Ezaguera mota ezberdinen arteko harremana ezinezkoa badirudi ere, askotan horien arteko lotura beharrezkoa eta ezinbestekoa da. Arte eta zientzien ikerketa esparru ezberdinen arteko lotura horren argibide argia da. Sormen artistikoa eta ikerketa zientifikoa elkarrekin bizi daitezkeela ideia konplexua badirudi ere, egia da zenbait profesionalek diziplina hauek bateratzen dituztela haien eguneroko lanean.
Horren adibide dira donostiar artista Esther Ferrer eta estatubatuar konpositore minimalista Tom Johnson, “Mugako elkarrizketak” programaren lehenengo edizioko protagonistak. Edizio hau datorren martxoaren 12an ospatuko da 19:00etan, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian (Bidebarrieta kalea, 4).
Ekitaldiaren helburu nagusia arte eta zientzien arteko elkarrizketarako gunea sortzea da. Horretarako, bizkaitar hiriburuan Euskal Herriko Unibertsitateko Josu Rekalde (Arte Ederrak) eta Raúl Ibáñez (Zientzia eta Teknologia) irakasleak elkartuko ditu. Ferrer eta Johnsonekin arituko dira bi artista hauek sormen prozesuan egiten duten matematikaren erabilerari buruz.
Ekitaldi hau “Bidebarrieta Zientifikoa” zikloaren barruan dago, hilean behin UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak puri-purian dauden zientzia gaiak hedatzeko antolatzen duten ekimena.
Hizlariak
Esther Ferrer donostiar artista aitzindaria da performance artean. Gainera, arte honen ordezkari nagusienetakoa da Espainian. Bere lanagatik sari ezberdinak jaso ditu, besteak beste, Arte Plastikoen Sari Nazionala (2008), Gure Artea Sariak (2012) eta Marie Claire de l’Art Contemporain (2014). Bere lanak mundu osoan zehar erakusten dira eta matematikei erreferentzia anitz egiten dizkiete (zenbaki lehenak, Pi zenbakiaren infinitua, geometria, espazioa eta denbora…) eta loturak dituzte minimalismoarekin, arte kontzeptualarekin eta feminismoarekin.
Tom Johnson musikaria Estatu Batuetako konpositore minimalista eta musika-teorialaria da. Bere konposizioetan itxura bakunak, eskala mugatuak eta matematika-elementuak erabiltzen ditu, adibidez, konbinatoria, simetria, zenbakiak edo fraktalak. Bere lanen artean hauek dira nabarmengarri: La ópera de las cuatro notas (Lau notadun opera,1972), Melodías Racionales (Melodia arrazionalak, 1982) eta Kientzy Loops, frantziar “Victoires de la musique 2000” sari nazionala jaso zuena. Melodia berrien artean hauek nabarmentzen dira: Galileo (2001), Mosaicos (Mosaikoak, 2002) edo Ritmos de Vertmont (Vertmoneko Erritmoak, 2008).
Hitzaldietara sarbidea doan izango da, nahi duen guztiarentzat eta bete arte; halere, sartu ahal izateko, liburutegian bertan jaso beharko dira gonbidapenak martxoaren 7a eta 12a bitartean. Gonbidapenak jasotzeko ordutegia goizeko 10:00-14:00 bitartean eta arratsaldeko 16:00-20:00 bitartean izango da, astelehenetik ostiralera.
Hara gerturatzerik ez dutenek streaming bidez jarraitu ahal izango dituzte hitzaldiak esteka honen bitartez.
Mugako elkarrizketak: Esther Ferrer, artista eta Tom Johnson, konpositorea
- Data
- Ordutegia
- 19:00etatik 20:30etara
- Tokia
- Bidebarrieta Liburutegia
- Helbidea
- Bidebarrieta 4, Bilbo