Zientzia, Artea eta Kaleko Kultura

Ekitaldiak

Kultura betidanik lotu izan da giza jarduerarekin eta, azken finean, gizakiaren existentziari zentzua ematen dioten ekintzekin. Zentzu horretan, mundua ezagutzeko, gure burua gainditzeko, gozatzeko eta nor bere baitan biltzeko sortzen dugun guztia kultura gisa defini dezakegu.

Hainbat diziplina hartzen dituen terminoa, non gizakiak, ezagutza modu anitzak sailkatzeko asmoarekin, eta garrantzi-maila desberdinak zehazte aldera, hainbat muga jarri dituen. Muga horiek zehaztean, bi kulturen estereotipoa sortzen da, zientziak eta arteak, eta baita goi- eta behe-mailako kulturak deritzenen arteko bereizketa. Baina, beharrezkoak eta baliagarriak al dira muga horiek?

Eztabaida horri heltzeko helburuarekin, eta artea eta zientzia elkarrekin lotzen dituen ikuspegia emateko, Bilboko Bidebarrieta Liburutegiak hurrengo maiatzaren 29an eta ekainaren 13an, “Zientzia, Artea eta Kaleko Kultura” izeneko hitzaldien zikloa eskainiko du.

Ekitaldi hau “Bidebarrieta Zientifikoa” zikloaren barruan dago, hilean behin UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak puri-purian dauden zientzia gaiak hedatzeko antolatzen duten ekimena. Ekitaldira gerturatzerik ez dutenek streaming bidez jarraitu ahal izango dituzte hitzaldiak KulturguneaTB bidez.

Fisika eta musika hizpide maiatzaren 29an

Maiatzaren 29an, arratsaldeko 7etan, emango zaio hasiera “Zientzia, Artea eta Kaleko Kultura” hitzaldien zikloari, diziplina anitzeko jardunaldi batekin, non parte hartuko duten Jaime Altozano eta Sharif Fernández musikagileek eta Almudena Martín Castro fisikari eta piano-jotzaileak.

Ekitaldira gerturatuko direnek mahai-inguru oso interesgarriaz gozatzeko aukera izango dute, non egun fisikaren eta musikaren arteko loturak, musikaren funtsezko alderdiak, eta rap-aren, musikaren eta olerkigintzaren artean dauden loturak aztertuko dituzten, goi- eta behe-mailako kulturaren arteko tartea aztertzeko.

Hitzaldietara sarbidea doan izango da, nahi duen guztiarentzat eta bete arte; baina aldez aurretik liburutegian bertan jaso beharko dira gonbidapenak maiatzaren 24tik 29ra, lehenengo hitzaldirako.

Gonbidapenak jasotzeko ordutegia goizeko 10:00-14:00 bitartean eta arratsaldeko 16:00-20:00 bitartean izango da, astelehenetik ostiralera.

Zientzia eta artea hizpide ekainaren 13an

Ekainaren 13an, arratsaldeko 7etan, egingo da zikloaren bigarren eta azken jardunaldia. Bertan, Deborah García Bello kimikariak, UPV/EHUko Oscar Gonzalez Mendia irakasleak eta Nuria Mora artistak kaleko artearen tekniken atzean dagoen zientziaren inguruan hitz egingo dute.

Hizlariek Bizkaiko hiriburuko liburutegira eramango dute pop arte mugimenduan, dadaismoan, dekorazioan, diseinuan eta kitsch mugimenduan erabilitako materialen esanahia. Goi eta behe kulturen artean aurki daitekeen enfrentamenduaren gakoak aztertuko dituzte, gainera.

Hitzaldietara sarbidea doan izango da; halere sartu ahal izateko, liburutegian bertan jaso beharko dira gonbidapenak maiatzaren ekainaren 8tik 13ra azken jardunaldirako.

Gonbidapenak jasotzeko ordutegia goizeko 10:00-14:00 bitartean eta arratsaldeko 16:00-19:00 bitartean izango da, astelehenetik ostiralera.

