Oloaren atlas genomikoa

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Landare baten arrakasta bere kode genetikoaren menpe dago. Oro har, landarearen dibertsitate genetikoa handiagoa den heinean, handiagoa izango da inguruneko aldaketen aurrean duen moldagarritasuna, eta horrek ondorio positiboa izango du laborantzaren errendimenduan. Hala ere, zaila da dibertsitate genetiko handiko landareen genoma osorik ikertzea. Izan ere, dibertsitatea handitu ahala, handitu egiten baitira kode genetikoaren tamaina eta konplexutasuna. Hori da oloaren kasuan gertatu izan dena. Orain, nazioarteko ikertalde batek oloaren lehen atlas genetikoa aurkeztu du Nature eta Natrue communications aldizkarietan argitaratutako artikulu banatan.

Historikoki, gariak eta garagarrak oloak baino garrantzi handiagoa izan dute gramineoen artean. Landare hauek uzta handiagoak eta egonkorragoak eman izan dituzte klima eta lur mota askotan, eta, hori dela eta lehenetsi izan dira nekazaritzan. Gainera, landare horien uztetatik lortutako azpiproduktuek izugarrizko garrantzia izan dute historian zehar, okintzan eta garagardoaren ekoizpenean erabiltzen baitira. Hala ere, azken hamarkadetan, oloak gero eta garrantzi handiagoa bereganatu du mundu osoko gizarteetan.

Oloaren
Irudia: olo heldua. (Argazkia: Edyta Paczos-Grzęda / University of Life Sciences, Lublin)

Osasunerako onuragarriak diren propietate asko ditu oloak; zuntza ematen du, kolesterol-mailak murrizten ditu eta ez du glutenik. Hori dela eta, azken urteetan ikertzaile askoren interesa erakarri du landare honen konposizio genetikoak. Oloaren genoma zehaztasun handiz ezagutzeak eragin positibo zuzena izan dezake nekazaritzan, hobekuntza genetikoan eta osasunean. Hala ere, oloaren kasuan, erronka handia da kode genetikoa bere osotasunean ezagutzea. Izan ere, oloak hiru arbaso ezberdinetatik datozen sei kromosoma-joko ditu bere genoman eta, gaur egun arte, ez zegoen olo banako guztien gene-multzo osoa azaltzen zuen ikerketarik.

Orain, nazioarteko ikertalde batek oloaren lehen ‘pangenoma’ eta ‘pantranscriptoma’ argitaratu ditu Nature aldizkarian. Lehenengoa landare baten aniztasun genetiko osoa erakusten duen mapa bat da. Bigarrenak, berriz, erakusten duena da zer gene dauden aktibo landareen hazi, sustrai edo hostoetan garapen-etapa ezberdinetan. Bien artean oloaren gene-adierazpenaren lehen atlas orokorra osatzen dute.

Beste gene batzuen desagerpena estaltzen duten gene berriak

Ikertzaileek genomaren sekuentziaziorako abangoardiako teknologiak eta laginketa zabalak bateratu zituzten. Hain zuzen ere, 33 olo-leinuren 6 ehunen kode genetikoak ikertu zituzten landarearen garapen-etapa ezberdinetan. Analisiaren helburu nagusia geneetan gertatzen diren egitura-aldaketak antzematea zen. Hau da, kromosomen inbertsioak (hautsitako sekzioak) edo translokazioak (birkokatutako sekzioak) bilatzea.

Ikertzen ari zirela, zientzialariek aurkitu zuten oloaren arbaso baten ondorengoak gene asko galdu dituela beste bietatik etortzen direnekin alderatuta. Ordea, olo-leinu honen existentzia ahalbidetzen duen nolabaiteko balantze genetiko bat egon behar zen eta, ikerketaren lehen autorea den Raz Avni-k azaltzen duen bezala, “landareak emankor izaten jarraitzen du, itxuraz, beste kopia genetiko batzuek lehen desagertutako geneei dagozkien lanak hartzen dituztelako beren gain”.

Gainera, ikertzaileek oloaren laborantzan eragin zuzena izan dezakeen aurkikuntza egin zuten: “Genomaren egitura-aldaketak loratze-denbora kontrolatzeaz arduratzen diren geneei eragiten diela ere aurkitu dugu”, adierazi du Martin Mascher-ek, IPK Leibniz Institutuko ikerketaburuak. Lortutako emaitzak, laborantzaren errendimendua hobetzeaz gain, atea irekitzen dio olo-laborantza ingurumen ezberdinetara aldaketa genetikoz moldatzeko aukerari.

Olo basatiaren eta hazitakoaren arteko desberdintasun genetikoak

Nazioarteko ikertalde berak olo basatiaren eta hazitakoaren egitura genetikoak ikertu zituen aldi berean, Nature Communications aldizkarian argitaratzen den artikulu batean azaltzen den bezala. Helburu nagusia ikertzea zen zer aldaketa genetiko iragaten dituen olo-populazio bakoitza hazten den eskualdeen ezaugarrietara egokitzeko. Horretarako, sekuentziazio bidezko genotipifikazioa erabili zuen ikertaldeak. Metodo hori erabiliz, ikertzaileek milaka laginetako kode genetikoetan aldaketak gertatu ote ziren aztertu zuten. Lortutako emaitzek erakusten dute nola oloaren genomak birmoldaketa-prozesuak jasaten dituen inguruneko eskualdeetara egokitzeko, eta horrek handitu egiten du oloaren dibertsitate genetikoa. Izan ere, Mascher-en hitzetan, “egitura kromosomiko bakoitzak zeregin garrantzitsua izan dezakete olo-lerro desberdinen agerpenean. Gure ikerketak bai olo basatietan bai hazitakoetan populazio genetiko ezberdinak daudela frogatzen du”.

Hain zuzen ere, ikertzaileek olo basatiak (Avena sterilis) lau populazio genetiko dituela aurkitu zuten, haietako batzuk mediterraneoko eta Ekialde Hurbileko eskualde espezifikoei lotuta. Gainera, laborantzan erabiltzen diren ohiko bi olo motatan (Avena sativa eta Avena byzantina) beste hainbat azpipopulazio genetiko aurkitu zituzten. Horrela, bildutako informazio guztiarekin oloaren lehenengo atlas genetikoa osatu dute ikertzaileek; “Oloaren pangenoma argitzeak, teknika genomiko modernoen potentziala erakusteaz gain, eragin zuzena izan dezake osasunean, nekazaritzan eta hobekuntza genetikoan“, dio, amaitzeko, IPK-ko ikertzaileak.

Erreferentzia bibliografikoak:

Avni, Raz; Kamal, Nadia; Bitz, Lidija; et. al. (2025). A pangenome and pantranscriptome of hexaploid oat. Nature, 1–9. DOI: 10.1038/S41586-025-09676-7

Bekele, Wubishet A.; Avni, Raz; Birkett, Clayton L. et. al. (2025). Global genomic population structure of wild and cultivated oat reveals signatures of chromosome rearrangements. Nature Communications, 16, 9486, 1–14. DOI: 10.1038/S41467-025-57895-3


Egileaz:

Oxel Urra Elektrokimikan doktorea da, zientziaren eta artea uztartzen duten proiektuetan aditua, egun zientzia-komunikatzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.