Gure arbasoek meteoritoari biziraun ziotenean
Kretazeoan gaude, orain dela 66 milioi urte, eta gure arbasoak, primate guztien arbasoak, zuhaitzetan bizi diren ugaztun txiki iletsuak dira, dinosauro handien artean arreta handiegirik deitu gabe. Baina egun batean, Everest mendiaren tamainako meteorito batek talka egiten du gaur egungo Yucatán inguruan, eta sortutako suntsipenak, tsunamiak eta suzko bolak lurreko zein itsasoko animalia eta landare gehienak desagerrarazten ditu. Horrelako gertakariei iraungipen masibo deitzen zaie, eta Kretazeo amaierako talkak marka nabarmena utzi zuen Lurrean: dinosauroen garaia amaitu eta ugaztunena hasi zen, Zenozoikoa deitzen dugun aroan.
Biziraun zuten gutxi horien artean zeuden gure arbaso txiki eta iletsuak, eta agian txiki izateak, tenperatura erregulatzeko gaitasunak edo zuloetan bizitzeak salbatu zituen. Gertaera horren ondoren, erradiazio ebolutibo azkar baten bidez ugaztun talde asko bereizi ziren, eta hortik dator gaur egungo aniztasuna. Stephen Jay Gouldek “kontingentzia” deitu zion fenomenoari: biziaren historia ausazko gertakariez beteta dago, eta zinta berriro jarriko bagenu, agian emaitza ez litzateke bera izango. Meteorito hari eta gure arbasoen biziraupenari esker gaude gaur hemen: bizitza kontingentea delako, krudela bezain ederra.
Gure arbasoak Ikusgela hezkuntza proiektuaren bideo-sorta bat da. Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen ikus-entzunezko egitasmoa da eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaborazioa izan du.