Hizlariak

Almudena Martin Castro Arte Ederretan lizentziatua eta fisikan graduatua da, baina piano ikasketak ere egin zituen. Besteak beste, egun, Quo, Radio Clásica eta Naukas hedabideetan erabiltzailearen esperientzia diseinatzen eta zientzia dibulgazioan jarduten du.

Oraingoan, artistak giza eboluzioaren ikuspegitik, musikaren eta mintzairaren arteko lotura saihestezina aztertuko du. Izan ere, gaur egun, musikologo eta paleoantropologo askok lotzen duten musikaren eboluzioa mintzairaren sorrerarekin.

Jaime Altozano, bere musika kezkak Internet bitartez partekatzeagatik ezaguna den musika-egilea eta -ekoizlea da. Bere YouTubeko bideoek 13 milioi bisitatik gora izan dituzte dagoeneko, eta denek partekatzen dute mezu bera: “Musika beste modu batean entzuten ikastea”.

Eta hori da, hain zuzen ere, maiatzaren 29ko jardunaldi honetako bere parte-hartzearen ardatza. Altozanok bidaia berezia egingo du musikaren historian zehar musika estilo gehienak elkarrekin lotuta daudela ikus dezagun.

Sharif Fernández musikagile eta rap abeslari espainiarra da. Musika egiten eta bertsoak sortzen 20 urte baino gehiago daramatza, eta hainbat disko eta “Lo vivido vivido” olerkien lana argitaratu ditu.

Bere laugarren eta azken diskoan, “Acariciado Mundo” izenekoa, Zaragozako artista arlo guztietan eguneratu da, flamenkora eta hip hop-erantz jo du, eta trap eta girotzeko musika ukituak ere eman dizkio bere musikari. Abeslariak etenaldia egingo du bere biran topaketa honetara gerturatu eta musikari eta arteari buruzko bere ikuspegi berezia emateko.

Deborah García Bello Kimika lizentziatua eta zientzia dibulgatzailea da. “Todo es cuestión de química” eta “¡Que se le van las vitaminas!” liburuak idatzi ditu eta, egun, bere Dimetilsulfuro blogean idazten du, Bitacoras 2014 sariaren eta 2016ko Dibulgazio Zientifikoko Tesla sariaren irabazlea. García Bellok hainbat komunikabiderekin egiten du lan, eta Komunikazio Zientifikoko Espainiar Elkartearen kide da, eta baita Komunikazio Zientifiko eta Teknologikoko Elkartearena ere.

Oskar Gonzalez Mendia Kimika Analitikoko doktorea da eta irakaslea Euskal Herriko Unibertsitatearen Zientzia eta Teknologia fakultatean (UPV/EHU). Nahiz eta bere ikerketa-lanak sendagaien analisian eta haien metabolomikaren azterketan oinarritzen den, azken hiru urteetan, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzko Graduan ere irakasle lanetan dihardu. Esperientzia horren ondorioz, zientziaren eta artearen arteko lotura aztertzeko gogoa sortu zitzaion.

Bere hitzaldian, Gonzalez Mendiak historian egin diren arte-faltsifikazio ezagunenei buruz hitz egingo du, eta baita haiek izan zuten ondorio ekonomiko eta kulturalei buruz ere. UPV/EHUko irakasleak Kimika Analitikoak artearen munduan artelanen egilea nor den argitzen duen garrantzia azpimarratuko du bere hitzaldian.

Nuria Mora PostGraffiti eta Street Art korronteetako artista garaikidea da, eta azken horren aitzindarietako bat da. Bere lana nazioarteko hainbat galeria eta museotan erakutsi da, besteak beste, Johannesburgoko Arte Garaikideko Museoan eta Londreseko Tate Modern-ean.

Zientzia, Artea eta Kaleko Kultura

Hasiera data
Amaiera data
Ordutegia
19:00etatik 21:00etara
Tokia
Bidebarrieta Liburutegia
Helbidea
Bidebarrieta Kalea 4, Bilbo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.