Eguzkia hartzeko zioak

Animalien aferak · Dibulgazioa

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Janaria


Askotan kolore berdez tindaturik agertzen dira Britainia Handiko hegoaldeko eta Bretainiako kostaldeetako hondartzak. Hasiera batean alga baten ugaritzearen ondorioa dela dirudi, baina hurbiletik aztertuz gero, argi ikus daiteke hondartzari kolorea ematen diona ez dela alga bat. Algak ez dira lehorrean berez mugitzeko gai, eta hondartza gainean dagoen kolore berdeko materia hori mugitu egiten da. Ez dira, ez, algak hondartza horietan dabiltzanak, zizareak baizik. Acoelomorpha filumeko Symsagittifera roscoffensis izeneko zizare lauak [1] dira, zehatzak izateko.

1. irudia: Bretainiako kostaldean sarritan “marea berdeak” izaten dira.

Horietako har gazte bat mikroskopiopean jartzen bada, erraz ikus daiteke hestea eta zelula parenkimatikoak Tetraselmis generoko mikroalgaz beterik daudela. Horixe da zizarearen kolore berdearen zergatia. Bizimodu berezia du Symsagittifera horrek. Gaztea denean mikroalgak jaten ditu, baina ez ditu digeritzen, eta sinbionte gisa geratzen dira zizarearen barruan. Mikroalgek, bestalde, ez dute fotosintesia egiteko ahalmena galtzen, eta zizarearen garrantzizko energia-iturri bilakatzen dira horri esker. Hogeita bost mila mikroalga zenbatu izan dira zizare bakar batean.

Funtsezko aldaketa anatomiko zenbait gertatzen dira heldutasunera iritsi orduko, bizitzaren aldi horretan ahoa eta hestegorria galtzen baitituzte. Hortik aurrera, mikroalgak dira Symsagittiferaren energia-iturri bakarrak: fotoautotrofo bilakatu dela esan genezake. Beraz, bai, animalia da zizare hori, baina animalia xelebrea: eguzkitik lortzen du energia, eta karbono dioxidotik karbonoa.

2. irudia: Symsagittifera roscoffensis zizare lauak oskol baten barruan. (Argazkia: Wikipedia / CC BY-SA 3.0 lizentziapean)

Gainera, eguzki-argia jasotzeko moldaera egokiak ere garatu ditu. Nerbio-sistema bakuna duen arren, Symsagittiferak baditu pigmentu-koparen moduko bi begi eta estatozisto [2] bat buru aldean. Eguzki-izpiak ahalik eta modu eraginkorrenean hartu ahal izateko, kokapen egokia bilatzen du egitura horiei esker.

Bistan da, beraz, gizonak eta emakumeak ez garela eguzkia hartzea gustukoa dugun animalia bakarrak. Eguzkia hartzeko zioak, baina, ez dira berdinak gizon-emakumeotan eta zizareetan.

Oharrak

[1] Duela gutxi arte, Convoluta roscoffensis izenekoa.

[2] Estatozistoa organo edo egitura mekano-hartzailea da, eta espazioan animaliak duen kokapenari buruzko informazioa hartzen du.


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

4 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.