Urpekarien oxigenoa

Animalien aferak · Dibulgazioa

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Oxigenoa


Ugaztun gehienok lehortarrak gara, baina badira itsasoan bizi direnak edo bizimodu urlehortarra dutenak ere. Itsastarrak dira baleak eta izurdeak. Itsas elefanteak, itsas txakurrak eta itsas lehoiak, berriz, urlehortarrak dira. Urpekari apartak dira bai batzuk eta bai besteak. Aurreko istorioan azaldu dugunez, biriketan gordetako airearen nitrogenoak kalte larriak ekar ditzake; hori dela eta, itsas ugaztunek ez dute biriketan kasik airerik gordetzen urperatzera doazenean.

Hori horrela, eta biriketan oxigeno gutxiegi geratzen dela jakinda, nondik ateratzen dute, bada, itsas ugaztunek behar duten oxigenoa? Bi gordelekutatik ateratzen dutela da galdera horren erantzuna. Gordeleku bat odola bera da. Itsas txakurrek, esaterako, masa-unitateko odol gehiago dute gizakiok baino; ia bikoitza dute, zehatzak izateko. Gainera, oxigeno-kontzentrazioa balio altuagoetara hel daiteke haien odolean, odolaren hemoglobina-kontzentrazioa altuagoa baita. Horrek, hala ere, badu mugarik; izan ere, hemoglobinaren kontzentrazioa oso altua balitz, odolaren biskositatea altuegia izango litzateke, eta horrek lan handiegia emango lioke bihotzari odola ponpatzeko orduan. Hala ere, zenbait itsas ugaztunek [1] badute beste ezaugarri deigarri bat, uretatik ateratzen direnean eritrozito asko kentzen baitituzte zirkulaziotik eta barean gorde. Era horretara, eritrozitoen ehunekoa % 52tik % 38ra pasatzen da eta odolaren dentsitatea nabarmen jaisten.

Irudia: Itsas ugaztunek ez dute birikietan ia airerik gordetzen urperatzera doazenean. Behar duten oxigenoa bi kokalekutik hartzen dute, odolaren hemoglobinatik eta muskuluaren mioglobinatik.

Oxigenoaren bigarren gordelekua muskulua da. Ornodun guztien muskuluek, muskulu geldoek batez ere, mioglobina dute oxigenoa gordetzeko. Oxigenoa odoletik iristen da eta pigmentu horrekin konbinatzen da erabili baino lehen. Era horretara gordeta, konstante samar mantentzen da muskulu-zelulen oxigeno-kontzentrazioa. Horixe da edozein ugaztunetan gertatzen dena. Baina mioglobinarekin loturik dagoen oxigenoa beste ugaztunen muskuluetan dagoena baino askoz gehiago da itsas ugaztunetan, askoz ere mioglobina gehiago dutelako. Hona zenbait datu adierazgarri: gizabanakoen muskuluaren mioglobina-kontzentrazioa 6 g kg-1-koa da eta, aldiz, 50-70 g kg-1-koa da zenbait itsas txakurrena eta 76 g kg-1-koa zeroiarena.

Beraz, urpean denbora luzea igaro ahal izateko behar duten oxigenoa odolaren hemoglobinatik eta muskuluaren mioglobinatik ateratzen dute, birikek ez baitute horretarako balio. Guk biltegi berberak ditugu, baina urpekarienek askoz ere edukiera handiagoa dute.

Oharrak

[1] Ez dakigu ezaugarri hori itsas ugaztun denek ote duten ala ez.


Egileez:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@JIPerezIglesias) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

5 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.