Adimen artifizialaren erabilera bizitzako esparru askotan ematen ari da. Ingeniaritza arloan asko zabaldu diren teknikak ditugu eta zehatzago Sistemen Ingeniaritza eta Automatika eremuan eman direnak aztertzen dira Ekaia aldizkarira aurkeztutako lan honetan.
Automatika eta Kontrolaren arloan erabiltzen diren adimen artifizialeko teknika hauen artean, sistema adituak, logika lausoa, algoritmo ebolutiboak eta neurona-sare artifizialak aurkezten dira. Honez gain, hauen nondik-norakoak eta aplikazioak aztertzen dira.

Sistema Adituak 70. hamarkadan hedatu zen teknika bat da, non prozesuei buruz izan daitekeen ezagutza aditua erregela bidez adieraztea den helburua. Erregela hauek prozesuan suertatu daitezkeen gertakizunei erantzuna eman ahal izateko sortzen dira. Ezagutza hau giza adituena izan ohi da, eta behin erregela bidez adieraziz gero ezagutza oinarria sortzen da. Ezagutza oinarri honen eta prozesuaren datuak kontuan hartuz, erabakiak automatiza daitezke. Modu honetan, giza adituaren ezagutza ez da galtzen eta errepikatzeko aukera dago. Honen adibide gisa, ur depositu baten tenperaturaren kontrola aurkezten da, non adituaren ezagutzak adierazten digun 50ºC baina gutxiago baditugu berogailua piztu beharko dela eta berau itzali baldin eta 75ºC pasaz gero.
Logika lausoak sistema adituen oinarriak erabiltzen ditu (hala nola; erregela bidezko ezagutza). Erregela hauek boolearrak izan ordez, multzo lausoak erabiltzen dituzte, modu honetan kontzeptu zehaztugabeak adierazteko (adibidez, zer da prozesu batean tenperatura altua edo baxua izatea?). Logika lausoa prozesuen kontrolagailu eta prozesuen eredu gisa erabili ohi da. Ur deposituaren tenperatura kontrolarekin jarraituz, tenperatura neurketa lausotze prozesu batetik pasatzen da, eta zenbakizko datua tenperatura baxua edo altu gisa aztertzen da. Nolabait, gizakiok erabil dezakegun hitz egiteko modu bati gerturatzen da logika lausoa.
Algoritmo ebolutiboak naturan ematen den eboluzio biologikoari begira dagoen teknika multzoa da, bertan sailkatu ditzakegu algoritmo genetikoak, partikula-multzo bidezko optimizazioa edo inurrien kolonia bidezko optimizazioa. Teknika multzo hauek prozesuetan eta hauen kontrolean agertzen diren optimizazio arazoei aurre egiteko erabiltzen dira, baita diseinu atalean ere, optimizazio arazo konplexuei aurre egiteko aurkezten duten onuragatik.
Azkenik, gaur egun oso ezagunak diren neurona-sare artifizialak aurkitzen dira. Hau ere naturari begira dagoen teknika bat da, non giza burmuinak dituen neuronak eredu gisa erabiltzen dituen informazioa prozesatu ahal izateko. Hauen potentziala askatzeko, sare batean elkartzen dira neuronak eta honela daukaten prozesamendu ahalmena biderkatzen da. Sare hauek prozesuen datu eta informaziotik ikas dezakete, eta lortutako informazioa modu ezberdinetara aplika daiteke, adibidez ereduztapenean, kontrolean, etab.
Hemen adierazi diren teknika ezberdinak badute beraien erabilera kontrol esparruan, baina ez dira bakarrak. Teknika esanguratsuenak eta hauen aplikazioak aurkeztu nahi izan dira Ekaia aldizkarian argitaraturiko lanean. Honez gain, teknika bakoitzean aurkitu daitezkeen ikertzaile garrantzitsuenetarikoak ere izendatzen dira irakurleak teknika konkreturen baten ildoa jarraitu nahiko balu.
Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ale berezia Adimen artifiziala
- Artikuluaren izena: Adimen Artifizialaren eragina kontrolaren esparruan.
- Laburpena: Adimen artifizialak kontrolaren esparruan duen eraginari buruzko ikuspegi bat eman nahian sortu da lan hau. Kontrol-teknika klasikoak alde batera utzi gabe, kontrol adimentsua zer esparrutan zabaltzen den aztertu dugu, horretarako ikuspegi akademikoa eta industriala uztartuz. Adimen konputazionaleko zenbait teknika azaldu, eta haien aplikazio-esparrua aztertu dugu, kontrol-arazoak ebaztean egiten den aplikazioaren adibide argigarriak emanez. Gaur egun, adimen artifizialean oinarritutako aurrerapen teknologikoen hazkunde esponentziala nabarmena den unean, horrek ingeniaritzan eta konputazioaren zientzian duen eragina azaldu dugu.
- Egileak: Mikel Larrea Sukia, Aritz Etxebarri Coello, Eloy Irigoyen Gordo eta Lucia Iturbe Rey
- Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 203-227
- DOI: 10.1387/ekaia.26345
Egileez:
Mikel Larrea Sukia eta Aritz Etxebarri Coello EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako ikertzaileak dira.
Eloy Irigoyen Gordo eta Lucia Iturbe Rey EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.