Asteon zientzia begi-bistan astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluen bilduma da. Zientzia Kaiera blogaren igandeetako gehigarria.
Informatika eta teknologia
Adimen konputazionaleko sistema oso bat ingurune adimendunetan integratzeko txip bakar batean ezartzea lortu du Raúl Finkerrek. Sistema hori bi ingurunetan probatu dute: iDorm izeneko bizi ingurunean (Essexeko Unibertsitatearen Ingurune Adimendunen Taldeak garatutako logela bat da, non bertako altzariak gailu adimenduekin hornituta dauden) eta Uyanik izeneko autoan. Emaitzak bi espazio hauetan honakoak izan ziren: logelan probatzean ondorioztatu zuten beraiek garatutako sistema erabiliz neurona-sarea trebatu daitekeela. Hau da, ikertzailearen esanetan, sistema hori gai da erabiltzaile baten jokabideari egokitzeko, logelan dauden elementuak kontrolatzeko eta erabiltzailearen jokabideak aldaketetara egokitzeko. Beste inguruneari dagokionez, autoak berak ematen dituen datuak erabiliz, gidatzeko moduan oinarrituta gidaria identifikatzeko gai den sistema bat diseinatu dute.
Teknologiari jarraiki, Donostiako Opera Touch enpresak betaurreko adimenduak sortu ditu. Emanaldiak jatorrizko hizkuntzan izan ohi dira eta trama ulertzeko, azpitituluak jartzen dituzte pantailetan. Xabier Zatarain betaurrekoen sortzaileak azaltzen du sistema honekin posible dela azpidatziak ikus eremu barnean edukitzea. Hau da, publikoak opera ikusten ari den momentu berean irakurri ahalko ditu itzulpenak betaurrekoei esker, eta gainera burua mugitu gabe.
Medikuntza eta mikrobiologia
Zesarea bidez jaiotzen diren haurrek ez dute garatzen ohikoa den mikrobiota. Azken honen sistema immunean eta digestioan garrantzi handia duenez, ikertzaile batzuek lortu dute mikrobiota hori partzialki berreskuratzea. Nola, ordea? Bada, zesarea bukatutakoan haurra amaren baginako bakterioekin “garbitzea”. Amaren kanal baginaletik pasatzen direnean, izaten dute lehenengo hartu emana bakterioekin. Baginako bakterioek haurraren azala, aho barrunbea eta hesteak kolonizatzen dituzte eta horrela, nolabait haurraren mikrobiotaren lehenengo hazia bihurtzen dira. Aldiz, zesarea bidez jaiotzen direnek ez dute amaren baginako jariakinekin hartu-emanik eta hori hesteetako floran islatzen da. Ikertzaileek onartu dute baginako bakterioen transferentzia ez dela erabatekoa izan eta metodoa findu beharra dagoela, baina argi utzi dute zesarea baten ondoren haurrak bakterio horiekin harremanetan jartzearen garrantzia.
Medikuntza arloari dagokionez, Tokioko Unibertsitatean punta-puntako sentsore bat garatu dute eta hari esker, etorkizunean bularreko minbizia detektatzeko gai izango dira mamografiarik gabe. Gailua gardena, oso txikia eta oso malgua da. Badaude jada presioa neurtzen duten sentsoreak baina horien arazoa da tolesdura, uzkurdura eta zimur artean eraginkortasuna galtzen dutela. Kasu honetan, ezohiko materialak hautatu dituzte: karbonozko nanohodiz eta grafenoz osatutako nanozuntzak erabili dituzte, uzkurduren aurrean hain sentikorrak izan ez daitezen.
