Ikusten ez duguna ulertzea zaila izan daiteke

Dibulgazioa · Kolaborazioak

4 min

Ikusten ez duguna ulertzea zaila izan daiteke

Nork ez du eskolan eklipse bat zer den ikasi? Azterketa gainditzeko buruz ikasita bada ere… Ordea, nork ulertu du benetan eklipse bat zer den, noiz eta nola gertatzen den? Hainbat dira bizitzan zehar behatu ditzakegun eklipseak. Baina astroen kokapena, orbitak edota sortzen dituzten itzalak ezin ditugu ikusi, eta, tamalez, zaila izan daiteke ikusten ez duguna ulertzea.

Eklipseek harremana dute ilargiaren faseekin

Bai. Eklipseak soilik Ilargiaren fase berrian eta betean gertatzen dira; hain zuzen ere, eguzki-eklipseak ilberrian eta ilargi-eklipseak ilbetean. Hori ulertzeko, Eguzkiaren, Lurraren eta Ilargiaren kokapenari erreparatu behar zaio.

Adi. Nola da posible Lurretik ikusi ezin dugun ilberri faseak eguzki-eklipsea sortzea? Izan ere, ilbetean Ilargia handi imajinatzen dugu, Eguzkia tapatzeko bestekoa. Baina, ez; guk argitutako zatia ikusi edo ez, Ilargiak beti du tamaina bera.

Ilargiak Lurraren inguruan orbitatzen duenez (1. irudia), momentu batean Ilargia Lurraren eta Eguzkiaren artean kokatuko da (ilberria); kasu horretan, Lurretik ez dugu Ilargia ikusiko, ikusiko dugun aldea ez baitu Eguzkiak argiztatzen. Beste une batean Lurra erdian egongo da (ilbetea) eta Eguzkiak argiztatzen duen aldea bete-betean ikusiko dugu Lurretik. Alegia, gainontzeko faseetan Ilargiak bitarteko posizioak ditu. Beraz, ilbetean eta ilberrian soilik lerrokatuko dira Eguzkia, Lurra eta Ilargia.

ilargiaren
1.irudia: Eguzkiak, Lurrak eta Ilargiak Ilargiaren fase bakoitzean duten kokapena, eta Lurretik fase bakoi-tza nola ikusten den ipar-hemisferiotik. (Iturria: science.nasa.gov /moldatua)

Ez ditugu eklipseak ilberriro ezta ilbetero ikusten

Ilargiak, ilbetean edota ilberrian egoteaz gain, puntu zehatz batean kokatuta egon behar du eklipseak gerta daitezen, eta hori ez da hilabetero gertatzen. Hori ulertzeko, Eguzkia, Lurra eta Ilargia kokatuta dauden orbitei erreparatu behar zaie.

Adi. Ohikoa da Eguzkia, Lurra eta Ilargia beti plano berdinean daudela pentsatzea, baina, ez da hala. Eguzkiaren inguruan Lurrak deskribatzen duen orbitak ekliptika deritzon planoa eratzen du. Ilargiaren Lurraren inguruko orbita, berriz, ekliptikarekiko 5° okertuta dagoen plano batean dago.

Adibidez, liburu bat irakurtzean, liburua irekita dugun bi aldeetako orrialdeek angelu bat sortzen dute, baina elkartu egiten dira, ez daude orrialdeak solte. Hain zuzen ere, orrialdeak (bi planoak) elkartzen diren «lerro» horri deritzogu nodo-lerroa (2.A. irudia).

Eguzkia eta Lurra plano urdinean daude (2.B irudia), ekliptikan. Ordea, Ilargiak plano grisean orbitatzen du. Eklipseak gerta daitezen, Eguzkiak, Lurrak eta Ilargiak planoak elkartzen diren lerroan egon behar dute aldi berean.

ilargiaren
2. irudia: A) Lurraren Eguzkiaren inguruko orbitak eratutako plano urdina. / Ilargiaren orbitak eratutako planoa grisa. / Bi planoek elkar mozten duten lerroa gorria. B) Lerroan Eguzkia, Lurra eta Ilargia daudenean soilik gertatuko dira eklipseak. (Iturria: demos.smu.caastronomy / moldatua)

Izan daiteke eklipseak bizi garen lekutik ez ikustea

Ilargia ilbetean edota ilberrian nodoan egonda ere, agian bizi garen lekutik ez dugu eklipserik ikusiko. Hori ulertzeko, Lurrak eta Ilargiak sortzen dituzten itzalei erreparatu behar zaie.

