Onddo erresistenteari aurre egiten

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Lomentospora prolificans (L. prolificans) onddoak orain arte ezagutzen ez zen erresistentzia mekanismo bat daukala frogatu du UPV/EHUko Fungal and Bacterial Biomics ikerketa-taldeak.

1. irudia: Lomentospora prolificans onddoa.

Hari formako onddoa da L. prolificans (lehen Scedosporium izenez zen ezaguna), lizun taldekoa da, egoera txarreko elikagaietan (fruituetan, ogian) ikus daitezkeen onddoak bezala. Mikroorganismo multierresistentea da eta egun erabiltzen diren antifungikoei (onddoen aurkako antibiotikoei) erresistentea.

Onddoak ez du minik eragiten pertsona osasuntsuengan immunitate sistemaren babesari esker. Oso infekzio larriak sor ditzake, baina, immunitate sistema ahula duten pazienteengan (minbizia tratatzeko kimioterapia hartutakoek ala HIESA dutenek, adibidez) eta %80-100 hilkortasun tasa du.

Lomentospora prolificans antifungikoei erresistentea da, bera bezalako hari formako onddoek sortzen dituzten mikosiak tratazeko botikak ez dira eraginkorrak. Onddo honi aurre egiteko medikamenturik erabiliena voriconazola da, eraginkortasun handiena erakutsi duena baita. Hala ere, eraginkortasuna oso baxua da.

Metodologia

Lomentospora prolificans onddoa voriconazolarekin tratatzean jasaten dituen aldaketak ikertu dituzte. Zehazki, zelula hormaren arkitekturan eta konposizioan gertatzen diren aldaketak, voriconazolari erresistente izatea ahalbidetzen duten mekanismo eta molekulak identifikatzeko.

  • Egitura

Egiturari dagokionez, medikamentuaren dosiaren araberako zelula hormaren zabaleraren handitzea eta luzeraren txikitzea izan da behatutako aldaketa. Hormaren zabaleraren aldaketa, gainera, kanpo geruza fibrilarrean gertatzen dela zehaztu da.

2.. irudia: Tratatu gabeko zelularen hormaren (CTRL) eta voriconazolarekin tratatutako hormaren (VRC) alderaketa.
  • Konposizioa

Hormaren konposizioaren analisiak, bere aldetik, karbohidratoen konposizioan aldaketak erakutsi ditu, tratatutako zeluletan kantitatea handitzen delarik. Honekin batera, kitina kontzentrazioan ere aldaketak behatu dira, dosiaren araberakoak hauek ere; zenbat eta voricazol gehiago, orduan eta kitina gehiago.

Horretaz gain, mintzari eragiten dion SDS agentearekin eta hormari eragiten dioten kalkofluor-zuri eta kongo gorria agenteekin batera aplikatu da voriconazola, konposatu hauekiko sentsibilitatea neurtzeko. Agente hauek voriconazolaren eraginkortasuna handitzen dutela frogatu da.

Azkenik, proteina lokalizazioak aztertu dira eta espresioan ezberdintasunak topatu dira, baita voriconazolarekin tratatutako zeluletan bakarrik agertzen den lokalizazio bat identifikatu ere.

Tratamendurako lehen pausua

Oinarrizko ikerketa da honakoa, beharrezko ezagutza sortzen ari da etorkizunean terapia berriak diseinatu ahal izateko.

Onddoa voriconazolarekin tratatzean zelula horman gertatzen diren aldaketak behatuta, orain arte ezezaguna zen erresistentzia mekanismoa aurkitu du ikerketak, praktikan onddoari aurre egiteko botika eraginkorrak diseinatzea ahalbidetu dezakeena.

Fernando L. Hernando, Aitor Rementeria eta Andoni Ramirez irakasleek zuzendu dute ikerketa eta Aize Pellón ikerlariak (bere doktore tesiari esker sortu da azterlana), Idoia Buldain, Xabier Guruceaga eta Aitziber Antoran ikerlariek hartu dute parte UPV/EHUko Fungal and Bacterial Biomics taldearen baitan.

Erreferentzia bibliografikoa:
Aize Pellon, Andoni Ramirez-Garcia, Idoia Buldain, Aitziber Antoran, Aitor Rementeria, Fernando L. Hernando. Molecular and cellular responses of the pathogenic fungus Lomentospora prolificans to the antifungal drug voriconazole. PLOS ONE 12(3): e0174885. DOI: 10.1371/journal.pone.0174885.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: %90eko hilkortasuna eragin dezakeen onddo baten erresistentzia-mekanismo bat azaldu dute

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.