Astrofisika
LIGO behatokian grabitazio-uhinak detektatu dituzte. Einsteinek duela 100 urte iragarri zituen espazio-denboraren kurbadurak, eta orain zuzenean behatzen diren lehen aldia da. Bi zulo beltzen elkartzearen azken unean igorritako grabitazio-uhinak direla ondorioztatu dute ikertzaileek. Egoitz Etxebestek azaltzen digu Elhuyar aldizkarian joan den irailaren 14ean detektatu zituztela grabitazio-uhinak Livingstonen (Louisiana) eta Handforden (Washington). Duela 1.300 milioi urte igorri ziren grabitazio-uhin horiek, eta kalkulatu dute 29 eta 36 eguzki-masakoak zirela elkartu ziren zulo beltzak, eta segundo bat baino gutxiagoan 3 eguzki-masa grabitazio-uhin bihurtu zirela. Hori Hego hemisferioan gertatu zela ere jakin ahal izan dute.
Berria egunkariak ere eman du aurkikuntza honen berri: Albert Einsteinek orain dela ehun urte iragarritako grabitazio-uhinak existitzen dira. Unibertsoa aztertzeko ate garrantzitsu bat ireki dute honekin. Laserrak erabili dituzte ikerketa egiteko eta hilabeteak behar izan dituzte grabitazio-uhinak benetan ziren ikusteko. Orain arte, unibertsoa aztertzeko argiari begiratu izan diote beti ikertzaileek. Orain, baina, aurkikuntza honi esker grabitazioaren bidetik jo dezakete.
Grabitazio-uhinak izan dituzte mintzagai Sustatu agerkari digitalean ere. Artikulu honetan, baina, horiek nola detektatu dituzten azaltzen digute. Bi LIGO zentroetako kokapena eta esperimentuaren prozesua aipatzen dute zehazki. Halere, gauza bat gelditu da argitu gabe: non gertatu zen zulo beltzen elkartzea. Hau da, bi LIGO detektagailuek neurtu dute uhina, bataren eta bestearen alderaketarekin, eta horrekin nolabaiteko espazio zati bat zehaztu ahal izan da, hego hemisferioaren zeruguneko parte zabal samar bat.
Matematika
Adibideen bitartez, hauteskunde-sistemaren garrantzia azaltzen digu Javier Duoandikoetxeak Zientzia Kaieran. Hautatze-sistemak gerturatzen dizkigu. Sistema horien artean, gehiengo erlatiboa aipatzen du. Honetan botazio bakarra egiten da eta A hautagaiak beste edozeinek baino boto gehiago lortzen ditu beraz bera da irabazlea. Bigarren itzulia lehen biekin sistema azaltzen da ere. Honetan lehen botazioan boto gehien dituzten biak bigarren itzulira pasatzen direla azaltzen du. Horiekin batera, Borda eta Condorcet metodoak azaltzen ditu. Hautatze-sistema horien adibideak ikusita, argi gelditzen zaigu horrek erabateko eragina duela emaitzan. Hau da, aurkezten duen adibidean bost prozedura azaldu dira eta bakoitzean irabazlea desberdina da. Adibide honekin batera, Arrow ekonomialariaren teorema azaltzen da testuan. Irakur ezazue artikulu osoa, ez zarete damutuko!
Ingurumena eta klima aldaketa
Nitrogeno erreaktiboak sortzen dituen arazoen berri jakin izan dugu Juanma Gallegoren artikuluari esker. Nitrogenoak klima-aldaketan, osasunean eta ingurumenean eragin handia du. Nitrogenoa oxigenoarekin batzen denean, nitrogeno erreaktiboa bilakatzen da baina hori, adituen arabera, ez da arazoa. Izan ere, bizitzarako beharrezkoa da nitrogeno mota hori. Benetako arazoa nitrogenoaren eta nitrogeno erreaktiboaren arteko oreka galtzen denean dator. Gainera, giza jardueraren ondorioz oreka hori aldatzen ari da. 2010eko datuak ikusita, 189 milioi tona inguru isuri ziren mundu osoan. Horietatik 161 milioi tona industriari dagozkie, eta 28 milioi tona, berriz, kontsumitzaileei. Txina, India, Ameriketako Estatu Batuak eta Brasil dira nitrogeno honen %46aren erantzuleak.
