikoak eta ekonomikoak izan ditzake. Izan ere, uda partean liztorrak kumatu egiten dira, eta erleak dira haien elikagai nagusia. Azalpenak Berrian.

Teknologia

Ibilgailu autonomoen segurtasuna frogatzeko ikerketak egin dituzte. Zehazki, ibilgailu horiei informazioa helarazteko erabiltzen diren ikasketa automatikoko algoritmoen emaitzak aztertu dituzte. Ibilgailu autonomoek pertzepzio-sistemak dituzte, eta sistema horiek duten errorea kalkulatu dute. Hala, ondorioztatu dute ibilgailuetako pertzepzio-sistemen ziurgabetasuna tarte espezifiko baten barruan mantentzen bada, ibilgailu horren segurtasuna berma daitekeela. Datu guztiak Zientzia Kaieran.

Osasuna

Venki Ramakrishnan biologoak hiru faktore nagusi identifikatu ditu bizitza luzatzeko: loaren kalitatea, dieta osasuntsua eta egonkortasun ekonomikoa. Wired aldizkarian argitaratutako artikulu batean azaldu ditu zergatiak, eta adierazi du, konponbide miragarriak baino, eguneroko ohiturak eta gizarte-baldintzak direla faktore garrantzitsuenak. Informazio gehiago Sustatun: Bizitza luzerako giltza: loa, dieta eta dirua.

Kafeak gure garunaren funtzionamenduan eragin positiboa izan dezake, batez ere depresioarekin erlazionatuta. Ikerketek erakutsi dute kafeak aktibatu egiten dituela astrozitoak (garuneko zelula mota batzuk). Astrozitoek garunaren funtzionamendu egokia bermatzen dute, besteak beste, nutrienteen banaketa eginez, eta zelula nerbiosoen arteko komunikazioan lagunduz. Kafeak zelula horiek aktibatzen dituenez, ikertzaileek ikusi dute depresioaren sintomak arindu ditzakeela. Datu guztiak Sustatun.

Etxeetan intsektizidadun pintura erabiltzea eraginkorra da eltxoek transmititzen dituzten gaixotasunei aurre egiteko. Hala ondorioztatu du Cabo Verden egindako ikerketa batek. Intsektizidekin egindako hiru pinturarekin egin dituzte probak, eta lehenengo hilabetean, hiru pinturek Aedes aegypti eltxo guztiak hil zituzten. Bi pinturek eraginkortasuna galdu zuten denborarekin, baina batek urte oso bat iraun zuen. Eltxo horrek malaria, dengea, zika eta beste hainbat gaixotasun transmititzen ditu. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Medikuntza

Downen sindromea duten adinekoetan alzheimerra infradiagnostikatuta dagoela frogatu dute. Down-Syndrome Basque Alzheimer-Initiative ikerketa-proiektuak aurrera eraman du ikerketa. Ekimenaren lehen urtean, 114 helduk parte hartu dute, eta ikertzaileek ikusi dute partaideen % 36ak alzheimerraren sintomak zituela. Alabaina, % 5,7ak soilik zuen aurrez diagnostikatuta. Proiektu horren beste helburu bat da Downen sindromea duten pertsonak ere kontutan hartzea goi-mailako ikerketa kliniko eta traslazionaletan. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Mikrobiologia

Gazten biokimika aztertzeaz arduratzen dira EHUko Lactiker Animalia Jatorriko Elikagaien Kalitatea eta Segurtasuna ikerketa taldeko ikerlariak. Azaldu dutenez, gazta esne gordinarekin edo esne tratatuarekin egin daiteke, eta lehenaren bidez, animaliak berez dituen mikrobioak eta bakterioak igarotzen dira gaztara. Bakterio horiek kalitatearekin eta segurtasunarekin lotura daukaten konposatuak sortzen laguntzen dute, eta horrek sortzen ditu desberdintasunak gazten artean. Informazio gehiago Berrian.

