Oxigeno gehiago garraiatu ahal izateko

Animalien aferak · Dibulgazioa

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Igeri egiten, lasterka egiten, hegan egiten


Irudia: Hemoglobina da oxigenoa garraiatzeaz arduratzen dena.

Oxigeno gehiago garraiatu behar denean bi aukera dituzte animaliek. Odolean arnas pigmentuaren (hemoglobina, hemozianina edo beste baten) kontzentrazioa igotzea da aukera horietako bat. Oxigenoarekin konbinatzen dira arnas pigmentuak eta horri esker izugarri handitzen da oxigenoa hartzeko eta ehunetara eramateko odolak duen ahalmena. Animalia batzuek hemoglobina asko dute; horixe da, esaterako, zetazeoen kasua. Aurreko atal batean ikusi dugun bezala, horri esker egon daitezke oso denbora luzez urpean. Muga bateraino, bestalde, odolaren hemoglobinaren kontzentrazioa handitu egin daiteke epe ez oso luzean; horixe da, hain zuzen ere, kirolari batzuek egiten dutena goialdeetan entrenatzen direnean, ganbera hipobarikoetan lo egiten dutenean edo eritropoietina (EPO) txertatzen dutenean. Baina hemoglobinaren kontzentrazioak badu gainditu beharko ez lukeen mugarik ere, zeren eta altuegia bada (globulu gorri gehiegi badaude) odola dentsoegi geratzen baita eta kapilarretatik mugitzeko arazoak izan baititzake.

Bada oxigeno gehiago garraiatzeko beste bide bat, hemoglobinaren kontzentrazioa igotzeko beharrik gabe. Biriketan oxigeno-kantitate bera hartuta, bada gehiago garraiatzeko modurik baldin eta ehunetara heltzean hemoglobinaren funtsezko ezaugarri bat aldatzen bada. Hemoglobinak oxigenoarekin duen kidetasunaz ari gara. Oxigenoarekiko kidetasuna jaisten bada zeluletara heltzean, pigmentuak zelulei oxigeno gehiago emango die nahiz biriketan kopuru bera hartu. Hau da, biriketatik igarotzen denean, hemoglobinaren oxigenoarekiko kidetasuna altua da, baina jaitsi egiten da ehunetara heltzean. Animalia askoren ezaugarria da hori, eta «Bohr efektua» deitzen zaio.

Oxigenoarekiko kidetasunaren kontzeptua azaldu ondoren, Jean-Marie Lehn Nobel saridunak zuzentzen duen ikerketa-taldeak egin duen aurkikuntzaren berri emango dugu, oso aurkikuntza interesgarria eta seguru asko erabilgarria baita. Hemoglobinaren oxigenoarekiko kidetasuna neurri handian jaisten duen gai kimiko bat aurkitu du Lehnen taldeak, eta kidetasunaren jaiste horri esker nabarmen handitzen da pigmentuak zelulei ematen dien oxigeno kantitatea; hau da, neurri handian handitzen da oxigenoa garraiatzeko odolak duen ahalmena sustantzia horren eraginez. Gai kimiko horrek myoinositol trispirofosfato (ITPP) du izena; duen eragina izateko, hemoglobinarekin konbinatzen da. Uretan disolbatuta edanez har daiteke eta, beraz, edonork erabil dezake.

Bihotzean kalteren bat edukitzeagatik ahalegin fisikoak egiteko mugak dituen jendearengan pentsatuz garatu dute ikerketa hau. Izan ere, bihotza kaltetuta izan arren, ariketa fisiko normala egin daiteke botika honi esker, ITPParekin konbinatuta dagoen hemoglobinak oxigeno gehiago askatzen baitu ehunetara heltzean. Bistan da, bestalde, botika hau oso erabilgarria izango litzatekeela erresistentzia-kirolen arloan, baina oso erraz hauteman daiteke eta, beraz, ez du inolako erabilgarritasunik izango kirolarien errendimendua hobetzeko.


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.