Pitoiaren baraualdia

Animalien aferak · Dibulgazioa

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Janaria


«Erreginatxo marraduna» izenburuko atalean ikusi dugun bezala, Dendroica striata hegaztiak digestio-sisteman erregresio-prozesua gertatzen da migratu behar duen bakoitzean. Erregresio-prozesu horren ondorioz, funtzionalitatea (digeritzeko ahalmena) galtzen du digestio-sistemak, baina, horrela, energia asko aurreztu dezake erreginatxo marradunak. Izan ere, jan gabe egoten da migratzen ari den bitartean, eta jan gabe egonik, ez du merezi digestio-sistema lanean mantentzea, metabolikoki oso sistema aktiboa baita eta energia asko xahutzen baitu.

Jokabide hori ez da, inondik ere, salbuespen bat. Pitoia dugu, esaterako, jokabide beraren muturreko kasu bat. Hemen ikusi ditugun beste zenbait animalia bezala, «eseri-eta-itxaron» motako harraparia da pitoia. Hau da, ez ditu harrapakinak aktiboki bilatzen, itxaron egiten die. Hori horrela, denbora luzea (hainbat aste) igaro daiteke harrapakin bat pitoiarengana hurbildu arte. Gerta daiteke, bada, denbora luze baraurik egon behar izatea. Hortaz, erreginatxo marradunaren antzera, pitoiaren digestio-sisteman ere erregresio-prozesua gertatzen da, nahiz eta jan gabe egoteko arrazoiak desberdinak izan kasu batean eta bestean.

1. irudia: Pitoia, itsas zapoaren antzera, «eseri-eta-itxaron» motako harraparia da.

Hori bai, horren denbora luze baraurik egon ondoren, tamaina handiko harrapakinak ehizatu ditzake pitoiak, eta ez bakarrik ehizatu, baita osorik irentsi ere. Harrapakinak hain izan daitezke handi, ezen ehizakiaren pisua pitoiaren pisuaren % 70era hel baitaiteke.

Jakina, baraualdiaren ondoren funtzionalitatea galdua du digestio-sistemak, baina oso denbora laburrean berreskura dezake. Izan ere, Python molurus Birmaniako pitoiak, 24 ordutan, bikoiztu egiten du erdialdeko hestea, heste-epitelio berria sortuaz batez ere. Aldi berean proteina garraiatzaileen sintesi oso handia gertatzen da hestearen epitelioko zeluletan; izan ere, glukosa eta aminoazidoen garraiatzaileen dentsitatea hogei aldiz igo daiteke. Jarduera horren ondorioz, metabolismo-tasa berrogei bider handiagoa izan daiteke 24 ordu horiek igaro ondoren, sintesi-jarduerek metabolismo-behar handiak sorrarazten dituztelako.

Bitxia da, bai, pitoiaren digestio-sistemaren portaera, baina era berean zentzu handikoa, oso garestia baita digestio-sistema aktibo mantentzea. Hortaz, etekinik atera ezin daitekeenean, «itzali» egiten duela esan genezake. Oso malgua da, beraz, pitoiaren digestio-sistema, baina ez da ahaztu behar hau ez dela salbuespen bat, joera orokor baten muturreko adibidea baino.


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

1 iruzkina

  • […] hegaztiaren antzera, pitoiaren digestio-sisteman ere erregresio-prozesua gertatzen da. Hau da, jan gabe egonik, ez du digestio-sistema lanean jartzen, eta beraz, ez du energia xahutzen. Baraualdiaren ondoren funtzionalitatea galtzen du digestio-sistemak, baina oso denbora laburrean […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.