Medikuntza
Ospitale-eremutik kanpo hartzen den pneumonia heriotza-eragile garrantzitsua da: urtero 1.000 biztanletik 2-8ri eragiten baitie, eta %10-15eko heriotza-tasa baitu ospitaleratzen diren pazienteetan eta, are handiagoa, zainketa intentsiboko unitateetara (ZIU) eramaten dituzten kasuetan. Galdakao-Usansolo Ospitalean eta Barrualdeko Eskualdean egindako eta UPV/EHUn defendatutako ikerketa batean, biomarkatzaile jakin batzuk ere aztertzea proposatu dute, pneumoniaren eboluzio txarra izateko arriskua duten pazienteak doitasun handiagoz identifikatzeko. Pedro Pablo Españak, Galdakao-Usansolo Ospitaleko Pneumologiako buru klinikoak azaltzen du diagnostikoa egiten den unean jakin behar dela zenbateraino izan daitekeen larria pneumonia-kasua, “oso garrantzitsua baita tratamendua goiztiarra izatea”.
Osasuna
Edari gozoei zerga ezarriko die Erresuma Batuko gobernuak 2018ko apiriletik aurrera: ehun mililitroko zortzi gramo azukre edo gehiago dituzten edariei, eta arinagoa, bost eta zortzi gramo artean dituztenei. Horrek guztiak herritarren osasunean zer inpaktu izango duen aztertu dute orain Oxfordeko Unibertsitateak. Badirudi zergak obesitatea, diabetesa eta hortzetako arazoak murrizteko balioko duela. Zerga igoeraren aurrean, zer egin dezakete enpresek? industriak hiru neurri mota har ditzakeela irudikatu dute ikerketa honetan: azukre gehien duten edarien formula aldatzea, produktuok garestiago saltzea edo marketin estrategia aldatu eta jendea azukre gutxiago duten etxe bereko beste edari batzuen kontsumora erakartzea.
Informatika
Azken urteotan asko ugaritu dira ikasketa automatikoan oinarritutako analizatzaile sintaktiko-estatistikoak. Hauen funtzionamendua ezagutuko dugu testu honen bitartez. Analizatzaile sintaktiko-estatistikoak zuhaitz-banku bat behar dute ikasteko. Zuhaitz-bankua sintaktikoki etiketatutako corpus bat da. Corpuseko esaldi guztiek analizatuta egon behar dute eta esaldian dagoen hitz bakoitza etiketatu, esaldiaren zuhaitz sintaktikoa lortuz. Zuhaitz-bankua CoNLL-X formatuan egon behar da. Analizatzaile sintaktiko-estatistiko bat euskarara egokitzeko honako hiru oinarrizko elementu hauek egokituko dira: algoritmo sintaktikoa, ikasketa automatikoa eta ezaugarrien modeloa. Egokitu ostean, euskararako analizatzaile sintaktiko-estatistikoen emaitzak hobetzeko helburuarekin egindako esperimentu-multzoa aurkezten da.
Fisika
Antimateria-atomo batek zer argi xurgatzen duen neurtu dute lehen aldiz, CERNeko ikertzaileek. Ikertzaileek aldarrikatu dute neurketa honek ate garrantzitsu bat irekitzen duela antimateria ikertzeko. Antihidrogeno baten espektroa neurtu dute. Eta, emaitzek erakusten dutenez, hidrogenoaren espektro berdina du antihidrogenoak. Hori bat dator fisikako Eredu Estandarrarekin; hark iragartzen baitu hidrogenoak eta antihidrogenoak ezaugarri espektroskopiko berdin-berdinak izan beharko lituzketela.
Gabonetako argiei erreparatu die Aitor Bergarak artikulu honetan. Duela bederatzi urte Bilbok Gabonetako argiteria aldatu zuen. Bonbilla gori tradizionalen ordez, LED (Light Emitting Diode) bonbillak erabiltzen hasi ziren. Zein da desberdintasuna? Tradizionaletan, igortzen duten erradiazioa infragorria da, batez ere. Hori da eraginkorrak ez izatearen arrazoi nagusia. Emandako energiaren %10a soilik bihurtzen delako argi; gainerakoa bero gisa galtzen da. LED bonbillak, berriz, argi kuantikoak dira. LED baten kasuan, argia sortzen da korrontea aplikatzean. LED bat diodo bat da, eta horren osagai nagusia erdieroale bat da. Korrontea erdieroaletik zehar pasatzen denean, diodoaren elektroiek energia handitzen dute, baina justu ondoren, hasierako energia-egoerara bueltatzen dira fotoi bat igorriz, hau da, argia igorriz. Bonbilla horiek ia ez dira berotzen, beraz, oso eraginkorrak dira. Izan ere, bonbilla goriek baino 10 aldiz gutxiago kontsumitzen dute.
Zientzialari asko hidrogenoan oinarritutako beste energia nuklear baten aldeko ikerketetan ari dira aspalditik. Partikula subatomikoen fusioan edo partikulen batuketan abiatutako erreaktoreak lortu nahi dituzte. Asmoa da izarrek sortzen duten energia ikaragarriaren abiapuntu den prozesua Lurrean eta era kontrolatuan lortzea. Igor Peñalva UPV/EHUko ingeniariak gai horri lotutako teknologien aditua da. “Gure departamentuan ITER proiektuan erabilgarriak izan daitezkeen materialak ikertzen ari gara. Gure lana, besteak beste, horiek aztertzea da, gero erabakia hartu behar duenak jakin dezan zeintzuk diren materialik egokienak”. ITER proiektua fusioa garatzeko nazioarteko esperimentu erraldoi bat da. Txina, Europako Batasuna, India, Japonia, Hego Korea, Errusia eta Ameriketako Estatu Batuak ari dira proiektuan lanean. “Zoritxarrez, askotan ikerkuntza gerretatik abiatu da, eta gero hortik ateratako ondorioak bizitza normalerako aprobetxatu dira, baina horrek ez du zertan horrela izan. Kasu honetan nazioarteko adostasuna eta elkarlana dago”, gaineratu du Peñalvak.
Biologia
Igelek egiten duten antzera egin dute salto artikulu honen egileek Titikakatik Borneora, han topatuko baitugu gure protagonista: Barbourula dugu birikarik gabeko igel bakarra. Borneon aurkitu zuten 1978an. Disekzioa egitean aurkitu dute birikarik gabea dela. Barbourularen banakoak aztertu dituen Singapurreko Unibertsitateko ikertzaile baten iritziz, ur-lasterretan bizitzeko moldaera da birikarik ez edukitzea. Birikek flotatzea errazten baitute.
Genetika
CRISPR teknikari esker, banan-banan T linfozitoen gene guztien miaketa egin, eta GIB birusaren infekzioari aurre egiteko gakoak izan daitezkeen faktoreak identifikatu dituzte. T linfozitoen bost gene identifikatu dituzte -horietatik hiru identifikatu gabeak ziren-. Elhuyar aldizkariak azaltzen digu kontua: Geneok gakoak dira haiek desaktibatuta birusak ezin dituelako T zelulak infektatu, baina aldi berean gene horiek ez dutelako baldintzatzen T linfozitoen bideragarritasuna –geneok isilarazita ere, bizirik diraute–. Hortaz, gene horiek mutatuta dituzten T linfozitoak erabiltzeak GIBaren infekzioari aurre egiteko botika eta terapia eraginkorrak diseinatzeko balio lezake.
2016ko albiste zientifiko nabarmenenak
2016an albiste izan direnak bildu ditu Elhuyarrek artikulu honetan. Gogoratzen dituzue?
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.