Asteon zientzia begi-bistan #481

Zientzia begi-bistan


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

xakeak

Emakumeak zientzian

Audrey Richards britainiar biologoa eta etnografoa izan zen Afrikako etniak aztertzera denbora gehien dedikatu zuen pertsonetako bat. Ikuspuntu antropologikotik eta sozialetik egin zituen bere ikerketak, eta bere lanekin ikerketa ildo berriak ireki zituen. Teoria berri bat ere proposatu zuen, non adierazten zuen, talde batean, elikatzeko oinarrizko premia dagoela instituzioak eta harremanak antolatzeko moduaren atzean. Horrez gain, Ekialdeko Afrikako Gizarte Ikerketarako Institutuko lehen zuzendaria ere izan zen. Zientzialari honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Klima-larrialdia

Bizkaiko kostaldea berotu ahala, makroalgen komunitatea degradatzen ari dela baieztatu du EHUko Itsas Bentos ikerketa taldeak. Azken lau hamarkadetan kostaldeko eremu batean sakonera-puntu desberdinak ikertu dituzte, eta ikusi dute ur hotzagoan hazten diren espezieak gero eta urriagoak direla, Gelidium corneum esaterako. Kontrara, geroz eta ugariagoak dira ur epelagoa nahiago duten makroalgak. Bigarren hauek txikiagoak eta morfologikoki sinpleagoak dira eta, beraz, komunitateen egituran aldaketak espero dira, hainbat organismok aterpea galduko baitute. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Ingurumena

Ostreopsis algaren garapena ulertu nahi du Itsasbazterra Interes Zientifikorako Taldeak. Horretarako, Ostreobila ikerketa programa sortu dute, eta Europatik diru-laguntza jasoko dute. Taldeak Ostreopsis algaren sasoien dinamika ulertu nahi du, bai eta haren garapenean laguntzen duten ingurumen baldintzak deskribatu ere. Alga horrek konposatu toxikoak sortzen ditu uretan eta, beraz, gizakiaren osasunean zer ondorio dituen ere ikertuko dute. Informazio gehiago Berrian.

Medikuntza

Matematikak, histopatologiak eta genomikak bat egin dute giltzurruneko minbiziaren ikerketan. UPV/EHUko Annick Laruelle Ikerbasque irakasleak egin du ikerlana, eta zelula argiko giltzurrun-kartzinoma erasokorrak aztertu ditu. Laruellek ondorioztatu du matematikan oinarritzen direla tumore barneko heterogeneotasunaren funtsetako batzuk, eta tumore barneko heterogeneotasun-maila txikiagoa dela berretsi du kartzinoma mota horretan. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Parkinsonak begietan duen eragina ikertu du Juan Duran Oftalmologiako Institutu Kliniko Kirurgikoko zuzendari mediko eta oftalmologoak. Parkinsona gaixotasun neurodegeneratibo kroniko bat da, eta gorputzeko beste sistema batzuei ere eragin diezaieke, besteak beste, ikusmen sistemari. Duranek azaldu duenez, begiak burmuinaren luzapen bat dira, eta hainbat arazo neurologiko antzeman daitezke hauei erreparatuta. Parkinsona duten pertsonak adibidez, begiak gutxiago kliskatzen dituzte, eta gutxiago mugitzen dituzte. Datuak Berrian.

Psikologia

Xakeak sormena kontzentrazioa, enpatia edota sozializazioa sustatzen ditu Pep Suarez psikologoaren arabera. Hark antolatu zuen Xakea, Hezkuntza eta Osasuna nazioarteko biltzarra, joan den martxoan, Menorcan. Hainbat ikerketek ondorioztatu dute xakea osagarri oso ona dela hezkuntzan, eta xakean jokatzen duten ikasleek errendimendu hobea dutela. Osasunean ere baditu onurak; hala frogatzen ari dira autismoa, ADHN arreta defizita edo hiperaktibitatea duten haurrekin egindako esperientziek. Informazio gehiago Berrian: Xake-mate paralisiari.

