Diabetes mellitus gaixotasun kroniko bat da, eta odolean azukre maila (glukosa) altua izatearen ondorioz sortzen da. Bada, gutxi gorabehera, helduen heriotzen % 8,4 eragiten ditu mundu osoan. Diabetesa dutenek glukosa asko izaten dute odolean, pankreak ezin duelako intsulina nahikoa sortu (intsulina odoleko azukrea kontrolatzen duen hormona bat da).
Gaur egun, diabetesaren aurkako tratamendu nagusia egunero intsulina injektatzea da. Kontrolatzen zailak diren pazienteei, ordea, zelula pankreatikoak transplantatzen zaizkie (izan ere, intsulina sortzen duten β zelulak dituzte). Hala ere, terapia horrek zenbait arazo ditu: besteak beste, pankrea emateko organo emaile gutxi dago, hiruzpalau pankrea erabili behar dira tratamendurako β zelula nahikoa lortzeko, eta mentuak gaitasun urria du transplantearen lekuan irauteko eta atxikitzeko.
UPV/EHUko ikertzaileak partaide diren DRIVE (Diabetes Reversing Implants with enhanced Viability and long-term Efficacy) nazioarteko egitasmoaren xedea da transplante horiek hobetzea, sistema guztiz berri bat garatuta, β zelula pankreatikoak modu bideratuan eta babestuan entregatu ahal izateko. Horren ondorioz, pankrea emaile gutxiago beharko dira zelulak transplantatzeko. Izan ere, tratamendu eraginkorragoa eta iraunkorragoa lortuko da eta pankrea gutxiago beharko direnez, paziente gehiagori ezarri ahal izango zaie. Gainera, partzuergoak ikertu egingo du ama zeluletatik eratorritako β zelulak lortu ahal izateko, eta, hala, intsulinaren mendeko paziente guztiei ezarri ahal izateko irlen transplanteen terapia. Izan ere, proiektu horrek intsulina sortzen duten irla pankreatikoen transplantea eta iraupena hobetuko duten biomaterialak eta gailu kirurgiko berriak sortuko ditu, diabetesa tratatzeko.
Zazpi herrialdetako hamalau kidek osatutako partzuergo batek gauzatuko du ikerketa eta bertan, UPV/EHUko NanoBioCel taldekoek izango dira partaide. DRIVE proiektuak proposatzen duen sistema gel batez osatua dago; gel horrek pankrea imitatzen du, eta β zelula pankreatikoak ditu. Era berean, β-shell deituriko kapsula baten barruan babestuta dago. Helburua da sistema hori guztia entregatzea injekzio kateter espezializatu bat erabilita, eta gaur egungoak bezainbesteko zauririk sortzen ez duen prozedura kirurgiko baten bidez.
Gaur egungo transplante sistemak glukosa naturalaren kontrola eskaintzen die pazienteei, urtebeterako edo bi urterako. DRIVEk proposatzen duen sistemak helburu du 5 urtera arteko kontrola ematea, β zelulen transplantearen bizitza denbora luzatuz. Sistema horrek abantaila gehigarriak emango ditu, sendagai immunosupresoreak poliki askatuz; horren eraginez, pazienteak epe luzerako bazterketaren aurkako sendagai gutxiago beharko du, eta albo-ondorioak ere murriztu egingo dira.
Azken 10 urteotan, intsulina sortzen duten zelula pankreatikoen (irletako zelula ere esaten zaie) transplanteak emaitza oso oparoak eman ditu Diabetes mellitusaren arazo larrienak sortu dituzten helduetan. “Orain, bermatu behar dugu pertsona gehiagok onura atera ahal izatea ia-ia batere inbaditzailea ez den tratamendu honetatik. DRIVE partzuergoak bioingeniaritzaren, zelulen biologiaren eta zelulen transplantearen arloko Europako ikertzaile nagusietako batzuk biltzen ditu, eta hauxe da helburu nagusia: alde batetik, mintz berriak sortzea, transplantaturiko irlak bazterketatik babesteko. Eta, bestalde, irlen transplantea egiteko, pazienteak bazterketaren aurkako sendagaiak hartzeko beharrik ez izatea, arazo asko baitaude horiekin lotuta” azaldu du Jose Luis Pedraz NanoBioCel taldeko buruak.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Diabeterako tratamendu zelular eta materialen garapena.
1 iruzkina
[…] gaixotasun autoimmune denez gauzak ez dira hain errazak. Hala ere, pankreako transplanteak eta bestelako tratamendu zelularrak ere izan […]