Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia
Oxigenoa
Uretako ugaztunez lehenago aritu gara, eta animalia horiek urpean egoteko erabiltzen dituzten mekanismoak zeintzuk diren azaldu dugu. Airean egiten dute arnasa ugaztun horiek, eta urpean daudenean odolean eta muskuluetako mioglobinan gordetzen dute oxigenoa. Horiexek dira erabiltzen dituzten oxigeno-biltegiak, odol-bolumen handia eta mioglobina-kontzentrazio altuak baitituzte.
Ugaztunez gain, badira bizimodu urtarra duten jatorri lehortarreko narrastiak ere. Horien artean, gainera, arnasteko bi modu daude, batzuek airean eta beste batzuek uretan egiten baitute arnas. Krokodiloek, zenbait dortokak eta itsas sugeek, esaterako, airea arnasten dute, eta hala ere urperatze luzeak egin ditzakete. Acrochordus, Cerberus, Farancia eta Nerodia generoetako sugeek 25-35 minutuko urperatze-aldiak egin ditzakete; itsas dortoka berdeak, bestalde, 50 minutu egon daitezke uraren azpian; eta ordu bat baino gehiago urpera daitezke itsas sugeak.
Desberdinak dira animalia horiek eta itsas ugaztunek urpean egoteko erabiltzen dituzten mekanismoak. Itsas sugeak, esaterako, gorputzaren luzera ia osoan zehar duten birika luzean gordetako oxigenoari esker egon daitezke urperatuta hain denbora luzez. Horrez gain, narrasti gehienek metabolismo-tasa jaitsi egiten dute urperatzen direnean eta, gainera, espezie batzuek metabolismo-bide anaerobioak erabiltzeko ahalmena dute.
Lehen esan bezala, narrasti gutxi batzuek uretan bertan egiten dute gas-trukea. Zenbait sugek eta dortokak jokatzen dute horrela; sugeek larruazaletik hartzen dute arnasa eta dortokek aho- eta faringe-barrunbetik. Kasu bietan gas-trukerako duten azalera oso handia ez den arren, badirudi nahikoa dela. Kontuan hartu behar da poikilotermoak direla eta, beraz, haien oxigeno- beharrak ez direla handiegiak.
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.