Itsas ekosistemek giza osasunari eta ongizateari laguntzen dioten zerbitzu ekosistemiko ugari eskaintzen dituzte, baina aldi berean, giza jarduerek itsas ekosistema eta zerbitzu asko mehatxatzen dituzte. Hondakin-urak edota hiriko isurketak araztegietan tratamendu eraginkorrik gabe itsas ingurunera zuzenean isurtzen direnean, eutrofizazioa edo bainatzeko debekua eragin dezakete.
Azken urteetan, Gernikako araztegia zaharkitua geratu da eta eraginkortasun txikiaren ondorioz, Oka estuariora mantenugaien eta bakterio fekalen ekarpena handitu egin da uraren kalitatea degradatuz, bereziki estuarioaren barrualdean. Mantenugai gehiegi edukitzeak algak ugaritzea, bakterioak gehitzea, oxigeno-kontzentrazioa eta gardentasuna gutxitzea ekar ditzake, baita biotari mehatxua egitea ere. Gainera, hondakin-uretan egon daitekeen kutsadura mikrobiologikoak inguruko hondartzen ur-kalitatean ere eragina izan dezake. Horregatik, saneamenduan ahaleginak egiten ari dira mantenugaien ekarpenak kudeatzeko eta kostaldeko baliabideak lehengoratu eta babesteko. Honela, 2015ean, hondakin-urak tratatzeko Bermeon araztegi berri bat jarri zen martxan, Lamiaran araztegia hain zuzen ere, edukiera handiagokoa, eta 2021ean Urdaibaiko udalerrietako hondakin-ur ia guztiak estolderia-sistemara konektatu ziren.

Artikulu honetan, azken urteetan, Oka estuarioko ur-kalitatea denboran eta espazioan zehar saneamenduarekin batera nola aldatzen den aztertzen da. Lan hau egiteko erabili diren datu hidrografikoak Ur Agentziak (URAk) Europako Uraren Esparru Zuzentaraua aplikatzeko egiten duen «Euskal Autonomia Erkidegoko trantsizioko eta kostaldeko uren egoera ekologikoaren jarraipen-sarea» lanetik atera dira. Beste alde batetik, bainatzeko uren kalitatea aztertzeko datuak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Europar Batasunak bainatzeko urei buruzko zuzentaraua betetzeko egiten duen eta eskuragarri jartzen dituen bainu-guneen zaintza sanitariotik lortu dira.
Horretarako, mantenugaien kontzentrazioak (amonioa eta nitratoa), “a” klorofila eta aldagai ozeanografiko nagusiak (gazitasuna, tenperatura eta oxigeno-asetasuna) hiru hilean behin hartu dira itsasgoran eta itsasbeheran estuarioan zehar kokatzen diren hiru laginketa-puntuetan, 1995 eta 2021 bitartean. Honez gain, bakterio fekalak (Escherichia coli eta hesteetako enterokokoak) hamabostean behin aztertu dira estuarioko lau hondartzetan (Laida, Laidatxu, Toña eta San Antonio) 2008-2021 bainu-denboraldian.
Estuarioren barruko laginketa-puntutik kanpo laginketa-punturaino gradiente bat ikusten da. Hau da, “a” klorofila eta mantenugaien kontzentrazioen batez besteko balioak handiak izan dira estuarioaren barrualdean eta gutxituz joan dira estuarioaren kanpoalderantz. Honek adierazten du barrualdeak urtetan zehar jaso izan dituela araztegian sortzen diren jatorri antropikoko mantenugaietan aberatsak diren urak eta baita lurreko ekarpenen diluzio-gradientea gazitasun terminoetan islatzen dela. Oxigenoak berriz, kontrako joera jarraitu du eta balio altuagoak azaldu dira estuarioaren kanpoaldean barrualdean baino. Izan ere, estuarioaren kanpoaldean itsasaldiek eragindako fluxu berriaren efektuz, ura oxigenatuagoa azaltzen da.
Bestalde, saneamenduak aurrera egin ahala, estuarioko uraren kalitate fisiko-kimikoa hobetu egin da, bereziki azken urteetan mantenugaien eta oxigenoaren kalitate-helburuak bete izan direnean. Bainatzeko urei dagokienez, barruko hondartzak (San Antonio eta Toña) zentsu ofizialetik kendu ziren 2016. urtean, azken lau urteetan kalitate nahikoa ez erakusteagatik, baina 2021ean San Antonio hondartza berriro sartu da bainatzeko guneen zerrendan. Laidatxu hondartzaren kutsadura mikrobiologikoa murriztuz joan da ur-hondakinak estolderia-sarera konektatu ahala. Laidako hondartzak, bai ibaiaren aldean zein itsasoaren aldean denboraldi osoan zehar bainatzeko ur kalitate ona edo oso ona aurkeztu du.
Lehenengo hobekuntza-seinale hauek adierazten dute neurri zuzentzaileak eraginkorrak izaten ari direla mantenugaien kudeaketan eta kostaldeko zerbitzuen lehengoratze eta babesean. Beraz, hondakinak kudeatzeko jardunbide egokien bidez mantenugaien kutsadura murrizteak osasun publikoa hobetzen lagunduko du, batez ere uraren kalitatean eragin positiboa izanik.
Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 46
- Artikuluaren izena: Oka estuarioko ur-kalitatearen hobekuntzaren lehen zantzuak saneamenduaren ondorioz.
- Laburpena: Euskal Herrian, hirietako hondakin-uren isurketek eutrofizazio arriskua eta bainua hartzeko debekua eragin dituzte, bereziki Okaren estuarioaren barrualdean. Horregatik, 2015ean, hondakin-urak tratatzeko Bermeon araztegi berri bat jarri zen martxan, edukiera handiagokoa, eta 2021ean Urdaibai eskualdeko hondakin-ur ia guztiak estolderia-sistemara lotu ziren. Lan honen helburua uraren kalitatearen espazio- eta denbora-joerak saneamenduaren fase ezberdinekin zehaztea izan zen. Horretarako, mantenugaien kontzentrazioak eta aldagai ozeanografiko nagusiak hiru hilean behin neurtu ziren estuarioan zehar kokatutako hiru laginketa-puntuetan, 1995 eta 2021 bitartean. Horrez gain, 2008-2021 bainu-denboraldian, bi astetik behin, bakterio fekalak aztertu ziren estuarioko lau hondartzetan. Estuarioaren barruko laginketa-puntutik kanpo laginketa-punturaino, gradiente bat ikusten da, mantenugai guztien kontzentrazioaren batez besteko balioetan, baita oxigenoaren eta klorofilaren balioetan ere. Bestalde, saneamenduak aurrera egin ahala, estuarioko uraren kalitate fisiko-kimikoa hobetu egin dela ikus daiteke, bereziki aztertutako azken urteetan. Bainatzeko urei dagokienez, barruko hondartzak zentsu ofizialetik kendu ziren 2016. urtean, azken lau urteetan kalitate nahikoa ez erakusteagatik; baina 2021ean, hondartza horietako bat berriro sartu zen bainatzeko guneen zerrendan. Lehenengo hobekuntza-seinale horiek adierazten dute neurri zuzentzaileak eraginkorrak izaten ari direla, bai mantenugaien sargaien kudeaketan, baita kostaldeko zerbitzuen lehengoratze eta babesean ere.
- Egileak: Izaskun Zorita, Joana Larreta, Ainhize Uriarte eta Oihana Solaun
- Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 129-150
- DOI: 10.1387/ekaia.24631
Egileez:
Izaskun Zorita, Joana Larreta, Ainhize Uriarte eta Oihana Solaun AZTI ikerketa-zentroko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.