Zientziaren komunikazioa, informazioaren ekosistema aldakorrean

Dibulgazioa · Kolaborazioak

4 min

Zientziaren komunikazioa, informazioaren ekosistema aldakorrean

Gaur egungo informazioaren ekosistemak aukera paregabeak eskaintzen dizkio zientziaren komunikazioari. Alabaina, arriskuak ere ugariak dira. Zientzialariek ebidentzietan oinarritutako informazioaren erabilgarritasuna hobetu beharko lukete, baina horretarako zientziaren komunikazioari buruz ere ikertu behar da, hain aldakorra eta likidoa den gizarte honetan.

2025eko ekainaren amaieran, Morgridge Institute for Research ikerketa-guneko Nicole M. Krause eta Dietram A. Scheufele ikertzaileek, Utah-ko Unibertsitateko Isabelle Freiling-ekin batera, informazioaren ekosistema aldakorrari buruzko lana argitaratu zuten. Ekosistema horrek zientziaren komunikazioari eta, zehazki esanda, zientziaren komunikazio eraginkorrari nola eragiten dion ikertu dute. Lana PNAS aldizkarian argitaratu dute, alegia, Ameriketako Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionalaren aldizkari ofizialean. Hedabide honetan behin baino gehiagotan izan dugu mintzagai zientziaren dibulgazioa eta zientziaren komunikazioa. Gai horiekin duen lotura interesgarria da, eta, gainera, ikuspegi gaurkotua ekarri digu Krauseren eta haren lankideen artikuluak. Badaukagu zer ikasi; izan ere, zientziaren komunikazioaren moldeak asko aldatzen ari dira, eta informazio zientifikoa gizartera nola iristen den ikertzea benetan gai interesgarria eta ezinbestekoa da.

informazioaren ekosistema
Irudia: ezinbestekoa da informazioaren ekosistema aldakorrean zientzia komunikatzeko modua ere aldatzea. (Argazkia: Mikhail Nilov — domeinu publikoko irudia. Iturria: pexels.com).

Lehenik eta behin, ikertzaileek aipatzen dute online-inguruneak gizartearengana iristeko aukera berriak zabaldu izan dituela, baina, egunotan gertatzen den moduan, komunikaziorako bideak ugaritu diren neurrian, zientziaren komunikaziorako guneak asko aldatu dira. Orain modu askoz ere anitzagoan bilatzen eta aurkitzen dugu informazioa. Hasiera batean, zientziaren komunikazioa zientzia-kazetaritza tradizionalaren eta zientzia-erakundeen eskutik etorri zen. Gaur egun, ordea, eszenatokia aldatu egin da, eta zientziari buruzko eztabaidetan informazio-iturri ugari daude. Aipatutako agente tradizionalez aparte, sare sozialetako mezuak, YouTubeko bideoak, podcastak eta abarrak ere zientziaren komunikazioaren esferan sartu dira. Sarritan zaila da modu egokian nabigatzea informazio-uholde horretan, baina Krausek eta haren lankideek aipatzen duten moduan, gaitasun hori ezinbestekoa da zientziaren komunikazioan dihardugunontzat.

Informazioaren ekosistema aldakorrekin lotuta, ikertzaileek azpimarratzen dute zientzialarien eta publiko orokorraren arteko komunikazioa ez dela leku huts batean gertatzen. Alegia, komunikazio hori oztopa dezaketen beste hainbat faktore daudela. Zientzialarien informazioarekin batera, beste hainbat informazio topa daiteke; besteak beste, zientziaren influencerrak, zientzialari celebrityak, eta inongo oinarri zientifikorik gabeko informazioa zabaltzen duten komunikatzaileak. Sarritan, gainera, azken horiek baliabide ekonomiko gehiago izan ohi dituzte haien mezuak gizarteratzeko.

