Diabetesa ulertzeko bidean (I): glukosaren metabolismoa

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Osakidetzako datuen arabera, Euskadin 200.000 lagunek daukate 2 motako diabetesa –biztanleriaren %11 inguruk-. Datuek azaleratzen duten bezala, diabetesa gaixotasun kroniko arrunta da eta arriskutsua, kasu askotan diabetesa diagnostikatu gabe egoten delako. Hain zuzen ere, aipatutako kopuruaren heren bat baino gehiago diagnostikatu gabeko kasuak dira. Gainera biztanleriaren beste hainbestek inguruk aurrediabetesa daukala jotzen da. Datuak elkartuta, hauxe da ondorioa: biztanleriaren %22 inguruk diabetesa dauka edo diabetesa izateko bidean egon daiteke.

Diabetesaren ugaritasuna obesitatearekin eta elikadura desegokiarekin lotzen da, kasu askotan. Horrexegatik beharrezkoa da prebentzioa eta heziketa, alegia, arazoei aurre egiteko arazoa zein den jakitea eta ulertzea. Lehen ekarpen honetan, diabetes mellitus gaixotasuna ulertzeko bidean kokatuko gara eta, horretarako, ezinbestekoa da glukosaren metabolismo normala zein den ulertzea.

Irudia: Otorduen ostean, odoleko glukosa kontzentrazioa handitzen da. Kontzentrazio hori murrizteko eta zelulek glukosa modu eraginkorrean erabiltzeko, intsulina izeneko hormona ezinbestekoa da. (Argazkia: congerdesign – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Gorputzeko zelula guztiek energia behar dute bizirauteko eta haien funtzioak betetzeko. Gure organismo zelulen energia-iturri nagusia glukosa da, beste hainbat biomolekula metabolizatu ondoren lortzen den gluzidoa. Glukosa odolaren bidez iristen da zeluletara eta, horrela, zelula batek energia behar duenean odolean dagoen glukosa zelulara sartu behar da. Hala ere, zelula gehienetan prozesu hori ez da hain sinplea. Glukosa zeluletan modu eraginkorrean sar dadin, intsulina izeneko hormona beharrezkoa da.

Intsulina hormona polipeptidikoa da, alegia, hainbat osagai txikiagoz -aminoazidoz- osatuta dago. Zehazki, berrogeita hamaika aminoazidok osatzen dute intsulina. Ornodunen kasuan, intsulinaren egitura nahiko antzekoa da eta aipagarria da, adibidez, behiaren eta gizakion intsulinaren artean hiru aminoazido bakarrik aldatzen direla. Txerrien hormonarekin alderatuz gero, aldiz, aminoazido bakarra aldatzen da. Intsulina pankrean sintetizatzen da, hain zuzen ere, Langerhans-en irlak deitzen diren zelula-multzoetan. Pankrea digestio-aparatuaren eta sistema endokrinoaren osagai den organoa da, urdailaren atzean kokatzen dena. Langerhansen irlak pankrean sakabanaturik dauden zelula hormona-jariatzaileen multzoak dira -0,3 mm-ko diametrokoak, gutxi gorabehera-. Irla horietan mota desberdinetako zelulak daude eta zelula bakoitzak hormona jakin bat jariatzen du. Alfa zelulek glukagoia jariatzen dute, beta zelulek intsulina eta delta zelulek somatostatina, esaterako.

Pankrea intsulina sintetizatzen hasten da zenbait seinale jasotzen dituenean, besteak beste, proteinak edo karbohidratoak jaten direnean. Elikagai horiek jan ondoren, odoleko glukosa kontzentrazioa handitu egiten da eta, orduan, pankrean dauden beta zelulak intsulina jariatzen hasten dira. Intsulinak hainbat funtzio ditu, baina, funtzioetako bat glukosa odoletik zeluletara sartzen laguntzea da. Zelula gehienek intsulina hartzaileak dituzte eta intsulina bertan lotzen denean, glukosa zelula barrura sartzeko kanalak ireki egiten dira. Kanal edo bide horiek glukosa garraiatzaileak izenekoak dira. Hiru glukosa garraiatzaile nagusi daude: GLUT1, GLUT2 eta GLUT4.

Lehena, GLUT1, nahiko berezia da eta intsulinarekiko independentea da. Nagusiki eritrozitoetan -globulu gorrietan- eta garuneko zenbait zeluletan dago garraiatzaile mota hori. GLUT2 pankreako beta zeluletan, gibeleko, giltzurrunetako eta hesteko zeluletan dago. Garraiatzaile honi esker, odolean dagoen glukosa detekta dezakete Langerhansen irletan dauden beta zelulek eta horrela intsulina ekoizten hasten dira. GLUT4 garraiatzaileak, aldiz, ehun adiposoan, muskuluetan eta miokardioan daude eta horiek intsulinaren menpekoak dira. Garraiatzaile horiei esker, eta intsulinaren laguntzarekin, odoleko glukosa energia behar duten zeluletara sar daiteke.

Horrexegatik dira hain garrantzitsuak intsulinaren funtzioak. Alde batetik, gorputzeko zelula gehienetara glukosa modu eraginkorragoan iristea ahalbidetzen du. Bestetik, glukogenoaren sintesiari laguntzen dio -glukogenoa organismoak glukosa metatzeko duen forma da- eta, modu horretan, energia beharrak daudenerako gorde daiteke glukosa. Horiek ez dira intsulinaren funtzio bakarrak, baina, emaitza, azken finean odoleko glukosa kontzentrazioa murriztea da. Laburtuz, bada, elikagaiak organismora sartu ostean odoleko glukosa kontzentrazioa handitu egiten da, ondoren pankreak intsulina ekoizten du eta, azkenik, intsulinari esker odolean dagoen glukosa zeluletara sartzen da eta zelulek energia iturri moduan erabiltzen dute. Zikloa itxita geratzen da, hortaz: glukosa kontzentrazioa bere balio arruntera itzultzen da berriro.

Jakina, hori guztia gertatuko da organismoaren funtzionamenduan akatsik ez badago. Tamalez, zenbaitetan gure gorputza den makinak huts egiten du, baina, hori hurrengorako utziko dugu.


Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

Diabetesari buruzko artikulu-sorta

  1. Diabetesa ulertzeko bidean (I): glukosaren metabolismoa
  2. Diabetesa ulertzeko bidean (II): metabolismoan akatsak daudenean
  3. Diabetesa ulertzeko bidean (eta III): akatsak konpontzen

6 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.