Medikuntza birsortzailearen hastapenak: John Gurdon, igelekin klonazioa landuz

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Medikuntza Birsortzaile terminoa (Regenerative medicine) mende honen hasieran hasi zen erabiltzen zelulen biologia, ehun-ingeniaritza eta terapia genetikoa biltzen dituen zientzia arloa definitzeko. Teknika eta teknologia berriez baliatuz, haren helburua da gaixotasunak, traumatismoak edo sortzetiko akatsek eragindako kalteak sendatzea. Medikuntza birsortzaileak gorputzaren konponketa-mekanismoak ulertu eta indartzea du ardatz nagusitzat, eta funtsezkoa du, batik bat, zelula amen jatorria eta desberdintzapen prozesuen ezagutza gero terapiak sortzeko. Baina, zeintzuk dira zientzia eremu honen hastapenak? Zeintzuk izan ziren aitzindariak?

Aurtengo urrian, 92 urte zituela, zendu zen Sir John Gurdon zientzialaria, 2012ko Medikuntzako Nobel sariduna. Zelulen nukleoen transferentzian zen bera trebea, eta teknika hau erabiliz, zelula helduak zelula ama egoerara birprogramatu daitezkeela frogatzea lortu zuen 1960ko hamarkadan. Helduen klonazioaren kontzeptuaren bideragarritasuna ezarri zuen horrela. Bere esperimentuetan Xenopus igelen zelulak erabili zituen modelo gisa, eta, haiekin, zelula heldu baten nukleoa enbrioi-zelula batera transferitzea lortu zuen, bertatik igel berri oso bat garatu zelarik (1. Irudia).

Medikuntza
Irudia: John Gurdon-ek Xenopus igelekin egindako esperimentua. (Iturria: Ander Abarrategi eta Sheila Olzak emana)

Gurdonek berak azaldu zuen bezala, bere esperimentuen bitartez frogatuta geratu zen organismo bateko zelula guztien nukleoaren DNAn organismo horretako zelula guztiak garatzeko beharrezkoa den informazio guztia dagoela. Are gehiago, frogatuta geratu zen zelula heldu baten programazio genetikoa alda daitekeela, eta hura zelula ama bihur daitekeela horrela. Hau da, zelula bat espezializatzen denean (adibidez, larruazaleko zelula bihurtzen denean), gainerako informazio genetikoa blokeatuta geratzen da, baina, egoera aldatzen bada, informazio genetiko hori berreskura daiteke.

Ekarpen honek oinarri teoriko eta praktikoak eskaini zizkien ostean etorri ziren ikertzaileei. Hala ere, hainbat urteetan zehar ez zen inor gai izan Gordonek lortutako klonazioa erreplikatzeko, non zelula heldua zen abiapuntua. Azkenik bai, Dolly ardia izan zen ugaztun baten zelula helduetatik lortutako klonazio ospetsuena, eta, harekin, hedatu egin zen gizakien klonazio terapeutikoaren ideia hipotetikoa. Horrek nabarmendu eta areagotu egin zituen enbrioi-zelulekin lan egitearen ondorio etikoak, zalantzak eta ezarri beharreko mugak.

Jada mende honetan, Shinya Yamanaka zientzialariak zelula amak lortzeko ikuspegi berri bat proposatu zuen, enbrioi-zelulen erabilera saihesten zuena. Berak frogatu zuen nola helduen zelula espezializatuetan gene gutxi batzuk aktibatuz, lau baino ez, enbrioietako zelula amen antzeko zelulak lor zitezkeen. Zelula Ama Pluripotente induzituak (Induced Pluripotent Stem cells edo iPSCs) deitu zitzaien horrela lorturiko zelula ama berriei. Aurkikuntza horrek zelula amak iturri etiko aproposago baten bidez lortzeko aukera eskaintzen du, eta, beraz, terapia birsortzaile berriak sortzeko ikerketetan erabiltzen hasi dira iPSC hauek. Halaber, John Gurdonek eta Shinya Yamanakak 2012ko Medikuntzako Nobel saria jaso zuten, bi-biek, bakoitzak bere erara frogatu zutelako zelula helduak birprogramatu eta gaztetu daitezkeela, gorputzeko edozein ehun bihurtzeko gaitasuna berreskuratu duten zelulak sortuz.

Klonazio eta zelula amei buruzko ikerketez gain, gaur egun, helduen zelula espezializatuen programazio genetikoaren aldaketa beste helburu batzuk ikertzeko eta lortzeko ere erabiltzen da. Adibidez, birprogramazio partziala izeneko teknika erabiliz, zaharkituta dauden zelulak gaztetu daitezke galdutako gaitasunak berreskuratu ahal izateko.

Laburbilduz, Medikuntza Birsortzailea hainbat aitzindari historikoren lanari esker sortu da. Zelula amen erabilgarritasunari dagokionez, John Gurdonek igelen zelulekin egindako lanek klonazioaren kontzeptua bideragarria zela erakutsi zuten, aldi berean nabarmenduz posible zela zelulen manipulazioa eta eraldaketa. Oinarrizko jakituria berri hori sakabanatu egin zen eta ikerkuntzarako bide berriak eratu zituen. Gaur, zelulen manipulaziorako teknika anitz ditugu eskuragarri, eta, beraz, Medikuntza Birsortzaileak duen erronkarik nagusiena zera da, etikoki onargarriak diren aurkikuntza berriak erabiliz gizakientzako tratamendu klinikoak gauzatzea.


Egileez:

Ander Abarrategi eta Sheila Olza EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Zelulen Biologia eta Histologia Saileko ikertzaileak dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.