Gizonen eredutik emakumeen errealitatera: sexua aldagai saihetsezina ikerketa biomedikoan

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

5 min

Gizonen eredutik emakumeen errealitatera: sexua aldagai saihetsezina ikerketa biomedikoan

Ikerketa biomedikoaren oinarri nagusiak objektibotasuna eta unibertsaltasuna dira. Hala ere, XX. mendearen zati handi batean, ezagutza medikoa eredu biologiko maskulinoan baino ez zen eraiki. Horrek ondorio sakonak izan ditu, eta sortutako ezagutza benetan unibertsala den kolokan jartzen du.

Historikoki, sexua aldagai biologiko gisa ez da behar bezala kontuan hartu ikerketa biomedikoan; horren ondorioz, ezagutza medikoan hutsuneak sortu dira, eta horiek ulertzea ezinbestekoa da gaur egungo medikuntzaren mugak identifikatzeko.

aldagai
1. irudia: historikoki, sexua aldagai biologiko gisa ez da behar bezala kontuan hartu ikerketa biomedikoan (Argazkia: Tim Mossholder – pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

1. Emakumeak saiakuntza klinikoetatik baztertzearen jatorria

1950eko hamarkadaren amaieran, talidomidaren tragediak gabezia larriak agerian utzi zituen botiken segurtasun-ebaluazioan. Medikamentu hori haurdunei eman zitzaien, fetuan zuen eraginari buruzko behar besteko ikerketarik egin gabe, eta horrek milaka malformazio eragin zituen. Testuinguru horretan, 1977an, AEBetako Elikagai eta Botiken Administrazioak (FDA; Food and Drug Administration) adin emankorreko emakumeak saiakuntza klinikoen hasierako faseetatik kanpo uztea gomendatu zuen, fetua farmako esperimentaletatik babesteko. Babes-neurri horrek nahi gabeko ondorioak ekarri zituen: emakumeak sistematikoki entsegu klinikoetatik baztertzea. Ondorioz, medikamentuen inguruko ezagutza zientifikoa hamarkadetan gizonetan lortutako datuetan oinarrituta eraiki zen.

Isilagoa izan arren, eragin handikoa ere izan zen oinarrizko ikerketa biomedikoa (gaixotasunen mekanismoak aztertzen dituena) ar animalietan baino egin ez izana. Aukeraketa hori aldakortasuna murrizteko beharra argudiotzat hartuta justifikatu zen, emakumeen ziklo hormonala nahaste-faktoretzat jotzen baitzen. Horrek gaixotasunak definitzeko modua eta, ondorioz, estrategia terapeutikoen garapena baldintzatu zituen.

Horrek guztiak inplizituki sendotu zuen gizonezkoen gorputza eredu “unibertsaltzat” hartzen duen ideia. Emakumezkoen gorputza, ordea, ugalketarekin lotutako aldaera gisa ulertu zen.

2. Sexua aldagai biologiko gisa baztertu ahal du zientziak?

Emakumeen eta gizonen artean desberdintasun biologiko ugari daude, ugaltze-sistemaz harago organismo osoari eragiten diotenak. Adibidez, emakumeen bihotza, arteria koronarioen diametroa eta biriketako ahalmena txikiagoak dira, eta oinarrizko metabolismoa motelagoa da. Desberdintasun horiek ondorio zuzenak dituzte bi arlo nagusitan. Lehenik, gaixotasun askoren sintomak, progresioa edo oinarrizko mekanismoak desberdinak izan daitezke sexuen artean, eta horrek diagnostikoa, pronostikoa eta tratamendu-estrategiak baldintzatzen ditu. Bestetik, farmakoak modu desberdinean jardun dezakete emakumeetan eta gizonetan, eta horrek eraginkortasunean eta toxikotasunean desberdintasunak ekar ditzake.

Sexuen arteko desberdintasun horiek alde batera uzteak ondorio kliniko larriak ditu emakumeen osasunean. Alde batetik, infradiagnostikoa gertatzen da, sintomak ez direlako gizonezkoetan hobeto ezarrita dagoen eredu klinikora egokitzen; bestetik, tratamendu asko emakumeen biologiara egokitu gabe daude, gizonen gaixotasun-mekanismoetan oinarrituta garatu direlako.

3. Emakumeen gaixotasunak, gizonen ikerketa

Emakumeen alborapen historikoak ere eragin handia izan du ikerketa-agendan. Izan ere, “emakumeen gaixotasunek”, oro har, arreta eta finantzaketa gutxiago jaso dute, eta horrek tratamendu espezifikoen garapena mugatu du.

Zergatik gertatu da atzerapen hori? Literaturak bi arrazoi nagusi aipatzen ditu, elkarren artean estuki lotuta daudenak: batetik, emakumeei eragiten dieten sintometan osagai psikologikoa lehenesteko joera; bestetik, emakumeen prozesu fisiologikoen naturalizazioa. Esaterako, erditze ondoko depresioan, heste narritagarriaren sindromean edo fibromialgian, osagai emozionala lehenesteak, haren balioa ukatu gabe, oinarri biologikoen ikerketa bigarren mailan utzi du. Horrek ez du soilik tratamendu berrien garapena moteldu, baizik eta paziente askori beren sintomak ulertzeko eta legitimatzeko zailtasunak ere ekarri dizkie.

