Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia
Janaria
Alkohola gizakiaren laguna izan da milaka urtetik hona. Denek ez dute gustuko eta denek ez dute onartzen, baina asko gara alkohola duten edariak maite ditugunak. Baina gizakiok ez gara horretan bakarrak. Gainerako primateei eta beste ugaztun herbiboroei hartzituriko fruituak gustatzen zaizkie, horiek jateko aukera dutenean.
Alkohola, fruitu helduek daukate, elikagaietan aberatsak diren fruituek, eta jateko gogoan duen eragin sustagarria oso onuragarria da zenbait belarjalerentzat, janari-iturri iraungikorra dutenentzat batez ere. Hori dela eta, pentsatu behar dugu fruitu alkoholdunak dituzten landareen eta horien kontsumitzaileen artean koeboluzio-prozesu bat gertatu dela, eta prozesu horretan, alde bakoitzak ―landareak eta animalia kontsumitzaileak― moldaera osagarriak garatu dituztela. Hortaz, landareek fruituetan edo lore-nektarrean zenbat eta alkohol gehiago ipini, herbiboroek alkohola onartzeko eta metabolizatzeko hainbat eta ahalmen handiagoa garatu. Animalientzako onura zein den esana dago, eta landareek horrela polinizazioa eta hazien sakabanatzea erraztea lortzen dute.
Duela urte pare bat kontu honi buruzko ikerketa interesgarri bat argitaratu zen. Malaysiako oihanetako palmondo (Eugeissona tristis) eta satitsu zuhaiztar baten (Ptilocercus lowii) arteko harremanaren ezaugarriak aztertu zituzten ikerketa horretan. Palmondoaren loreak % 3’8ko alkohol-edukia duen nektarra sortzen du bere legamiei esker. Satitsuei (eta, neurri txikiagoan, Nictycebus coucang loris geldoei) loreetara heltzen uzten ez zitzaienean, palmondoak normalean ekoizten zuen fruituen erdia ematen zuen. Beraz, animalia horien ohiko elikatze-jarduerak ez murriztea funtsezkoa omen zen palmondoen fruitu kopurua mantendu ahal izateko. Ikerketan behatutakoaren arabera, gautarrak diren ugaztun txiki horiek bi orduz elikatzen ziren nektarrez gauero. Hortaz, nektarra zen, alde nabarmenarekin gainera, haien janari-iturri nagusia. Zoritxarrez, satitsuek balioesten dutena alkohola ote den jakiterik ez dago, nektarraren beste zenbait osagai izan baitzitezkeen satitsuek benetan maite zutena. Nolanahi ere, alkohola onartzeko ahalmen handia garatu dute. Begira zer neurritan onartzen duten alkohola: tamainaren eragina zuzenduz gero, bi orduko janaldi horietan satitsuek harturiko alkohola nahikoa eta sobera izango litzateke gugan izugarrizko mozkorra eragiteko.
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.
1 iruzkina
[…] erraztea lortzen dute. Honi buruzko ikerketa bat publikatu zuten duela urte pare bat. Bertan, Malaysiako oihanetako palmondo eta satitsu zuhaiztar baten arteko harremanaren ezaugarriak aztertu zituzten ikerketa horretan. Palmondoaren loreak % 3’8ko alkohol-edukia duen nektarra […]