Asteon zientzia begi-bistan #483

Zientzia begi-bistan


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

ekintza

Emakumeak zientzian

Zinemaren historian emakumeek garrantzi handia izan dute. Hainbat emakumezko zuzendari, gidoilari, kamera-operadore eta konpositore izan dira. Azken hauen artean, zientzia fikziozko filmetarako soinu-bandak egiten zituzten emakumeak benetan berritzaileak izan ziren. Lehen soinu-banda elektronikoa Forbidden Planet obrarena izan zen, eta Bebe Barronek konposatu zuen. Daphne Oram ere aipagarria izan zen, eta baita Delia Derbyshire ere, zeina Doctor Who programaren abestiagatik den ezaguna. Datu guztiak Zientzia Kaieran.

Klima-larrialdia

Bero-boladekin lotutako heriotzak %94 ugaritu dira Europan azken hogei urteetan. Hala jaso dute Osasunaren Mundu Erakundeak eta Copernicusek argitaratu duten Europako Klima Egoera 2023 txostenean. Europan, 2023ak hamabi hilabeteetatik 11k ohi baino tenperatura altuagoak izan zituzten, eta iazko iraila kontinentean sekula neurtu den beroena izan zen. Hala, bero boladekin lotutako heriotzak %30 handitu dira hogei urtean. Informazio gehiago Berrian.

Ingurumena

Ekintza kontserbazionistek biodibertsitatea hobetzen dutela frogatu dute ikerketa batean. Zehazki, frogatu dute ekintza horietatik bi herenek biodibertsitatearen egoera hobetu dutela, edo, gutxienez, okertzea moteldu dutela. Egileek adierazi dute agerikoa dela ekintza horiek oraingoz ez direla nahikoa kontserbazioari buruzko nazioarteko helburuak lortzeko, baina horietako asko oso eraginkorrak direla. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Osasuna

Glutenak hestean eragiten duen inflamazioa ekiditen du konposatu natural batek. Hala frogatu dute UPV/EHUko ikertzaileek nazioarteko lankidetza batean. Lortu duten konposatua azido salbianolikoa da, eta salbia landaretik erauzi dute. Ikertzaileek ikusi dute konposatu horrek gaitasuna duela hesteetako zeluletan glutenak eragindako hantura murrizteko, XPO1 proteinaren sorrera inhibitzen duelako. Beraz, aurkikuntza honekin zeliakoentzat estrategia terapeutiko berriak zabaltzea espero da. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Medikuntza

Pertsona batzuek GIBa berez nola kontrolatzen duten aurkitu dute. Ikertzaileek ikusi dute badaudela gaixo batzuk birusa mugagabe kontrolpean mantentzen dutenak. Hori lortzen dute, birusak basamortu geniko deritzen eremuetan integratuta mantentzen dituztelako eta, beraz, ezin dira birus kaltegarri berriak sortu. Ikertzaileek aukera ikusten dute mekanismo hori imitatzen duten immunoterapiak sortzeko, eta hala, gaixoek birusa modu berean kontrolatzeko. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

EHUko eta Biobizkaiako ikertzaileek frogatu dute erretinaren azterketa baliagarria izan daitekeela parkinsonari jarraipena egiteko. Parkinson-gaixoen talde bati erretinaren geruza barrukoenaren lodiera neurtu diote koherentzia optikoko tomografia bidez, eta ondorioztatu dute erretina-geruza nabarmen finagoa dela parkinsona duten pazienteetan. Horrenbestez, uste da teknika hori egokia izan daitekeela parkinsonean gertatzen den neurodegenerazioa monitorizatzeko. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Kimika

Diamanteak sortu dituzte giroko presioan, huts-sistema baten bidez. Lehengai gisa metal likidozko aleazio bat erabili dute, eta 1025 °C-tan jarri dute. Aurkikuntza horrek hautsi egin du egungo paradigma; izan ere, diamanteak 5-6 gigapascaleko presioan eta 1.300 eta 1.600 °C bitarteko tenperaturatan sortu ohi dira. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Ingeniaritza

Energia sortu eta metatzeko gai diren trenak eraiki nahi ditu FCH2RAIL proiektuak, eta CAF enpresaren ardura da proiektuaren zuzendaritza teknikoa. Mundu osoko trenbideen erdia baino gutxiago daude elektrifikatuta, eta proportzio hori hobetu nahian, CAFek tren erakusle bat sortu du, katenariarekin edo hidrogenoarekin funtzionatzeko gai dena. Energia sortu eta gordetzeko bi modulu ditu trenak. FCH2RAIL proiektuaren bidez, erakusten ari da hidrogenoaren energian oinarritutako tren bat teknikoki bideragarria dela. Datuak Zientzia Kaieran.

Adimen artifiziala

Terese Mendiguren EHUko Kazetaritza irakaslea ikertzen ari da nola erabiltzen ari diren adimen artifiziala euskal hedabideetan, eta noraino eragin diezaiokeen ofizioari. Haren esanetan, adimen artifizialak ez du zertan negatiboki eragin kazetaritzan. Datuetan bakarrik oinarritzen den lana egiteko, adibidez, baliagarria ikusten du, baina dio sormena eta interpretazioak egitea ezingo dituela ordeztu. Ohartarazi du makinek gizartean dauden alborapenak erreplikatzen dituztela, eta hori kontuan izan behar dela. Azalpen guztiak Berrian.

Adimen artifiziala erabili behar da ur horniduraren sisteman, Jon Koldo Izagirre Bunt Planet enpresako negozio-garapeneko arduradun eta kimikariaren arabera. Izagirrek eta bere taldeak sistema horien datuak jaso eta hodi bakoitzetik zenbat ur pasatzen den aztertzen dute adimen artifizialeko plataforma batekin. Hala, ur isuriak detektatzeko gai dira. Bestalde, azaldu du klima-aldaketaren ondorioz, euria egiten duenean askoz ere gogorrago egiten duela, eta gure azpiegiturak ez daudela prestatuta hori kudeatzeko. Datuak Berrian.

Astronomia

Esne Bideko izar-zulo beltz handiena dena topatu dute. Zulo beltz horiek izar masibo baten kolapso grabitazionalaren ondotik sortzen dira. Haren inguruan orbitatzen duen izar bati esker ikusi dute, eta eguzkiak baino 33 aldiz masa handiagoa du. Lurretik 2.000 argi urtera dago kokatuta, eta Gaia BH3 zulo beltzetik hurbil dagoenez, xehetasun handiz aztertu ahal izango dute gisa horretako objektu bat, lehen aldiz. Azalpen guztiak Berrian.

Argitalpenak

Euskadiko hegazti habiagileen atlasa 2023ko urrian argitaratu zuen Aranzadi Zientzia Elkarteak. Bertan, gure lurraldean kumatzen diren hegazti espezie guztien inguruko informazio xehea ematen du, besteak beste, espezie bakoitzaren presentzia mapak, ugaritasun mapak eta joera historikoarenak. Orotara, 180 hegazti-espezieren datuak jasotzen ditu, eta azalpenak osatu eta edertzeko, 192 ilustrazio biltzen ditu, Alex Mascarell artista katalanak eginak. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.


Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.