Farmakologia

Erabilera medikorako kalamua sailkatzeko teknika berri bat garatu dute, EHUko IBeA taldeko ikertzaileek. Irudi hiperespektralak eta ikasketa automatikoa erabiltzen dituen teknika analitiko azkar bat aplikatuta, landareak kimiotipoen arabera sailkatzea lortu dute. Teknika horrek aukera ematen du kalamu medizinaleko landareen trazabilitatea edo kalitate-kontrola era automatikoan ziurtatzea, maila industrialean. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Arkeologia

Ana Benito aitzindaria izan da itsaspeko arkeologian. Historia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean eta Arkeologiako espezialitatea egin zuen gero. Aranzadirekin hasi zen lanean, eta Jaime Rodriguez Salis arkeologoak aginduta, Higer lurmuturrean hainbat urpekarik jasotako materiala sailkatzen ibili zen. Hor piztu zitzaion itsasoari eta erromatarrei lotutako gaiekiko interesa. Urpekari titulua atera zuen, eta horri esker, Iturritxikiko indusketa egin ahal izan zuen, euskal kostaldean alor horretan egindako aurkikuntzarik bereziena. Informazio gehiago Berrian.

Duela 100.000 urteko neandertalen hortzak aurkitu dituzte Axlor aztarnategian (Diman). Ikertzaileek azaldu dutenez, 10-12 urteko bi haurren eta heldu gazte baten hortzak dira, eta Iberiar penintsularen iparraldean ezagutzen diren zaharrenetakoak dira. Garai berezi bateko aztarnak dira, Europako neandertalek sapiensekin harremana izan baino lehenagokoak baitira. Gainera, analisi-metodologia berri bat erabili dute sailkapen taxonomikoa egiteko. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Argitalpenak

Ornodunak. Anatomia, eboluzioa eta aniztasuna liburua erabilgarria izan daiteke dibulgazioaren zaleentzat zein naturazaleentzat. Joxerra Aihartza biologoak idatzi zuen 2010ean, eta bertan, ornodunen unibertsoari buruzko errepasoa egiten da. Beste gai batzuen artean, ornodunen ezaugarri orokorrak, garapen-ereduak eta anatomia konparatua jorratzen dira. Joxerra Aihartza irakaslea eta ikertzailea da EHUko Zoologia eta Animali Zelulen Biologia sailean. Argitalpen honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Antropologia

Kulturak genetikak baino eragin handiagoa dauka giza taldeen eraketan. Hala ondorioztatu zuen Taiwango ikerketa talde batek, bederatzi populazio indigena aztertu ostean. Ikertzaileek populazio horien arteko distantzia kalkulatu zuten, bi modutan: genetikoki, eta herri-kantei begira. Emaitzek erakutsi zuten populazio indigena horiek neurri handiagoan bereizi zirela kultura ezaugarrietan ezaugarri genetikoetan baino. Datu guztiak Zientzia Kaieran.

Adimen artifiziala

Unai Elordi adimen artifizialean aditua da eta Komunikazioa adimen artifizialaren menpe? jardunaldian parte hartu du. Hain zuzen ere, adimen artifiziala komunikazioan nola erabil daitekeen aztertu du jardunaldian. Berrian elkarrizketatu dute Elordi, eta haren esanetan, adimen artifizialak produktibitatean eta autonomian eragingo du gehienbat. Abantaila asko dituela dio, baina azkar garatzen dela, eta gogoetak ere batera joan behar duela uste du. Jardunaldiaren inguruko informazio gehiago topatu daiteke Sustatun.

Nautika

Itsasontzien brankaren beheko aldean dagoen konkorrak hidrodinamika hobetzen du. Izan ere, urak marruskadura handiena itsasontziaren brankan sortzen du. Uhinak ere eragiten ditu gainera, eta oztopoa are gehiago handitzen da. Brankan erraboil bat jarrita, ordea, azken honek beste uhin bat sortzen du, eta brankak sortutakoarekin elkar deuseztatzen dira. Datu guztiak Zientzia Kaieran.


Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.