Kutsatzaileak euskal estuarioetan

Ziortza Guezuraga
Antiinflamatorioak, hipertentsiboak, kafeina, gozagarri artifiziala eta korrosio inhibitzaileak izan dira presentzia handiena izan dutenak.

1. irudia: Estuarioetara egiten diren isurketen 41 konposatu organikoren denbora-banaketa eta banaketa espaziala aztertu dira.

2016ko negutik 2017ko negura 41 konposatu organiko kutsatzaileren denbora-banaketa eta banaketa espaziala aztertu du ikerketak hiru estuarioetan: Bilbon, Plentzian eta Gernikan. Iturriak ere identifikatu dira: Bilboren kasuan bi (ur araztegia eta portu aktibitateak) eta bai Plentziaren bai Gernikaren kasuan ur araztegiak izan dira iturri nagusiak.

Goranzko joera duten 41 kutsatzaileen aldibereko analisiak egiteaz gain, POCIS-en kalibrazioa ere egin da lanean. Analizatutako 41 kutsatzaileetatik 35 gutxienez isurketa lagin batean topatu dira eta 36 gutxienez estuario lagin batean. Bestalde, kafeinaren presentzia, tratatu gabeko etxeko hondakin-uren presentziaren indikatzailea dena, askoz ere altuagoa izan da Gernikako ur araztegietako isurketa puntuetako laginetan Gorlizekoetan eta Galindokoetan baino.

Ikertutako kutsatzaileen banaketari esker, bai espazioari bai denborari dagokionez, ur araztegietako hondakin urbanoak iturri probable gisa identifikatu izan dira. Honekin batera, isurketa hauen markatzaileak konfirmatu dira, monitorizatzen ez diren isurketak identifikatzeko. Horretaz gain, laginketa pasiboen erabilgarritasuna azpimarratu du ikerketak, laginketa aktibo bidez neurtuko ez liratekeen kutsatzaileak detektatu baitira.

Kafeina eta OBT, detektatuenak

Detekzio frekuentziarik altuena dituztenak kafeina eta OBT korrosio inhibitzailea dira. Aztertutako lagin guztietan topatu da kafeina, maila ezberdinetan. Industrialki korrosio inhibitzaile gisa edota detergenteetan aurki daitekeen OBT, bere aldetik, laginen %97an izan du presentzia.

PFOSak ere detektatu dira, nahiz eta 2006tik konposatu honen merkaturatzea eta erabilera murrizten duen europar direktiba indarrean dagoen.

Bilboko estuarioan banaketa ezberdina topatu da azalerako eta hondoko uretan. Honek bi iturri independenteren presentzia aditzera ematen du. Azaleko uretan Galindoko ur araztegiko isurketa puntutik hurbil dituzte kontzentrazio metatu altuenak. Hondo uren kasuan, bere aldetik, estuarioaren ahotik hurbil dute kontzentrazio metatu altuenak, portu industriala, marina eta itsasontziak dauden tokitik hurbil.

Plentziako estuarioan ur araztegiko isurketak zuzenean itsaso zabalera doaz, beraz, honen eragina ez da adierazgarria. Botiken eta, bereziki karbamazepina bezalako ur araztegiko konposatu markatzaileen presentziak, monitorizatu gabeko ur araztegi isurketa iturri baten presentzia iradokitzen du.

Puntu kritikoa identifikatu da Urdaibaiko estuarioan, ur araztegi isuriak jasotzen dituena. Puntu horretatik estuarioan gora kafeina eta OBT baino ez dira detektatu.

Estuarioen ikerketa

Bereziki sentikorrak diren eremuen monitorizazioa, estuarioena kasu, erronka bilakatu da azkenaldian, analisien konplexutasuna dela eta, batetik, eta izan ditzaketen efektuengatik, bestetik. Aztarna mailan gero eta aztergai gehiago izatea, estuarioen dinamismo fisiko-kimikoa eta transformazio produktu ezezagunak dira, besteren artean, analisien konplexutasunari eragiten dioten faktoreak. Efektu posibleei dagokienez, antibiotikoei erresistentzia, disrupzio endokrinoa eta mutagenizitatea dira nagusiak.

Esan bezala, hiru estuariotan egin dira analisiak:

  • Bilboko estuarioa. 15 km-ko luzera eta, bataz beste 100 metroko zabalera du. Sakonera 2 metrotik 30 metrotara doa.
  • Plentziako estuarioa. Mareak 2,5 m-ko aldaketa sorrarazten du eta marea baxuan estuarioaren %80 agerian geratzen da.
  • Urdaibaiko estuarioa. 11,6 km-ko luzera eta 1 km-ko zabalera du eta Biosfera Erreserba da 1984tik.

Nekazaritzan, industrian, hirietan erabiltzen diren 41 kutsatzaile aukeratu ziren, hainbat motatakoak: gozagarri artifizialak, korrosio inhibitzaileak, hormonak, pestizidak, botikak…

Bi laginketa metodo baliatu dira: laginketa aktiboa eta POCIS bidezko laginketa pasiboa. Bost laginketa kanpaina egin ziren 2016ko otsailetik 2017ko otsailera: 2016ko neguan, 2016ko udaberrian, 2016ko udan eta 2017ko neguan. Laginketak marea altuan egin dira, azaleko uretan (50 cm-ra) eta sakonera uretan (hondotik hurbil). Estuario bakoitzeko hainbat puntutan egin dira laginketak eta baita ur-araztegietako isurketa puntuetan.

2. irudia: Ikertutako estuarioak (a), Bilboko estuarioetako laginketa puntuak (b), Plentziako estuarioko laginketa puntuak (c) eta Urdaibaiko estuarioko laginketa puntuak (d). Puntu beltzak laginketa aktiboa dira, gorriak ur-araztegiko isurketa puntuak eta urdinak laginketa pasibo puntuak.

POCIS laginketa pasiboari dagokionez, 2017ko martxoan-apirilean 14 egunetan zehar birritan kokatu ziren hiru estuarioetan, ur-azaletik 50-100 cm-ra. Emaitzei esker, gainera, monitorizazio tresna gisa POCISen erabileraren efektibitatea egiaztatu izan da, metodo honen bidez monitorizatutako 21 kutsatzaileetatik lau POCISen bidez soilik detektatu izan baitira.

Aztertutako 41 kutsatzaileen banaketa eta kontzentrazioa analizatzeaz gain, laginketa pasiboaren erabileraren baliagarritasuna egiaztatu da ikerketan.

Erreferentzia bibliografikoa:

Mijangos, Leire, et al. (2018). Occurrence of emerging pollutants in estuaries of the Basque Country: Analysis of sources and distribution, and assessment of the environmental risk. Water Research, 147. DOI: https://doi.org/10.1016/j.watres.2018.09.033

———————————————————————–

Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.

——————————————————————

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>