Tumore barneko heterogeneotasuna. Sarrera

Gorka Larrinaga, Iker Badiola eta José Ignacio López

Gaur egun minbiziaren tratamenduan etorkizun handiko bideak zabaltzen ari diren arren, aurkikuntza berriek agerian jarri dute minbiziaren konplexutasuna uste zena baino handiagoa dela. Mediku eta ikertzaileentzat aspalditik ezaguna da minbizi mota berbera gaixoaren arabera ezberdina dela eta ezberdin jokatzen duela. Honi tumore arteko heterogeneotasuna deritzogu. Baina gaixo berberean tumore bat bere inguru osoan aztertzen badugu, hor ere ezberdin jokatzen duten atalak topa ditzakegu. Tumore barneko heterogeneotasuna (TBH) deitzen den fenomeno hau berriki ari da ikertzen eta horren harira are konplexuagoa bilakatu da berez nahiko konplexua zen esparrua.

Sekuentziazio masiboko teknikak izandako garapen handiak agerian jarri du TBHak daukan benetako garrantzia klinikoa. Tresna sofistikatuak eta garestiak dira eta minbiziaren ezagutzarako pixkanaka inplementatzen ari dira. Hauei esker hurrengo pausua terapia berri eta pertsonalizatuak izango dira.

Minbizi gehienek TBHa garatzen dute euren bilakaeran zehar. Kasu batzuetan, TBHa urria da eta ez du askorik baldintzatzen tratamendua. Beste batzuetan ordea, gaixoen okerrerako, bera da tratamenduen porrotaren eragile nagusia. Terapia pertsonalizatuek tratamendua paziente bakoitzaren TBHra egokitzea dute helburu. Baina minbiziaren sendatze osoaren bidean aurrerapauso edo, batzuen iritziz, iraultza bat izan daitekeen hau, terapiak askoz garestiago bilakatuko ditu, osasun-sistemaren diru-kutxarentzako mehatxu bihur daitekeelarik.

TBHaren oinarrian dauden mekanismoak ez dira ondo ezagutzen. Minbizi-zelulen ezaugarri garrantzitsu bat ezegonkortasun genomikoa eta mutazioen agerpena da. Ezaugarri honek minbiziaren beste marka asko baldintzatzen ditu. Tumorearen bilakaeran zehar, atal ezberdinetako tumore-zelulen ezaugarri genetikoak ere ezberdin aldatzen dira, eta honela tumore-zelula talde ezberdinak sortzen dira tumorearen area osoan zehar.

1. irudia: Tumore barneko heterogeneotasuna (TBH): gibeleko tumore bat ikus dezakegu (metastasia kasu), non tumore-zelula talde ezberdinak agertzen diren. Jatorri komuna izan dezaketen arren, ezegonkortasun genomikoa eta mutazioak direla medio, ezberdinak bilakatu dira bai ikuspuntu genetikotik eta bai eskuratutako marken ikuspuntutik ere. (Egilea: Gorka Larrinaga)

Tumorearen eskualdekatze honen zergatiak argi ez dauden arren, fenomeno hau berezia, errepikaezina eta aurresan ezina da. Honek arazo handiak eragiten ditu minbiziaren tratamenduan. Azken finean, tumorearen atal batzuetako zelula talde batzuek ondo erantzuten diote tratamenduari, baina beste batzuk erresistente egin daitezke profil genetiko ezberdina daukatelako eta mutazio ezberdin horiek eraginda erresistentzia gaitasun hori eskuratu dutelako. Honela, paradoxikoa dirudien arren, minbizi aurkako tratamendu batek erresistenteak diren tumore zelulak aukeratzen laguntzen du. Minbizi-zelula talde erresistente hauek dira tratamenduaren porrotaren eta minbiziaren aurrera egitearen eragileak.

2. irudia: TBHren eragina minbizi-aurkako tratamenduekiko erantzunean. Aurreko irudiko tumore horretako zelula-talde guztiek ez diote berdin erantzuten tratamenduari. Batzuk kimioterapiarekiko sentikorrak diren bitartean besteek erresistentzia eskuratu dute. Zelula-talde edo klon erresistenteak gaixotasunaren berrerotzea edo tratamenduarekiko erantzun ezaren arduradunak dira. (Egilea: Gorka Larrinaga)

Tumore-zeluletan gertatutako modifikazio genetiko hauek berezkoak izan daitezke edota tratamendu ezberdinekiko moldatzearen ondorioa ere. Tumore-zelulak, bakteriak edota beste mikroorganismoak bezala, gai dira medikamentuen aurka babes-sistemak garatzeko, bere bilakaeran zehar eta tumore zelulen biziraupena bermatzeko benetako guda mikroskopikoa sortzen delarik tumorearen osotasunean.

Beraz, eboluzioak eta ekologiak, euren definizio klasikoan, zeresan handia dauka TBHren garapenean. Honetaz hurrengo kapituluetan arituko gara.

Erreferentzia bibliografikoak:

———————————————————————————-

Egileez:

Gorka Larrinaga, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikertzailea eta Erizaintza Saileko irakaslea da.

Iker Badiola, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta Zelulen Biologia eta Histologia Saileko ikertzailea da.

José Ignacio López, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Anatomia Patologikoko Zerbitzu burua eta ikertzailea da.

———————————————————————————-

Zer dakigu minbiziaz? artikulu-sorta

  1. Zer dakigu minbiziaz? Minbiziaren markak.
  2. Zer dakigu minbiziaz? Minbizi-zelula amak.
  3. Minbizia: zauri sendaezina.
  4. Tumorearen mikroingurunean ezkutaketan jolasten.
  5. Tumore barneko heterogeneotasuna. Sarrera.
  6. Tumore barneko heterogeneotasuna eta eboluzioa.

2 iruzkin

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #226 - Zientzia Kaiera

[…] mota berbera gaixoaren arabera ezberdina izan daiteke eta desberdin jokatzen ahal du. Honi tumore barneko heterogeneotasuna (TBH) deritzo. Terapia pertsonalizatuek tratamendua paziente bakoitzaren TBHra egokitzea dute helburu. Oraindik […]

Zer dakigu minbiziaz? Minbiziaren markak - Zientzia Kaiera

[…] Tumore barneko heterogeneotasuna. Sarrera. […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>