Besteek bizi dituzten esperientzia atsegingarrietara huts egiteko beldurrak sortzen du FOMOa, EHUko psikologia klinikoko irakasle Juan Manuel Matxinbarrenaren arabera. Ingelesezko Fear of missing out (zerbaitetara huts egiteko beldurra) esamoldearen akronimoa da, eta gutxi dira halakorik inoiz sentitu ez dutenak. Ez da sentimendu berria, baina sare sozialek areagotu egiten dute. FOMOari aurre egiteko, aurkako fenomenoa sortu da: JOMOa, Joy of missing out, edo euskaraz, zerbaitetara huts egitearen gozamena. Azalpenak Berrian.

Historia

Ikertzaile talde batek babestu du klima hoztu izanak Antzinako Erroman izan ziren hiru izurrite handienak indartu zituela. Kristo aurreko 200. eta Kristo ondorengo 600. urteen arteko Mediterraneoko datu paleoklimatikoak erabili dituzte ikerketan, eta ondorioztatu dute klima-aldaketaren fase bakoitzaren ondoren pandemia bat abiatu zela. Hotz handiagoko garai historikoak korrelazionatuta daude Antoninotar izurrite handiarekin, Hirugarren Mendeko Krisiarekin eta Justinianoren izurritearekin. Datu guztiak Zientzia Kaieran.

Kimika

Trimetilamina giro tenperaturan narritagarria eta koloregabea den gas bat da, eta arrain ustelari bere usain berezia ematen diona da. Arrainek trimetilamina oxidoa dute haien ehunetan bizirik daudela, baina hiltzean, oxidatu egiten da arrainaren gorputzeko bakterio eta entzimen eraginez, eta minutu gutxitan trimetilamina bihurtzen da. Baina gizakietan ere azaldu daiteke konposatu hori, gibelari eragiten dion arazo genetiko batengatik, eta arrain usainaren sindromea deitzen zaio. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Hemen arrain ustelaren kiratsa dago: trimetilamina.

Mikrobiologia

Bakterio batek birusen aurka erabiltzen duen babes-mekanismoa argitu du Pablo Iturbe Sanz Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileak. Bere doktoretza-tesiaren parte den ikerketa horretan, Iturbek Staphylococcus aureus bakterio patogenoa aztertu du. Bakterio hori birus batek kutsatzen du, eta horrek beste birus batzuen infekziotik babesten du bakterioa. Aldi berean, defentsa-mekanismo horrek birusaren beraren aurka egitea saihesten du. Iturbek egindako ikerketak ondorioztatu du birus hostalari horrek bakterioko genoman dauden gene-talde batzuk aktibatuz eta desaktibatuz lortzen duela hori. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

AEBko behitegietan izaten ari den hegazti-gripearen agerraldia argitu nahian dabiltza ikertzaileak. Birusa lehen aldiz ari da zabaltzen ganaduan. AEBko sei estatutako behitegietara hedatu da eta, jakinarazi dutenez, pertsona bat ere kutsatu da. Ikerketek iradoki dute birusa ez dela behitik behira airez transmititzen, baizik eta esneak kutsatutako tresnen bidez. Izan ere, ez dute aurkitu birusa erreplikatzen ari delako ebidentziarik, errapeetan izan ezik. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Adimen artifiziala

Ikerketa berri batek ondorioztatu du Latxak, euskarazko adimen artifizialak, %60,6 atera duela EGAko atarikoetan. Euskarazko zenbait ariketa planteatu dizkiote sistemari haren funtzionamenduari buruzko datuak biltzeko. Mikel Artetxe adimen artifizialeko adituak laburbildu duenez, Latxak lortutako emaitzak ordainpeko ChatGPT-k lortutakoak baino hobeak izan dira. Datuak Sustatun.

Argitalpenak

Euskal Herriko animaliak liburuak gure lurraldean topatu daitezken hainbat animalia aurkezten dizkigu. Taldeka eta familien arabera antolatuta, gure lurraldeko 50 espezie enblematikoenen ezaugarri eta berezitasun guztiak azaltzen dira bertan. Asier Gorostidi Sierra eta Igor Sarralde Ussia dira haren egileak, eta Ereinen argitaratu zen 2020an. Liburu honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.


Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.