Erditze ondoko depresioa adibide argia da. Oso ohikoa den arazo horrek ondorio larriak izan ditzake bai amaren osasunean, bai haurraren garapenean. Depresio mota hau puerperioan gertatzen diren aldaketa hormonal bortitzei lotuta dagoela aspalditik badakigu ere, harrigarria da duela gutxira arte tratamendu espezifikorik egon ez izana. Azken urteetan, ordea, egoera aldatzen hasi da, eta horren adibide da zuranolona, erditze ondoko depresioaren mekanismoan oinarritutako lehenengo tratamendua.

Lehenago aipatu den bezala, emakumeen prozesu fisiologikoen naturalizazioak ere pisu handia izan du. Adibidez, menopausiari lotutako sintomak aldaketa hormonalen eraginez gertatzen direla dakigun arren, “bizitzaren parte” gisa gutxietsi ohi dira. Ondorioz, terapia berriak garatzeko interesa mugatua izan da, nahiz eta sintomek bizi-kalitatean eragin nabarmena izan. Testuinguru horretan, berriki onartu da fezolinetant, menopausiaren eta perimenopausiaren inguruko beroaldietarako lehenengo tratamendu espezifiko gisa.

aldagai
2. irudia: emakumeen alborapen historikoak eragin handia izan du ikerketa-agendan. (Argazkia: Jessica Lewis thepaintedsquare – pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

Zuranolona eta fezolinetant bezalako botiken garapena norabide egokian egindako aurrerapen garrantzitsua da, baina ezinbestean beste esparru batzuetako garapen-erritmoarekin alderatzera garamatza; adibidez, erekzio-disfuntzioa tratatzeko farmakoen garapenarekin. Menopausiaren antzera, erekzio-disfuntzioa ere zahartzeari lotutako prozesu fisiologikoa da. Hala ere, menopausiarekin ez bezala, sildenafiloaren (Viagra) eraginkortasuna deskribatu zenetik oso denbora gutxian onartu zen, eta farmako-familia oso bat garatu zen. Bi kasuen arteko garapen-erritmoaren desberdintasunek (batzuetan hamarkadak, besteetan urte gutxi) argi uzten dute zein behar kliniko lehenesten diren, eta zeintzuk itxaron-zerrendan geratzen diren.

4. Emakumeen lidergo faltaren ondorioak

Azken hamarkadetan, emakumeen presentzia nabarmen handitu da ikerketa biomedikoan. Izan ere, herrialde askotan, osasun-zientzietako ikasleen % 70 emakumeak dira. Halaber, emakumeen presentzia bereziki handia da ikertzaile ibilbidearen hasierako faseetan.

Alabaina, ordezkaritza hori pixkanaka gutxituz doa maila gorenetara hurbildu ahala. Goi-mailako karguen eta lidergo-postuen heren bat baino gutxiago dago emakumeen esku, hala nola unibertsitateko katedrak, ikerketa-zentroen zuzendaritzak edo ikerketa-proiektuen arduradunak. Fenomeno horri ‘leaky pipeline’ (ihesak dituen hodia) deitu izan zaio, emakumeen ibilbidea baldintzatzen duten oztopo estrukturalen isla gisa.

Sexu-desoreka horrek, gizonak erabaki-postuetan nagusi izatea dakar, eta horrek baldintzatzen du zer galdera planteatzen diren eta, azken finean, zer ikertzen den eta nola ikertzen den.

5. Etorkizuneko medikuntza: One Health vs Half a Health

Eredu biologiko maskulinoa unibertsal gisa hartu izanak ezagutza partziala eragin du, eta, kasu askotan, emakumeentzat egokitu gabeko medikuntza.

Emakumeen lidergoa sustatzea ezinbesteko baldintza da sexua aldagai gisa ikerketa biomedikoan sistematikoki txertatzeko; bai justizia sozialaren ikuspegitik, bai zientzia zorrotzagoa egiteko. Baina, batez ere, tratamendu eraginkorrak eta seguruak garatzeko pertsona guztientzat.

Ildo horretan, gaur egun hainbeste aldarrikatzen den One Health ikuspegia, gizakien, animalien eta ingurumenaren osasuna modu integratuan ulertzea proposatzen duen ikuspegia, ezinbestean eskatzen du, lehenik eta behin, giza osasuna pertsona guztiena dela bermatzea; bestela, agian, Half a Health delakoaz hitz egin beharko genuke: biztanleriaren erdia baztertzen duen osasunaz.


Egileaz:

Maider López De Jesús Farmakologian doktorea da eta EHUko Farmazia Fakultateko irakasle eta ikertzailea da.


Jatorrizko artikulua Campusa aldizkarian argitaratu zen 2026ko apirilaren 30an: “Gizonen eredutik emakumeen errealitatera: sexua aldagai saihetsezina ikerketa biomedikoan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.