Ana Cecilia Villa-Parra: «Terapia pertsonalizatuei laguntzeko errehabilitazio sistema teknologiadunak garatzen laguntzea interesatzen zait»
Ana Cecilia Villa-Parra Ingeniaritza Elektrikoan doktore, Ingeniaritza Biomedikoko Maisutzako zuzendari eta Unibertsitate Politekniko Salestiarreko (UPS) Cuencako egoitzako (Ekuador) Biomedikuntzako irakasle da. Ingeniaritza Biomedikoko ikertaldeko kide da (GIIB – Ecuador). Honako hauekin aritzen da lankidetzan: Universidade Federal do Espírito Santo (Brasil), Santos Dumont Institutuko Neurozientzien Institutua (Brasil), Toronto Metropolitan University (Kanada) eta Kumamoto University (Japonia).
Bere ikerlanak gizakia-makina interfazeak eta burmuina-ordenagailua interfazeak diseinatzea du ardatz, teknologia robotikoa aplikatuta, neuroerrehabilitazioko lanetan laguntzeko. 30 artikulu indexatu baino gehiago argitaratu ditu aldizkari eta kongresuetan.
Gaur egun, UPSren Women in Engineering (WIE) taldearen aholkularia da, eta emakumeek eta gazteek STEM arloetan parte hartzea sustatzen du. 2025ean, L’Oréal-UNESCO Fundazioak ematen duen For Women in Science saria jaso zuen, errehabilitazioan aplikatutako robotikaren esparruari egindako ekarpenagatik.

Zein da zure ikerketa arloa?
Nire lanaren ardatza da batez ere istripu zerebrobaskular baten ondoren gaixotasun neurologikoak dituzten pazienteen mugimenduaren errehabilitazioari aplikatutako teknologiak diseinatzea. Honako hauek integratu nahi ditut: gizakia-makina interfazeak, burmuina-ordenagailua interfazeak, bioseinaleen prozesamendua, joko serioak eta erabiltzailearen borondateak kontrolatzen dituen gailu robotikoak, neuroplastikotasuna estimulatzeko estrategia gisa, eta, horretarako, denbora errealean atzeraelikadura emango duten eta fisioterapiako eta neurologiako esku-hartzeak aberasteko datuak sortuko dituzten plataformak erabiltzen ditut.
Zergatik aritzen zara arlo horretan?
Arlo honetan dihardut teknologia eta neuroerrehabilitazioa uztartzen dituelako, eta funtsezkotzat jotzen dut beren sendatze prozesuetan berrikuntza behar duten herritarrei laguntzeko, sendatzea eta autonomia bizkortzeko eta, hala, bizi-kalitatea hobetzeko. Sistema neuromuskularraren berreskuratze funtzionalari lagunduko dioten soluzioak diseinatzea oso motibatzailea eta desafiatzailea da, gizakiaren eta zientziaren ikuspegiaren arabera.
Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?
Nire ibilbidean zehar, zenbait herrialdetako ikertzaileekin prestatzeko eta lankidetzan aritzeko aukera izan dut egindako egonaldietan, zeinetan ondorioztatu baitut oso garrantzitsua dela diziplinarteko ikuspegia duten sareak sortzea. Nire mentoreek, hala nola Teodiano Freire Bastosek (Brasil), Fernando Urgilések (Ekuador), Martha Zequerak (Kolonbia), Sridhar Krishnanek (Kanada) eta Tomohiko Igasakik (Japonia), erakutsi zidaten zein garrantzitsuak diren jarraitutasuna, adeitasuna eta elkarlana, teknologia gizakien zerbitzura jartzen duen eremu horretan.
Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?
Terapia pertsonalizatuei laguntzeko errehabilitazio sistema teknologiadunak, irisgarriak eta kliniketan zein etxeetan aplikatzeko modukoak garatzen laguntzea interesatzen zait. Gainera, eremu horretan funtsezkotzat jotzen dut ebidentzia neurofisiologiko gehiago ematen dituzten ikerketak egitea, ikuspegi horiek burmuinaren neuroplastikotasunean duten eragina ebaluatzeko. Funtsezkoa da aurrera egitea errehabilitaziorako teknologia eskuratzea oraindik ere zaila den lekuetan ezarri ahal izateko soluzioak bilatzeko prozesuan.
Zein aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?
Esan nahi nieke ikerketak diziplina, dedikazioa eta taldeko lana eskatzen duela, eta ezinbestekoa dela antzeko interesak dituzten profesionalez inguratzea eta adiskidetasuna lantzea. Uste dut garrantzitsua dela pazientzia izatea; izan ere, ikerketak epe luzeak behar ditu proposatutako soluzioen benetako eragina agerian uzteko, bai eta deialdi lehiakorren bidez kudeatu behar diren baliabideak ere; hortaz, beharrezkoa da esperientzietatik ikastea, erroreak konpontzea eta baikortasunez ekitea. Azkenik, ibilbidean zehar agertzen diren erronkak gainditzeko, gomendatzen dut gogoratzea zergatik aukeratu genuen ikerketan jardutea eta gure jakin-mina bizirik mantentzea.
Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2026ko maiatzaren 30n: Ana Cecilia Villa-Parra: «Me interesa contribuir al desarrollo de sistemas de rehabilitación con tecnología que permitan aportar a terapias personalizadas».
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.
Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.