Lan honetan, gurasoen morfologiak eta adipositateak seme-alaben jaiotza-tamainarekin duten erlazioa aztertu dugu. Gurasoen ezaugarri antropometriak umeen jaiotza-tamainarekiko asoziazioa aztertzen duten ikerketa gutxi daude, eta, gainera, ikerlan horietan baliatutako fenotipo-aldagaien kopurua ere nahiko txikia da.
Argitaratutako artikuluen arabera, adipositateak % 40tik % 70era bitarteko heredagarritasuna du, eta, hortaz, adipositatearen aldakuntzaren zati esanguratsu bat faktore genetikoei egotz dakieke. Era berean, garaieran ere eragin handia du genetikak, eta orokorrean garaieraren heredagarritasuna % 80 ingurukoa dela kalkulatu da. Hala ere, faktore genetikoak adipositatea eta garaiera zehazteko garrantzitsuak badira ere, ingurumen-faktoreek ere, hala nola dietak eta bizimoduak, eragina izan dezakete haren garapenean.
![seme-alaben](https://zientziakaiera.eus/app/uploads/2024/12/pexels-rdne-8208799-640x427.jpg)
Azterlan honen helburua betetzeko, Bilboaldeko familiez osatutako lagin bat erabili da, hain zuzen ere 391 amen eta 274 aiten datu antropometrikoak eta haien seme-alaben jaiotza-datuak (jaiotza-pisua, jaiotza-luzera eta indize ponderala). Gurasoen ezaugarri antropometrikoak luzera bertikalak, zabalerak, zirkunferentziak, larruazalpeko tolesturak, pisua, gorputz-masaren indizea, gerri-aldaka indizea, enborreko eta gorputz-adarretako larruazalpeko tolesturen arteko ratioa, larruazalpeko tolesturen batuketa eta antropometria-somatotipoaren osagaiak dira.
Emaitzek adierazten dutenez, gurasoen zenbait ezaugarri antropometrikok asoziazio positiboa erakusten dute seme-alaben jaiotza-pisuarekin, eta hezur-substratua oinarritzat duten gurasoen ezaugarri antropometrikoek ere lotura positiboa erakusten dute haurren jaiotza-luzerarekin. Bilboaldeko lagin honetan, seme-alaben jaiotza-pisua eta indize ponderala amen ezaugarri antropometriko gehiagorekin erlazionatzen dira, eta asoziazioak indartsuagoak dira. Asoziazioen eredu hori bat dator beste ikerketa batzuetan lortutako emaitzekin, eta azalpen posible bat honako honetan oinarritzen da: amak fetua garatzen den umetoki barneko giroa ematean eta haurdunaldian fetuak jasotzen dituen mantenugai gehienen erantzule izatean. Horretaz gain, hezur-substratua duten gurasoen ezaugarri antropometrikoen eta seme-alaben jaiotza-luzeraren arteko asoziazioek iradokitzen dute seme-alabek probabilitate handiagoa dutela gurasoen antzeko hezur-ezaugarriak (adipositatearekin alderatuta) heredatzeko; emaitza horiek ez dira harrapariak, garaieraren heredagarritasun altua kontuan hartuta.
Laburbilduz, lan honetan behatutako asoziazioek erakusten dute gurasoen zenbait ezaugarri antropometriko, batez ere amen kasuan, seme-alaben jaiotza-pisuarekin eta indize ponderalarekin erlazionatzen direla. Kontuan hartuta umeen jaiotza-tamaina bai hazkuntza-aroan bai helduaroan obesitatea pairatzeko arrisku-faktoreen artean dago, ondorioztatuko emaitzek erabilgarritasuna izan dezakete gaur egungo osasun-promozioko arloetan; adibidez, gurasoen parte-hartze aktiboagoa, batez ere amena, obesitatearen prebentzio-estrategietan.
Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 46
- Artikuluaren izena: Gurasoen gorputz-morfologia eta konposizioaren eta seme-alaben jaiotza-tamainaren arteko asoziazioa Bilboaldeko familietan
- Laburpena: Umeen jaiotza-tamaina bai umezaroan (hazkuntza-aroan) bai helduaroan obesitatea pairatzeko arrisku-faktoreen artean dago. Era berean, umeen jaiotza-tamainan eragina dute gurasoen zenbait ezaugarri antropometrikok. Lan honen helburua da gurasoen morfologiak eta adipositateak seme-alaben jaiotza-pisuarekiko eta jaiotza-luzerarekiko duten erlazioa analizatzea, Bilboaldeko familiez osatutako lagin batean. Aztertutako lagina 391 amei eta 274 aitei dagokien bi datu-basetan oinarritzen da, non amen analisirako 404 seme eta 368 alabaren jaiotza-datuak jaso baitira, eta aiten analisian 280 seme eta 252 alabarenak. Haurren jaiotzaren ezaugarriekin loturiko aldagaiak dira jaiotza-pisua eta jaiotza-luzera, indize ponderala, haurdunaldi-adina eta jaiotza-ordena. Gurasoen ezaugarri antropometrikoak, berriz, luzera bertikalak, zabalerak, zirkunferentziak, larruazalpeko tolesturak, pisua, gorputz-masaren indizea, gerri-aldaka indizea, enborreko eta gorputz-adarretako larruazalpeko tolesturen arteko ratioa, larruazalpeko tolesturen batuketa eta antropometria-somatotipoaren osagaiak dira. Asoziazioen azterketarako, koaldagai ezberdinetara doitutako erregresio linealen analisiak erabili dira. Gurasoen zenbait ezaugarri antropometrikok, batez ere amen kasuan, asoziazio positiboa erakusten dute seme-alaben jaiotza-pisuarekin, eta hezur-substratua oinarritzat duten gurasoen ezaugarri antropometrikoek ere lotura positiboa erakusten dute haurren jaiotza-luzerarekin. Ez dirudi seme-alaben sexua, gurasoen adina, jaiotza-ordena zein haurdunaldi-adina asoziazio-kausa nagusiak direnik gurasoen ezaugarri antropometrikoen eta seme-alaben jaiotza-tamainaren artean, aztertutako laginean. Laburbilduz, ikerketa honetan behatutako asoziazioek gurasoen ezaugarri antropometriko batzuek seme-alaben jaiotza-tamainan eragina izatearen ideia indartzen dute, eta, beraz, osasun publiko ondorio garrantzitsuak izan ditzakete obesitatearen prebentzioan.
- Egileak: Beñat Vaquero, Esther Rebato eta Aline Jelenkovic
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 255-277
- DOI: 10.1387/ekaia.25050
Egileez:
Beñat Vaquero, Esther Rebato eta Aline Jelenkovic UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.