Eva Nogales: «Biologia molekularra txundigarria da»

Ikertzen dut

Eva Nogales (Colmenar Viejo, 1965) ikertzailea da Howard Hughes Institutu Medikoan, Biokimika eta Biologia Molekularrean katedraduna (Bekeleyko Kaliforniako Unibertsitatea) eta zientzialari seniorra Lawrence Berkeley National Laboratory instituzioan. Nazioarteko liderra da bere esparruan, kriomikroskopia elektronikoa erabiltzen baitu zelulen osagaiak maila atomikoan aztertzeko. Bere lanari esker, minbizia eta beste gaixotasun batzuk tratatzeko garrantzitsuak diren funtzio zelularraren alderdi batzuk deskubritu ditu. Beste aintzatespen askoren artean, Bizitza eta Medikuntzaren Zientzietako Shaw saria jaso zuen 2023an.

Eva Nogales
Irudia: Eva Nogales ikertzailea. (Argazkia: Cmichel67 – CC BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Zein da zure ikerketa arloa?

Biofisika molekularraren esparruan lan egiten dut. Zehazki, biologo estrukturala naiz, eta kriomikroskopia elektronikoa erabiltzen dut konplexu makromolekularrak ikertzeko. Alde batetik, mikrotubuluak eta zelula banaketan eta neuronetan materialak garraiatzeko prozesuan haiekin interakzionatzen duten beste osagai zelular batzuk aztertzen ditugu. Eta, beste alde batetik, gene adierazpena transkripzioaren eta gene-isiltzearen mailan erregulatzen duten proteinen konplexuak ikertzen ditugu.

Zergatik aritzen zara arlo horretan?

Biologia molekularra txundigarria da. Hasieran fisika ikasi nuenez, niretzat biologia molekularra da modurik egokiena zelularen bizitzarako eta organismorako oinarrizkoak diren prozesu biologikoak maila atomikoan ulertzeko, horien funtzionamenduaren atzean dauden kimika eta fisika ulertzearen bidez.

Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?

Beti aipatzen ditut institutu garaiko matematika, fisika eta biologiako irakasleak; emakume inspiratzaileak ziren, bai eta profesional bikainak ere.

Nire karreran zehar, pertsona askok izan dute eragina nigan; adibidez, Mina Bissellek, Lawrence Berkeley National Laboratoryko biologo zelularrak —laborategi horretan egin nituen doktorego ondoko ikasketak—. Bisellek moldeak hautsi zituen bularreko minbiziaren ikerketan, eta sostengu handia izan da emakumezko zientzialari gazteentzat. Eta egungo erreferente bat Berkeleyko nire kide eta lagun Jennifer Doudna da, egunez egun erakusten baitu oso urrun irits gaitezkeela zientzian eta teknologian. Kimikako Nobel saria irabazi zuen CRISPR/Cas9 garatzeagatik edizio genetikorako tresna gisa.

Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?

Milaka gauza! Interes handia dut mikrotubuluek funtzio zelular asko integratzeko duten gaitasunean, gainazalean elkarrekin komunikatzen diren faktoreekiko interakzioen bidez. Gainera, horrek lagundu egiten du zitoeskeletoak gure kromosomak jariatzeko duen rolean, zelula bat banatzen den bakoitzean, edo neuronen arteko sinapsirako beharrezkoa den garraio intrazelularra ahalbidetzen duen axoiaren antolakuntzan. Halaber, interesatzen zait gure genomaren irakurketak erregulatzeko duen modua, histonen itzulpen ondoko aldaketaren mailan, transkripzioari mesede egiteko, edo ez. Erregulazio horretarako, proteinen konplexu handien jarduera behar da, eta horiek domeinu funtzional trukagarriak dauzkate. Bada, ulertu nahi nuke nola eboluzionatu zuten, eta nola funtzionatzen duen horrek guztiak modu integratuan.

Zer aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?

Literatura zientifiko asko irakur dezatela; martxan jar daitezela laborategietan sartu eta esperientzia lortzeko, albait arinen; inspiratzen dituzten ikertzaileez ingura daitezela, haiengandik ikasteko; eta zientzia egiteko modu bat baino gehiago ikas ditzatela, ahal bada, bidaiatuz eta herrialde ezberdinetan lan eginez.


Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko martxoaren 15ean: Eva Nogales: «La biología molecular es fascinante».

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.


Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.