Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Matematika
Ben Green eta Mehtaab Sawhney matematikariek aurrerapauso garrantzitsua eman dute zenbaki lehenen ulermenean, p² + 4q² formako zenbaki lehen infinituak badaudela frogatuz, non p eta q ere lehenak diren. Emaitza hori lortzeko, Gowersen araua izeneko teknika erabili zuten, hasieran zenbakien teoriatik kanpoko eremua zela uste zena. Lehen hurbilduen kontzeptua baliatuz eta aurreko lan bateko tresna batekin konbinatuz, zenbaki lehenen sakabanatzean ezkutuan dauden patroiak hobeto aztertzea lortu dute, eta horrek bide berriak ireki ditu ikerketan. Azalpenak Zientzia Kaieran.
Eboluzioa
Taiwanen aurkitutako baraila fosil baten azterketa paleoproteomikoak frogatu du denisovar batena dela. Horrela, lehen aldiz aurkitu da denisovarren ebidentzia zuzenik Siberiatik eta Tibetik kanpo. Barailaren proteinetan denisovarrei berezko zaien aminoazido bat identifikatu dute, eta morfologikoki ere Siberiako denisovarren antzekoa da. Aurkikuntzak adierazten du denisovarrak eremu klimatiko askotarikoetan bizi izan zirela, baita Taiwan bezalako oihan epel eta hezeetan ere. Ikerketa Science aldizkarian argitaratu dute. Datuak Elhuyar aldizkarian.
Kimika
Elektroi desparekatuak dituzten molekulek propietate harrigarriak izan ditzakete: informazioa magnetikoki gorde, kolore biziak igorri eta hidrogenoa sortzeko ura “apurtzeko” prozesua erraztu. Spintronikaren bidez, molekulek elektroiaren spina iragaz dezakete, eta horrek energia-efizientzia handitu dezake. Lantanidoetan oinarritutako konposatuek informazio gehiago gorde eta argi zehatzak igor ditzakete. Molekulen diseinu egokiak funtsezkoa da aplikazio hauek posible egiteko. Informazioa Zientzia Kaieran.
Klima-aldaketa
Copernicusen eta Munduko Meteorologia Erakundearen txosten batek baieztatu du Europa dela munduan azkarren berotzen ari den kontinentea. 2024a bereziki beroa eta muturreko fenomenoz betea izan zen: ekialdea lehorragoa izan zen, eta mendebaldea, hezeagoa. Urtean zehar, bero bolada luzeak, ekaitzak eta uholdeak ugaritu ziren; horien ondorioz, 335 pertsona hil eta 400.000 baino gehiago kaltetu ziren. Ibai sarearen herenak gainezka egin zuen eta baso suteek 400.000 hektarea erre zituzten. Itsasoko tenperatura ere inoizko beroena izan zen. Klima-aldaketara egokitzea funtsezkoa dela ohartarazi dute adituek, eta neurri azkarrak eskatu dituzte arriskuak gutxitzeko. Datu guztiak Berrian.
Materialak
Penn State Unibertsitateko ikerketa batek frogatu du materialek iraganeko deformazioen oroitzapenak gorde ditzaketela, baita noranzko bakarreko indarren bidez ere. Simulazioetan ‘Hysterons’ izeneko osagai mikroskopikoak erabili dituzte memoria efektuak aztertzeko. Nahiz eta teoria klasikoek indar alternatiboen beharra azpimarratu, ikerketa berriak memoria-kodifikazioa posible dela erakutsi du baldintza jakin batzuetan. Sistema artifizial hauek etorkizunean informazioa gordetzeko eta materialen moldagarritasuna hobetzeko aplikazio berriak eskaintzeko giltza izan daitezke. Informazioa Zientzia Kaieran.
Astrofisika
Zulo beltzak grabitate izugarri handiko espazio-eremuak dira, eta bertara hurbiltzen den edozer irents dezakete, baita argia ere. Hala azaldu du Fisika Teorikoko katedradunak Bergarako Aranzadi Ikastolako ikasleek egindako “Zer dago zulo beltz baten barruan?” galderari erantzunez, Zientzia Kaierako Gazte-galderak atalean. Barruan dagoen materia protoi, neutroi eta elektroz osatua litzateke, baina fisika oraindik ez da gai barrualdeko legeak zehazteko. Espazioa eta denbora muturreraino kurbatzen dira, eta fenomeno kuantikoak, hala nola erradiazioa, azal daitezke. Zulo beltzen azterketak grabitazio uhinak bezalako baliabide berriak eskaintzen ditu unibertsoaren misteriorik handienak ulertzeko, baina hobe da ez hurbiltzea.
Egileaz:
Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.