Zilarrak estuarioetan kutsatzaile gisa duen papera eta elementu honek kobrearekin duen elkarreragina aztertzeko, “Understanding the impact of silver as an emerging contaminant in the Ibaizabal and Gironde Estuaries” ikerketa egin du Ane Rementeria ikertzaileak.
Bizkaiko golkoko hiru estuariotan (Ibaizabal, Oka eta Gironda) egin da ikerketa eta bertako zilar-kontzentrazioa aztertzeko ostrak eta muskuiluak monitorizatu dira. Hiru dira ikerketak utzitako ondorio nagusiak:
- Ostrek muskuiluak baino metal kontzentrazio handiagoak bereganatzen dituzte. Oso erabilgarriak izan daitezke, hortaz, estuarioen ingurumen-egoera zein den jakiteko. Lortutako emaitzak bidea irekitzen du, Ane Rementeriaren ustez, Euskal Herrian ostrak gehiago erabil daitezen estuarioen egoera aztertzeko.
- Girondeko animaliek metal kontzentrazio handiagoak dituzte. Oka eta Ibaizabal estuarioetako animaliek kontzentrazio baxuagoak erakutsi dituzte.
- Zilarraren eta kobrearen konbinazioak areagotze efektua du, toxikotasun handiagoa erakusten du zilarrak kobrearekin elkarreraginean.
Estuarioetatik hurbil egiten den giza jarduerak eragina du ingurune horien orekan: degradatu egiten ditu eta funtzionamendu naturala aldatzen die. Europa mailan estuarioak kontserbatzeko prozesuak martxan egon arren, hainbat kutsatzaile agertzen dira oraindik uretan zein sedimentuetan; metalak, esaterako. Metalen artean, garrantzi berezia dute zilarrak eta kobreak, duten toxikotasunagatik eta ugaritasunagatik.
Girondako estuarioko ostrek oso zilar balio altuak zituztela, zilar asko metatzen zutela, detektatu zuen Bordeleko Unibertsitateko ikerketa batek. Ibaizabal ibaiak ere antzeko historia izan duela kontuan izanda; Ibaizabalgo (Arriluze), Okako (Murueta) eta Girondako (Bonne Anse eta Lafosse) estuarioetako zilar eta kobre kontzentrazioak eta haien eraginak aztertzea erabaki zuten Ane Rementeriak eta UPV/EHUko CBET ikerketa taldeak.
Bibalbioak, ostrak eta muskuiluak, aztertu dituzte estuarioetako zilar eta kobre mailak neurtzeko. Estuarioetan bizi eta mugitu ezin diren izaki iragazleak dira ostrak eta muskuiluak; kutsadura jasan eta metatzen dute, beraz. “Hemen muskuiluak erabiltzen dira gehien ikerketarako; Frantzian, berriz, ostrak. Ostrak erabiltzen dituzte Girondako estuarioan ikerketak egiteko, eta guk erabilera potentzial hori ikertu nahi genuen”, azaldu du Ane Rementeriak.
Metodologia
Biomarkatzaileak baliatu dituzte ikerketaren datuak lortzeko. Erantzun biologikoa da biomarkatzailea, “organismo bat kutsaduraren eraginpean dagoenean, erantzun biologiko neurgarri bat ematen du, izan daiteke proteina bat emendatzea edo zelula batzuk galtzea, eta guk hori neurtzen dugu”, azaldu du Rementeriak. Glandula digestiboen atrofia eta degenerazioa, edota alterazio histopatologikoak daude ikerketan behatutako aldaketen artean.
IBR (Integrative Biological Response) erabili dute neurketa horiek prozesatzeko. Beliaeff eta Burgeot (Environ Toxicol Chem 21:1316–1322, 2002) kalkulatutako indizea da IBR, monitorizaziorako tresna. Ikerketa honen kasuan, denboraren eta dosiaren menpeko ostren osasun egoeraren dinamika identifikatu dute honi esker.
Aurrera begira, gai honetan sakontzen jarraitzeko beharra azpimarratu du ikertzaileak: “interesgarria izango litzateke esperimentu gehiago eta epe luzeagokoak aurrera eramatea, ondo ulertzeko benetan zer gertatzen den animalia hauetan zilarraren eta kobrearen eraginpean daudenean”.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Ostrak bereziki baliagarriak dira estuarioetako zilar-kontzentrazioa aztertzeko