Paleontologia eta osasuna
Neandertalengandik jasotako geneen eta osasunaren arteko harremana aztertu dute ikertzaile batzuek. Ikerketan ondorioztatu dute erlazioa dutela zenbait gaixotasun neurologiko, psikiatriko, immunologiko, dermatologiko eta zirkulatorioekin. Ana Galarragak azaltzen digu ikerketan jatorri europarreko 28.000 pertsonaren osasun-datuak neandertalengandik jasotako gene-taldeekin (haplotipoak) alderatu dituztela. Ikusitako erlazio horietan, adibidez, baieztatu dute neandertalen geneek keratinozitoei eragiten dietela. Galarragak azaltzen digu zelula horiek larruazala babesten dutela ingurumeneko erasoetatik; erradiazio ultramoretik eta patogenoetatik, esaterako. Orain egindako azterketak frogatu du neandertalen DNA-aldaerek areagotu egiten dutela eguzkiak eragindako larruazaleko gaitz bat izatea, keratosia, keratinozito akastunak sortzen baitira.
Osasunari dagokionez, aipatzekoa da ere Zientzia Kaieran publikatu duten artikulua. 2008an Cristopher Charles ikertzaileak Kanbodiako epidemiologia-osasuna aztertu zuen. Berak dieten burdina eskasiaren eragina aztertu nahi izan zuen. Hortaz, sukaldean burdinazko tresnek egoste prozesuan janariari burdina ematen diotela hipotesia hartu zuen ikerketaren abiapuntutzat. Hainbat emakumeri disko txiki batzuk eman eta pieza haiek lapikoetan izateko eskatu zien. Arrain erako pieza txiki batzuk fabrikatu zituzten horrela: “The Lucky Iron fish”. Enpresaren hitzetan, horrela ondo lor daiteke familia batentzat 5 urtean gomendagarria den burdina kantitatea. Horretaz gain, baieztatzen dute piezek askatzen duten burdina ondo neurtuta dagoela kaltegarria izan ez dadin. Kanbodian pieza horiek erabili ondoren, ikusi da burdin faltak eragindako anemiak %50ean egin duela behera.
Meteorologia
Zer dira laino opilak? Artikulu honetan fenomeno honen berri ematen digute. Ez da erraza horrelako laino bereziak aurkitzea. Nola sortzen da fenomeno hori bada? Testuan azaltzen digutenez, Losa haranean inbertsio termiko baten ondorioz sortzen den behe-laino trinko eta pisutsua arrastaka mugitzen da hego haizeak bultzatuta Gorobel mendilerroko gailurretaraino. Eta amildegira heltzean jausi egiten da iparreko mendi-mazel erdiraino eta kotoizkoa dirudien hodei-jauzi erraldoia sortzen du. Baina hodei hotz hori maldan behera jaisten hasten denean, igotzen ari den aire epeleko batekin elkartzen da. Behe laino hori desagertzen hasten da aire epelak lainoaren ur-tantak lurruntzen dituelako. Bi hauen arteko topaketa hodei-zurrunbilo batean azaltzen da. Fenomeno honi buruzko informazioa Naturayala blogean aurkituko duzue.
Argitalpenak
Kepa Altonagak ‘Arnaut Abadiaren zoo ilogikoa’ antologia eman zuen argitara 2011. Honetan, Arnaut Abadiak (apaiza, idazlea eta irakaslea) idatzitako artikulu batzuk bildu ditu. Artikulu horietan Abadiak nekazariei zuzendutako aholkuak idazten zituen (baratzeak, ongarri kimikoak, fauna eta flora, gaixotasunen tratamenduak,…). Bildutako idazki horiek, euskara batura moldatuta, Asisko Urmenetaren marrazkiekin batera agertuko dira liburuan. Antologia honetan, garai hartan oso hedatua zegoen pentsamoldea topatuko dugu: animaliak gizakiaren mesederako daudela, badirela piztia amorragarriak, eta badirela animalia ongiegileak, gizakiarentzat mesedegarri direnak. Liburuaren nondik norakoak azaltzen ditu Asier Sarasuak berau irakurri ondoren.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.