Egun, nonahi erabiltzen dira produktu kosmetikoak eta industria kosmetikoaren sofistikazioa oso handia da. Mundu-mailako merkatu garrantzitsua da: lau merkatu handienen baturak —Europar Batasuna (EB), Ameriketako Estatu Batuak (AEB), Txina eta Japonia— 166 bilioi euro inguruko pisua du, 2013. urteko datuen arabera. Produktu kosmetikoen erabilpen handia dela-eta, gizartean kezka dago kosmetikoen osagaien segurtasunari buruz eta kontsumitzaileengan izan ditzaketen albo ondorioei buruz.
Europar Batasunaren legediaren kasuan, 1223/2009 araudiak osagaien segurtasunari dagokionez, muga zorrotzak ezarri zituen. Araudian debekatutako osagaien zerrenda jasotzen da, eta baita erabilpen-mugak dituzten hainbat osagai. Produktuen etiketatzeari buruzko xehetasunak ere aipatzen dira eta, oro har, kosmetikoan dauden osagaiak etiketan identifikatu behar direla adierazten da. 1223/2009 araudiaren eranskinak dira, zalantzarik gabe, interes analitiko handienekoak, izan ere, bertan kosmetikoetan erabili ezin diren edo erabilpen mugatua duten substantziak sailkatzen dira. III. eranskinean, hain zuzen, artikulu honetan aztertzen diren alergenoak sailkatzen dira.
Badira zenbait substantzia, derrigor zerrendan jarri behar direnak alergiak eragiteko gai direlako. Substantzia horietako gehienak osagai usaintsuak direnez, lurrin alergeno edo PAS (potentially allergenic substances) deritze. PASak etiketan azaldu behar dira kontzentrazioa %0,001 baino handiagoa bada kosmetiko iraunkorren kasuan —perfumeak, kremak, eta abar—, eta %0,01 baino handiagoa bada eliminatzekoak diren produktuen kasuan —gelak, xanpuak, xaboiak, eta abar—.
Kosmetikoen etiketan alergenoei buruzko informazio hori ematea garrantzitsua da alergiak saihestu edo kontrolatu behar dituzten gaixoentzat bereziki, ukipen-alergien diagnosian lagungarria delako eta, hartara, alergia duten kontsumitzaileek kosmetiko horien erabilpena saihets dezaketelako.
Ekaia aldizkarian argitaratutako artikuluan substantzia alergenoak kosmetikoetan kuantifikatzeko zientzia-literaturan dauden analisi-metodoen berrikuspena egin da. Lurrin alergenoen analisia interes handiko alorra izan da azken urteotan, kontsumitzaileen segurtasuna bermatzeko nahia dela eta. Berrikusi diren metodo gehienak gas-kromatografian oinarrituta daude, eta horiek izan ziren garatu ziren lehenak. Hala ere, beste tekniketan oinarritutako metodologiak ere izan badira, hala nola likido-kromatografian eta elektromigrazioan oinarritzen direnak. Dimentsio biko gas-kromatografiak, bestalde, zehaztasun handiko analisiak egitea ahalbidetzen du, baina kostu ekonomikoa handiagoa da beste teknikekin alderatzen bada. Era berean, etorkizuneko erronka handia da araudian gehitzen ari diren beste zenbait substantzia alergeno analizatzeko metodoak garatzea. Izan ere, artikuluan aztertu diren 26 PAS klasiko horietaz gainera, badira beste batzuk Europako araudian gehitzen ari direnak. Guztira 82 dokumentatu dira, oraingoz —54 konposatu bakun eta 28 estraktu—, beraz, etorkizunerako erronka analitikoak ez dira txikiak.
Artikuluaren fitxa
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 29
- Artikuluaren izena: Substantzia alergenoen analisia kosmetikoetan.
- Laburpena: Kosmetikoei buruzko Europako araudian, erreakzio alergenikoak eragin ditzaketen 26 substantzia identifikatzen dira. Araudiaren arabera, halabeharrekoa da kosmetikoaren etiketan substantzien berri ematea, araudiak ezarritako kontzentrazioak gainditzen badira. 26 substantziatik, 24 ondo definitutako konpasatu lurrunkorrak dira, eta beste biak estraktu naturalak. Artikulu honek helburu modura hartuko du 24 substantzia alergeniko horiek kosmetikoetan kuantifikatzeko garatu diren analisi metodoak aztertzea eta laburtzea.
- Egileak: Josu Lopez-Gazpio
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 73-85
- DOI: 10.1387/ekaia.14536
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea da.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
1 iruzkina
[…] Lopez-Gazpiok kosmetikoak izan ditu aztergai artikulu honetan. Jakina da gizartean kezka dagoela kosmetikoen osagaien segurtasunari eta kontsumitzaileengan izan ditzaketen albo ondorioei dagokienez. Badira zenbait substantzia, derrigor zerrendan jarri behar direnak alergiak eragiteko […]