Horrekin batera, eta informazioaren ekosistema aldakorrez harago, gaur egun aldi berean egiten ditugu hainbat gauza. Ingelesez multitasking deritzo horri, eta egileek horren berri ere ematen dute. Zientzia-informazioa jaso nahi duen publikoa Facebooken edo Instagramen egon daiteke; aldi berean, YouTubeko bideoak ikusten egon daiteke, eta hortik salto egin dezake egunkarietako albisteetara. Era berean, aurrez aurreko elkarrekintzak ditu, telebista ikusten ari da edo podcastak entzuten, eta mezularitza pribatu bidezko elkarrizketak ditu, esaterako, WhatsApp edo Telegram bidez. Edukien eta kanalen amalgama konplexu horretan, zientziaren komunikatzaileek ezin dute bide bakarra erabili gizarteari informazioa helarazteko.

Testuinguru eta gizarte likido honetan, ezinbestekoa da erabiltzaileen konpromisoa lortzea; alegia, informazioa jasotzen ari diren plataforma horretan gelditzea. Ildo horretan, ikertzaileek diote konpromiso hori lortzea errazagoa dela informazioa haien interesekin edo pentsamendu moralarekin lotzen denean, kritikoa denean, edo hizkuntza moral-emozionala erabiltzen denean. Horrek arrisku-puntua ere badu; izan ere, hedabideetan eta sarean dauden eduki gehienek oinarria emozioetan dutenean, oso posible da desinformazioa eta sasizientzia modu eraginkorragoan iristea zientzialarien hitzak baino. Horrekin lotuta, Krauseren eta haren lankideen lanean aipatzen da, gaur egun, zientzialariak beste hainbat agenterekin batera ari direla informazioa ematen eta, hortaz, zientzialariaren autoritateak geroz eta balio gutxiago izan dezakeela. Hain zuzen ere, norgehiagoka horretan, sarritan zientzialari aditu baten hitzak beste edozeinen hitzen pare gelditzen dira.

Erabaki politikoak hartzeari dagokionez, askotan aipatzen da zientzian jantziagoa den gizarte batek erabaki hobeak hartuko dituela, eta hori horrela da; baina ez dugu ahaztu behar zientziak oso gutxitan ematen dituela erabaki politikoak. Kontrara, zientziak alde bateko zein besteko argudioak eman ditzake, aukera desberdinen arteko analisia egin dezake, baina zientziak ez du esaten gizarteak zer egin beharko lukeen, edo zein izan beharko litzatekeen herrialde baten aurrekontuaren lehentasuna. Era berean, hedabideek zientzialarien hitzak politiza ditzakete aukera baten edo beste baten aldeko direla esateko, eta zientzialariak berak tentatuta egon daitezke erabaki baten alde politizatzeko. Horixe diote, behintzat, Krausek eta haren lankideek PNAS aldizkarian argitaratuko lanean.

Amaitzeko, ikertzaileek bost erronka plazaratzen dituzte, esanez ezinbestekoa dela horiek ebaztea etorkizunari aurre egiteko. Gakoen artean, informazioaren ekosistema aldakorrari buruz egindako ikerketen emaitzak modu irekian partekatu beharko liratekeela aipatzen dute. Sarritan, informazio esanguratsu hori plataformen esku gelditzen da, eta horrela ezinezkoa da zientziaren komunikazioaren eraginkortasuna hobetzea. Ikertzaileek gai izan behar dute zientzia-komunitateari eta -erakundeei zientziaren komunikazio eraginkorrari buruzko informazio egokia emateko, eta, diotenez, ez dago beste aukerarik informazioaren ekosistema modernoan bizirauteko.

Erreferentzia bibliografikoa:

Krause, Nicole M.; Freiling, Isabelle eta Scheufele, Dietram A. (2025). Our changing information ecosystem for science and why it matters for effective science communication, PNAS, 122(27). DOI: 10.1073/pnas.2400928121


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, zientzia dibulgatzailea eta GOI ikastegiko irakasle eta ikertzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.