Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak bilduko ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta bilduta eskaintzeko helburu dugu. Zeri buruz hitz egin da sarean? Eman diezaiogun begirada bat.
Nagore Irazustabarrenak kazetariakArgia aldizkarian András Kornai hizkuntzalari eta matematikari hungariarrak burutu duen ikerketa bati erreparatzen dio. Digital Language Death, hizkuntzen heriotza digitala da Kornairen lana eta Plos One aldizkari zientifikoak argitaratu zuen artikulua iaz. Munduan dauden 7.700 hizkuntzetatik gora, egun, 2.500 desagertzeko arriskuan daudela ebatzi dute hainbat iturrik. András Kornaik ingurune digitalean hizkuntzek bizi duten egoera aztertu du eta ikuspegi are gordinagoa plazaratzen du haren lanak. Izan ere soilik hizkuntzen %5ak biziraungo du Interneten, gainontzeko hizkuntzak hilzorian daude edota hilik jada. Kornairen arabera, eten digitalak zuzenean eragiten du hizkuntzen biziraupenean: Heriotza zigorra interneten erabiltzen ez diren hizkuntzentzat.
Erresuma Batuan Bigarren Mundu Gerraren aurretik oso jende gutxik zuen interesa zientziarekiko. Herritar gutxik zuen unibertsitatera joateko aukera eta zientzia-gaien inguruko jakin-min handirik ez zegoen. Hala ere, zientzia herritarrengana hurbiltzeko proiektu ugari jarri ziren martxan XX. mendeko lehen hamarkada horietan. Amaia Portugal kazetariak Peter J. Bowler zientziaren historialariak Donostian emandako hitzaldi baten entzundakoak laburbildu ditu Zientzia Kaiera blogea. Bertan, Erresuma Batuko XX. mendearen hasieran herritarrengana zientzia hurbiltzeko dibulgazioa nola egiten hasi ziren kontatzen digu Kultura zientifikoa sustatzen lehenak artikuluan.
Ibon Larrazabal Argia aldizkariko blog komunitatean idazten du Liber Prodigiorum blogean. Asteon historiaurreko tenplu bitxi bati buruz idatzi du, lur azpian dagoen tenplu bakarra, Hal Saflieniko Hipogeoa. Kristo aurretik 2.500. urtean eraikita omen dago eta 1902. urtean aurkitu zuten kasualitatez. Hiru solairutan banatzen den tenplua nekropoli bat bihurtu zen denborarekin eta Stonhengeko harrespilak edo Egiptoko piramideak baino zaharragoa da. Hau da, munduko lurrazpiko eraikin zaharrena da eta berau eraikitzeko, ingeniaritza arazo konplikatuei erantzuna eman behar izan zieten eraiki zutenek. Xehetasun guztiak Hal Saflieniko hipogeoa: Harri Aroko burmuin garbilekuan.
Gure genomaren %2a neandertala da, esan zigun orain dela gutxi Carles Lalueza-Fox paleogenetistak. Genetikari esker neandertalei buruz ia dena ezagutuko dugu laster. Mikel Iriondo EHUko irakasleak Berrian genetika eta neandertalak dakarkigu baina beste hari batekin lotuak. 1.000 Genoma: giza bariazio genetikoaren katalogoa proiektua aurkezten digu Mikelek. Proiektu horretan mila gizakiren genomak sekuentziatu dituzte gure espeziearen genoma mailako aldakortasuna zehazteko helburuarekin. Behin hau eginda 1.000 genomen proiektuko datuak hartu eta egungo gizakietan neandertalen genoma zatiak bilatu dituzte. Emaitzen arabera Afrikatik kanpoko gizakion DNAren %1-%3 neandertaletatik datorrela baieztatu dute. Proiektuaren xehetasunak eta ikerketen emaitzak Neanderthalak eta gu artikuluan.
Elhuyar aldizkarian Iñaki Leturia kazetariak Yale eta Lyongo unibertsitateetako ikertzaile bik plaken tektonikaren sorreraren azalpenei egin dioten ekarpena plazaratzen digu. Tektonikaren gertaera ulertzeko gakoa, euren ustez, Lurraren azala osatzen duten mineralen ezaugarri mikroskopikoetan datza. Izan ere, duela 4.000 milioi lurrazala azpiko mantuaren gainean dilatatzen eta uzkurtzen zen, presioaren eta tenperaturaren eraginez. Azala osatzen zuten mineralek egoera horren pean zuten erantzunaren arabera ahulguneak sortu ziren toki batzuetan. Mineralak ale txikiagotan banatu ziren lekuetan, azala mehea eta ahula bilakatu zen. Hori dela eta, mantuan hondoratuz joan zen eta hausturak gertatu ziren azalean. Haustura horiek dira gaurko plaken arteko mugak. Xehetasunak Plaka tektonikoak nola eratu ziren azaldu dute artikuluan.
Javier San Martín kazetariak Zientzia Kaiera blogean argitaratu duen artikuluan erakutsi digu, egun, izugarri aurreratu garela pentsatu arren, ohitura batzuk Erdi Pleistozenoan bezala gauzatzen ditugula. Zotzak erabiltzen ditugu sarri askotan. Ohiko gauza bat da batez ere otorduen ostean mahaiaren bueltan mahai-lagunak hortz-zotzekin ikustea. Ohitura hau ez da berria, izan ere, Homo erectusak hortz-zotzak erabiltzen zituen duela 500.000 urte. Ondorioa Txina Ekialdean dagoen Yiyuango aztarnategian aurkitutako frogak izan dira. Bertako Homo erectus espezieko hiru kideen hezurrek adierazi baitute “zotzak” erabili zituztela ahoa garbitzeko. Agian, ez gara hainbeste aldatu, ezta? Erantzuna, Javierren artikuluan: Kultura migrazioak: zotzak erabiltzeko ohitura Txinatik iritsi zitzaigun duela 500.000 urte.
Gaixotasun genetikoa den Downen sindromearen oinarri sakonak ezezagunak dira oraindino. Urteetan pentsatu izan da 21 kromosomak zuela Downen sindromearen errua. Ikertzaileen arabera, 21 kromosomaren hirugarren alearen espresioak sortutako produktuen ondorioz azaltzen ziren sindromearen ezaugarriak. Baina Genevako Unibertsitate Ospitaleetako ikertzaile talde batek munduan 385.000 kasuetatik bakarrean gertatzen den kasu bat aztertu ondoren, 21 genearen trisonomia ulertzeko modua aldatu da. Medikuek, berdin-berdinak ziren biki monozigotikoen kasua izan zuen ikergai, batek Downen sindromea zuen eta besteak ez. Bien geneen azterketa egin zuten eta lortutako emaitzek, Down sindromearen desarauketa genikoa nola gauzatzen den ulertzeko baliagarria da. Ana Galarraga dibulgatzaileak ematen digu honen berri Elhuyar aldizkarian: Downen sindromea: kromosoma gehigarriaren eragina, genoma osoan.
1 iruzkina
[…] Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak bilduko ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta bilduta eskaintzeko […]