Ilargi-eklipseetan Lurra dago erdian, eta Ilargia Lurraren itzalean sartzen denean sortzen da eklipsea (3. irudia).

Adi. Ilargi-eklipseak Lurraren gaua den alde osoan zehar ikus daitezke; eguzki-eklipseak, ordea, ez dira eguna den alde osoan ikusten.

Lurrak sortzen duen itzala Ilargiak sortzen duen itzala baino handiagoa denez, ilargi-eklipseak Lurreko eremu geografiko gehiagotatik ikus daitezke eguzki-eklipseak baino (lerro urdina). Noski, eguzki-eklipseaz gozatzeko, bizi garen tokitik pasatu behar da itzal hori, eta bizi garen lekutik ikusteko aukera oso murritza da; horregatik da hain berezia eguzki-eklipse bat behatzeko aukera, are gehiago osoa bada.

ilargiaren
3. irudia: Ilargiaren faseak nodoan daudenean sortzen dituzten itzalak (morez) eta eklipse bakoitza non-dik behatu daitekeen (urdinez). (Iturria: eklipsea.euskadi.eus / moldatua)

Guretik eklipseak behatzeko datak

Iberiar penintsulan eklipse ugari behatzeko aukera egongo da: eguzki-eklipse totalak 2026ko abuztuaren 12an eta 2027ko abuztuaren 2an, eta eraztun-eklipsea 2028ko urtarrilaren 26an. Ilargi-eklipseei dagokienez: partziala 2026ko abuztuaren 28an, penunbrala 2027ko otsailaren 20an, partziala 2028ko urtarrilaren 12an eta osoa 2028ko abenduaren 31n.

Zehazki, Euskal Herritik ikusi zen azken eguzki-eklipse osoa 1912ko apirilaren 17an izan zen; hurrengoa 2026ko abuztuaren 12an izango da, eta horren ondoren 2180ko azaroaren 7ra arte itxaron beharko da!

Eklipseen irakaskuntza

Agenda astronomikoa aukera paregabea denez eklipseei buruz gelan aritzeko, IKASGARAIA (EHU) ikerketa-taldetik Ilargiaren faseei eta eklipseei buruzko irakaskuntza-ikaskuntza sekuentzia sortu dugu.

Pentsatu kontzeptuen hierarkia batean, non eklipsea ulertzea hierarkia gorena baita. Hierarkiaren goiko mailan dagoen kontzeptua ulertzeko, azpitik dauden kontzeptuak ulertu behar dira, hala nola Ilargiaren faseak zein diren, Lurretik nola ikusten ditugun, zein fasetan gertatzen den eklipse mota bakoitza, zergatik ez diren hilabetero gertatzen… Beraz, sekuentzia hiru bloketan banatzen da: (1) Ilargiaren faseak, (2) Ilargiaren faseen eta eklipseen arteko erlazioa eta (3) eklipseak.

Komeni da kontzeptu horiek ulertzeko dauden zailtasunak ezagutzea, horren arabera metodologiak aukeratzeko: indagazioa, modelizazioa, berdinen arteko ikaskuntza… Fenomeno astronomikoak ulertzeko ezinbestekoa da ikusi ezin dugun hori irudikatzea, simulatzea eta manipulatzea. Horren adibide gisa, hona hemen eklipseak noiz gertatzen diren eta nondik ikus daitezkeen behatzeko maketa: eklipseak hilabetero, zergatik ez?

Astronomia lantzeak aukera ematen digu zeruan ikusten dugunari zentzua emateko. Izan ere, eklipse bat behatzea erraza izan daiteke; hura benetan ulertzea, ordea, beste kontu bat da!


Egileez:

Elvira Gutiérrez Jiménez, Kristina Zuza eta Paulo Sarriugarte EHUko IkasGaraia ikerketa-taldeko ikertzaileak dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.