Gliomen modelizazioa: Erreakzio-difusio ekuazioa

Ekitaldiak

Gliomak buruko tumoreak dira eta erraz zabaltzen dira. Arratoiekin egindako esperimentuek erakusten dute, arratoi baten garunean tumorea ezartzen denetik aste betera glioma zelulak aurki daitezkeela nerbio-sistema zentralean.

Gliomen eredu matematikoa erreakzio-difusio ekuazioaren bidez adieraz daiteke. Hitzez esanda, tumorearen zelulen dentsitatearen aldaketa, tumore-zelulen difusioaren (mugikortasuna) eta tumore-zelulen gehikuntzaren berdina da. Eredua sortzerakoan besteak beste, kontuan izan behar da garunean bi eratako ehunak daudela (%60a materia grisa eta %40a materia zuria). Gizakietan eskanerrak bezalako irudi-teknikak erabilita materia zuriko eta griseko difusio koefizienteak kalkula daitezke.

Eredu matematikoek gliomei aurre egiteko erabilitako tratamenduen (erradioterapia, kimioterapia, erauzketa) emaitza ulertzeko eta ohiko irudi teknikekin iragarri ezin daitezkeen tumorearen inbasio bideak aurresateko balio dute. Gainera, gaixo hipotetikoak definitzea eta tumorea diagnostikatua izan denetik gaixo hauek izango duten biziraupena kalkulatzea ahalbidetzen dute.

Elisabete Alberdi matematikariak gliomen eredu matematikoak zelan gauzatzen diren azalduko du martxoaren 19an, Ondarroako Beikozinin arratsaldeko 18:30etan. Zientziaren Giltzak Elkarteak antolatu duen Gliomen modelizazioa: Erreakzio-difusio ekuazioa hitzaldian. Hitzaldia Periscopetik zuzenean jarraitu ahal izango da.

Fitxa biografikoa

Elisabete Alberdi Zelaia, Markina-Xemeinen jaio zen 1975ean, UPV/EHUn matematikan lizentziatu zen eta unibertsitatea berean doktoratu zen matematika arloan. 1998-2011 bitartean Lea Artibai ikastetxean irakasle aritu zen eta handik aurrera UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakaslea da, Matematika Aplikatua Sailean. Besteak beste, informatika, aljebra, geometria, eredugintza eta zenbakizko metodoak irakasgaiak irakasten ditu gradu eta masterrean. Guztira 60 lanetik gora publikatu ditu (artikulu zientifikoak, dibulgazio-artikuluak, liburuak, kongresuetako aktak, e.a.) eta 80 aurkezpen inguru egin ditu izaera anitzeko kongresu eta jardunaldietan. Ikerketa eta hezkuntza proiektu ugarietan parte hartu du eta ikerketari lotutako bost egonaldi egin ditu atzerriko unibertsitateetan . 2012tik Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) Matematika saileko sailburua da.

Gliomen modelizazioa: Erreakzio-difusio ekuazioa

Data
Ordutegia
18:30etatik 20:00etara
Tokia
Beikozini, Iparragirre kalea 10
Helbidea
Ondarroa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.