Diabetesa ulertzeko bidean (II): metabolismoan akatsak daudenean

Josu Lopez-Gazpio

Diabetesa biztanleriaren zati garrantzitsu batek jasaten duen gaixotasun kronikoa da, baina, kasu askotan gaixotasun ezezaguna da edo, hobeto esanda, ez da ondo ulertzen zer den eta zergatik agertzen den diabetesa. Diabetesa ulertzeko bidean, lehenik glukosaren metabolismoan intsulinak duen garrantzia azaldu genuen eta jarraian, erregulazio horretan akatsak daudenean gertatzen denean jarriko dugu begirada.

Irudia: Diabetesa duten gaixoentzat beharrezkoa da odoleko glukosaren kontzentrazioa kontrolatzea eta beharrezkoa denean intsulina injektatzea. (Argazkia: Steve Buissinne – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Diabetesa aspalditik ezagutzen den gaixotasuna da. Ideia bat emate aldera, kontuan izan behar dugu diabetesaren lehen deskribapena Ebers papiroan dagoela, k.a. 1.500. urtean. Erromatarrek eta greziarrek diabetesa ezagutzen zuten. Garai hartan, norbaitek diabetesa zuen edo ez jakiteko haren gernua dastatu behar zen. Horrela, greziarrak konturatu ziren zenbait lagunen gernua mellitus zela, alegia, gozoa zela -eztia, mellita hitzetik dator-. Orain badakigu zapore hori gehiegizko glukosa kontzentrazioaren kausa dela. Modu horretan, greziarrek bazekiten gaixotasun hori zutenek edari gozoak edan bezala kanporatzen zituztela gernuaren bidez -alegia, gernua ere gozoa zela- sifoi bat balitz bezala. Sifoi hitzaren baliokide greziarra diabetes da eta hortik, hain zuzen ere, diabetes mellitus.

Diabetesa duten gaixoek egarri handia izan ohi dute eta baita pixa egiteko gogo handia ere. Sintoma horietan oinarrituta, historian zehar hainbat aurkikuntza egin dira diabetesari buruz. 1679an, Thomas Willis mediku ingelesak sintoma horiek zituzten gaixoen gernuaren hondakinak dastatu zituen eta bi diabetes mota berezitu zituen: diabetes gozoa eta zaporerik gabeko diabetesa -esan beharrik ez dago nola iritsi zen ondorio horretara-. Gaur egun dakigunez, diabetes mellitusa diabetes gozoa da eta odoleko glukosa maila handiegiarekin lotzen da. Zaporerik gabeko diabetesa, aldiz, guztiz desberdina den gaixotasuna da eta hormona antidiuretikoaren gabeziarekin lotzen da. Hala ere, antzeko sintomak ematen dituenez, izen bera dute biek. Hortaz, garrantzitsua da jakitea diabetes mellitus eta diabetes zaporegabea fisiologikoki gaixotasun desberdinak direla. Oro har, diabetesa aipatzen denean lehenengoaz ari gara.

Diabetesa, beraz, pertsona baten odoleko glukosa maila behar baino gorago dagoenean izaten da. Oro har, odoleko azukre maila normaltzat jotzen da 65-100 mg/dl artean badago -baraurik- eta 140 mg/dl azpitik otordutik ordu bat edo bi igaro denean. Maila hori gaindituz gero, litekeena da pertsona horrek diabetesa izatea. Azukre kantitate handiegi horrek hainbat kalte ekar ditzake begietan, giltzurrunen funtzionamenduan, nerbio sisteman, eta abar. Oro har, epe luzera agertzen diren arazoak izan ohi dira. Diabetesa mota desberdinetakoa izan daiteke, baina, motarik arruntenak 1 mota eta 2 mota deiturikoak dira. Horien arteko desberdintasuna ulertzeko, lehenik eta behin beharrezkoa da glukosaren metabolismoaren erregulazioan gehiago sakontzea.

Glukosaren metabolismoa intsulinak erregulatzen du. Bere funtzio garrantzitsuena glukosa odoletik zeluletara igarotzen laguntzea da, modu horretan odoleko glukosa kontzentrazioa murriztuz. Era berean, intsulinak gibeleko glukogeno sintesia aktibatzen du eta prozesu horrek ere glukosa kontzentrazioa murrizten du. Alabaina, pankreak intsulinarik jariatzen ez badu, zeluletako paretetan dauden glukosa garraiatzaileak ez dira behar bezala aktibatzen eta glukosa ez da modu eraginkorrean sartzen zeluletara. Egoera honi 1 motako diabetesa deritzo, alegia, intsulina gabeziaren ondorioz odoleko glukosa kontzentrazioa murrizten ez denean.

Halere, bada beste akats mota bat glukosaren metabolismoaren erregulazioan. Zenbait kasutan, intsulina egon daiteke, bai, baina zeluletako intsulina hartzaileetan egotea akatsa -alegia, intsulinarekin lotu behar diren zelulako paretaren atalak-. Lotura hori ez bada modu egokian gertatzen, glukosa garraiatzaileak ez dira behar bezala aktibatzen eta glukosa ez da zeluletara sartzen. Bigarren arazo hori duten gaixoek 2 motako diabetesa dute, hots, pankreak intsulina jariatzen du, baina, intsulina ez da modu egokian lotzen hartzailearekin.

1 motako diabetesa haurtzaro edo nerabezaroan agertu ohi da, nahiz eta beranduago ere ager daitekeen. Oro har, mota honetako diabetesa bat-batean agertzen da eta intsulina hartuz kontrola daiteke. 2 motako diabetesa helduaroan agertzen da normalean eta horrek ez du zertan betirako izan behar; tratatzen bada, adibidez gizentasunaren aurka egiten bada, desagertu egin daiteke. 1 motako diabetesa baino askoz ere ohikoagoa da biztanlerian -%90-95- eta, orokorrean, sintomak ez dira hain agerikoak. Askotan ez du inongo minik sortzen eta denbora luzean oharkabean pasa daiteke -horrexegatik daude diagnostikatu gabeko kasu asko-. Oro har, 2 motako diabetesa elikadura desegokiaren eta kirol gabeziaren ondorioa izaten da. 1 motakoa, aldiz, ezin da era eraginkorrean saihestu. 1 motako diabetesa norberaren immunitate-sistemak pankrean dauden beta zelulak erasotzen dituenean gertatzen da eta horren arrazoiak genetikoak edo ingurunearenak izan daitezke -esaterako, gaixotasun birikoak jasan ondoren-.

Diabetes mellitusaren tratamenduari dagokionez, historian zehar hainbat modutara egin da, aurkikuntza berriek tratamendu eraginkorragoak ekartzen zituzten neurrian, baina, hori guztia hurrengorako utziko dugu.

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

Diabetesari buruzko artikulu-sorta:

  1. Diabetesa ulertzeko bidean (I): glukosaren metabolismoa
  2. Diabetesa ulertzeko bidean (II): metabolismoan akatsak daudenean
  3. Diabetesa ulertzeko bidean (eta III): akatsak konpontzen

Iruzkin 1

Eman iritzia

Diabetesa ulertzeko bidean (I): glukosaren metabolismoa - Zientzia Kaiera

[…] Diabetesa ulertzeko bidean (II): metabolismoan akatsak daudenean […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>