Itziar Alkorta Calvo: antibiotikoekiko erresistentziaren aurkako ikertzailea eta dibulgatzailea

Ikertzen dut

Itziar Alkorta Euskal Herriko Unibertsitateko Biokimika eta Biologia Molekularra Saileko irakaslea da. Doktorego ondoko egonaldi bat egin zuen Berkeleyko Unibertsitatean, eta han ikasi zituen biologia molekularraren oinarriak diziplina hori garatzen hasten ari zenean. Aditua da antibiotikoekiko erresistentziaren ikerketan. Bere lanaren xedea da ulertzea nola trukatzen dituzten bakterioek antibiotikoekiko erresistente egiten dituzten geneak, bereziki konjugazio bakteriano izeneko prozesuaren bidez. Eremu horretan, aitzindaria izan da truke hori ahalbidetzen duten proteinetako baten —TrwB— azterketan. Proteina horren egitura eta funtzioa karakterizatzen lagundu du, eta estrategiak garatu ditu horren ekintza blokeatzeko, antibiotikoekiko erresistentzien barreiadura kontrolatzeko helburu nagusiarekin, eta ez soilik ospitaleko bakterioen artean, baita nekazaritzako eta abeltzaintzako ekosistemetan, hiriko ekosistemetan eta naturakoetan ere.

Bere ikertaldea zuzentzeaz eta ingurumenean antibiotikoekiko erresistentziari buruzko sare bat koordinatzeaz gain, Itziarrek eskualde, nazio eta Europa mailan finantzatutako proiektu zientifiko ugari ere zuzendu ditu. Halaber, kargu akademiko garrantzitsuak izan ditu: Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanordea eta Biofisika Institutuko zuzendaria izan da, eta, egun, EHUko Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorren (SGIker) zuzendaria da.

Dibulgatzaile zientifiko gisa, zientzia hurbildu die publiko guztiei hitzaldi, bakarrizketa, elkarrizketa, hedabide, bai eta liburu bat argitaratzearen bidez ere: Mensajeras del apocalipsis: Las bacterias multirresistentes a los antibióticos (Apokalipsiaren mezulariak: Antibiotikoekiko multirresistenteak diren bakterioak). Irakaskuntzarekiko ere konpromiso irmoa du, eta puntuaziorik onenak eskuratu ditu arlo horretan.

Itziar Alkorta
Irudia: Itziar Alkorta Calvo ikertzailea. (Argazkia: Itziar Alkortak emana).

Zein da zure ikerketa arloa?

Gure ikertaldean bakterio multirresistenteengatiko infekzioen areagotzeak eta horren ondorioek eragiten duten arazoa lantzen dugu, One Health ikuspegitik (giza osasuna, animalien osasuna eta ingurumenarena aintzat hartuta). Horretarako, nagusiki, hiru ikerketa lerro dauzkagu. Alde batetik, bakterioek erresistente egiten dituen informazio genetikoa transferitzeko mekanismo molekularra ikertzen dugu, konjugazio bakterianoa. Gure helburua da prozesu horretan gako den proteinetako bat inhibitzea, eta, ondorioz, bakterioen arteko erresistentzien barreiadura kontrolatu ahal izatea. Horri esker, bakterio multirresistenteengatiko infekzioen areagotzea kontrolatu ahalko genuke. Beste alde batetik, erresistentziak ingurumenean barreiatzeko arrisku puntuak ikertzen ditugu. “Puntu bero” horietan, jarduera antropogenikoak presio ekologikoa eragin ohi du bakterioengan, eta horrek erresistentzia geneak partekatzera behartzen ditu. Ondorioz, bakterio erresistenteak areagotzen dira ingurumenean. Bakterio horiek, patogenoak ez diren arren, baldintza zehatzetan informazioa partekatu dezakete bakterio patogenoekin, eta horrek larriagotu egiten du arazoaren alderdi klinikoa. Azkenik, erabiltzen ditugun antibiotikoak eraginkortasuna galtzen ari direnez, nanoteknologia erabiltzen dugu antibiotikoak kapsulatzeko eta horien propietate terapeutikoak hobetzeko. Zehazki, nanopartikula lipidiko solidoak erabiltzen ditugu horretarako.

Zergatik aritzen zara arlo horretan?

Ikerketa zoragarria da. Galderaz beteriko mundu batean murgiltzea da, non horien erantzunek galdera gehiago plantearazten dizkizuten. Eta apurrak jasotzen zoazen bide horretan, ezagutzak ere aurrera egiten du, eta, haren eskutik, baita gizartearentzako onurek ere. Guk antibiotikoekiko erresistentziaren barreiaduran eragina duten faktoreak aztertzen ditugu. Bide horri jarraikiz, ezagutza eta soluzioak ekar ditzakegu etorkizunera begira (izan ere, ikerketaren bidea luzea da), infekzio larriak dituzten pertsonen bizitza hobetu ahal izateko. Eta, horrez gain, ezagutza hori parteka dezakegu gizarteari zuzendutako dibulgazioaren bidez, jendeak erabaki hobeak hartu ahal izan ditzan. Arrazoi horiek guztiak garrantzi handikoak dira, eta horiei esker da ikerketaren bidea arinagoa, erabilgarri sentitzen garelako.

Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?

Ez naiz mitomanoa; nahiago dut hurbil dauzkadanei eta izan ditudanei begiratzea. Guztiengandik ikasi ditut, batez ere, ondo egindako lanarekiko gustua, pertseberantzia eta irmotasuna lanean eta baita, emakumeen kasuan, ikertaldeetan beren rola aldarrikatzea ere.

Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?

Estrategia berri eta gauzagarriak ekarri nahi nituzke, kontrolatzeko, eta, posible balitz, murrizteko antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioen agerpena. Eta horrez gain, gure emaitzek lagun dezatela, dibulgazio zientifikoaren bidez, gizarte libreago bat eraikitzen.

Zer aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?

Pasioz lan egin dezatela. Horrexegatik da hain garrantzitsua ondo hautatzea ikerketa arloa. Eta beren karrera zientifikoek aurrera egin ahala, lorpen pertsonalak bilatzeaz gain, besteen bizitza hobetzea lortzeak berekin dakarren emozioa ere bila dezatela. Hala ere, ohartaraziko nieke lanbide gogorra dela: sakrifizio pertsonal handiak egin behar dira, eta horretarako borondate etenezina behar da; izan ere, ez da erraza askotan ikerketaren egunerokoari datxekion frustrazioari aurre egitea.


Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko maiatzaren 10ean: “Itziar Alkorta Calvo: investigadora y divulgadora contra la resistencia a antibióticos

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.


Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.