Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia
Oxigenoa
Lurraren historian zehar asko aldatu da atmosferaren O2-kontzentrazioa. Hasieran ez zegoen oxigenorik. Gero, kontzentrazio baxuko eta kontzentrazio altuko aldiak izan dira, beste gasekin (CO2 eta CH4, esaterako) gertatu den bezala. Atmosferaren oxigeno-kontzentrazioa % 20’5ekoa da gaur egun, baina % 35ekoa izatera heldu zen iraganean eta % 15ekoa izan da metazooak agertu zirenez geroztik gertatu den O2-kontzentraziorik baxuena.
Lurraren historian zehar gertatu diren oxigeno-kontzentrazioaren aldaketak aipatu ditugu aldaketa horiek zerikusi zuzena dutelako, nonbait, zenbait espezieren banakoek lor dezaketen tamainarekin. Karbonifero izeneko aldia, zenbait animalia talderen gigantismoaren aroa izan zen. Erraldoi gehienak intsektu hegalariak ziren, baina artropleurido (artropodo iraungiak), milazango eta Labyrinthodontia (anfibio iraungiak) azpiklaseko espezie lehortar batzuk ere erraldoiak ziren.
Ikus ditzagun aipatu gigantismo horren hiru adibide: 0’7 metrokoa zen Protodonata ordenaren sorgin-orratz iraungi baten hegalen punten arteko zabalera; eta baziren metro bateko luzera zuten milazangoak eta 2 metroko arrabioak ere (pentsa ze sustoa hartuko genukeen holakoekin topo egingo bagenu!).
Bada, Karboniferoa izan da Lurraren historia osoan oxigeno-kontzentrazio altuena gertatu den aldia. Espezie batean oxigenoa kanpo-mediotik ehunetara iristeko barreiatze-prozesuek garrantzia dutenean, arnas medioaren oxigeno-kontzentrazioak neurri handian baldintza dezake espezie horren tamaina. Izan ere, eguratsaren O2-kontzentrazioa % 35era iristen bada, % 67 altuagoa da O2-aren barreiatze-tasa. Igoera hori garrantzi handikoa da arnas sisteman barreiatzearen menpekotasun handia duten animalientzat. Horien artean daude larruazal-arnasketa erabiltzen duten anfibioak eta, noski, barreiatzearen guztiz menpekoak diren trakea-sistema dutenak ere. Hortaz, ez da batere harritzekoa gigantismo kasu gehienak erakutsi dituen taldea intsektuena izatea, intsektuen arnas aparatua trakea-sistema baita.
Arnas egiteko beste modu bat atalean azaldu dugun bezala, trakea-sistemaren ezaugarriak direla eta, intsektuen tamaina mugatua dago eta ezin daiteke oso handia izan. Baina oxigenoa barreiatzeko baldintzak aldatzen direnean (O2-kontzentrazioa aldatzen delako, adibidez), tamainaren muga ere aldatzen da; horixe da hemen ikusi ahal izan duguna. Gauza bera gertatzen da gaur egungo anfibio urodeloekin; larruazal-arnasketaren menpekoak direnez, euren tamaina ere mugatuta dago, eta horretxegatik heldu ahal izan ziren zenbait espezieren banakoak 2 metroko luzerara Karboniferoan.
Hemen aurkeztu duguna hipotesi bat baino ez da, baina oinarri sendoak dituen hipotesia. Alde du, gainera, Permiar aldian batera gertatu ziren O2-kontzentrazioaren jaistea eta espezie erraldoien iraungitzea. Gero, beste aldi batean, Kretazeoan, baldintza hiperoxikoak itzuli ziren eta, O2-kontzentrazioaren igoerarekin batera, intsektu erraldoiak sortu ziren berriro ere. Efemeropteroak ziren Kretazeoko intsektu erraldoiak, eguratsaren O2-eskuragarritasuna jaitsi zenean berriro desagertu zirenak.
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.
1 iruzkina
[…] Baina DNAren bitartez egindako kalkuluen arabera duela 370-270 milioi urte agertu behar ziren (Karboniferoan edo […]