Aurpegiak ezagutzeko orduan, hobe gizakia eta makinak batera

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Arlo forentseko adituek aurpegiak ezagutzeko duten abilezia neurtzen saiatu dira ikerketa batean, eta adimen artifizialaren “abileziarekin” ere alderatu dute. Ondorio garbia atera dute: gizakiak eta adimen artifizialak batera emaitza hoberenak lortzen dituzte.

Gero eta zabalduago dago aurpegiak identifikatzeko teknologia, eta horren zabalpen azkarrak polemika piztu du behin baino gehiagotan. Modu automatikoan argazki digital batean nor ageri den jakiteak aukera paregabeak eskaintzen dituen arren, teknologia horretaz egin daitekeen erabilpen desegokiak ere kezka eragin du.

Facebooken inguruan dagoen polemika da ezagunena. Enpresa pribatu batek ehunka milioiren lagunen aurpegiak eta datuak batera izateak zalantzak areagotu ditu, are gehiago sare sozial horrek pribatutasunaren alorrean izan dituen segurtasun akats nabarmenen berri izan denetik. Facebookek adimen artifizialean oinarritutako aurpegi ezagutza martxan jartzeko erabilitako argudioa segurtasunean oinarritu da: modu horretan, erabiltzaileak aukera izango luke beste norbaitek haren irudiaz egin lezakeen erabilpen desegokia kontrolatzeko.

1. irudia: Esperimentuan, parte-hartzaile bakoitzari aurpegien 20 irudi pare eskaini dizkiote, eta horiek lagun berarenak ote diren asmatu behar izan dute. (Argazkia: J. Stoughton/NIST)

Sare sozial batean tamaina horretako ezarpena txertatzeko aitzakia segurtasunean oinarritzea argudio makala dirudien arren, segurtasunari dagozkion beste hainbat arlotan aspalditik ari dira frogatzen pertsonen irudiak lantzeko antzeko teknologiak. Polizia ikerketaren alorrean bereziki software bereziak darabiltzate erretratu robotak egiteko, baina irudi batean nor agertzen den ezagutzea askoz konplexuagoa da, eta pertsonak artifizialki gazteago edo zaharrago irudikatzeko Photoshop bezalako tresna orokorrak edota eskuz egindako marrazkiak egiten direla aitortu diote kazetari honi hainbat polizia adituk.

Hau hala izanda ere, gero eta zabalduago dago aurpegiak atzemateko adimen artifiziala baliatzen duen teknologia; baina orain arte zeregin horretan gizakiak duen trebezia ezin izan du gainditu teknologiak. Argi dago datu masiboekin lan egiteko orduan teknologia oso baliagarria dela, baina lagun bakar bat identifikatzeko orduan, oraindik ere gizakiaren parte-hartzea ezinbestekoa da. Baina egoera aldatzeko zorian egon daiteke.

Hau arlo forentsean bereziki garrantzitsua izan daiteke gauzak txukun egitea. Eremu horretan, aditu batek egindako aurpegi baten identifikazioaren arabera ebatzi dezake epaileak auzi batean kartzela, askatasuna edo bestelako epaia egin behar duen. Zeregin horretan aritzen diren adituek urte askotako esperientzian oinarritu ohi dute haien jarduna, eta baita finkatutako hainbat arauetan ere. Adibidez, aurpegi baten oinarririk sendoena begien eta kokotsaren artean sortzen den hirukian dagoela diote adituek. Horiek eraldatzea edo “mozorrotzea” askoz zailagoa denez gero, gune horretan jartzen dute arreta gehien. Baina teoriak dioena eta praktikan izaten diren baldintzak oso bestelakoak izaten dira. Auzietan erabili ohi diren irudien kalitatea nahiko kaskarra da normalean, eta segurtasun kamerek gehienek goiko aldetik hartzen dituzte irudiak; ondorioz, irudiaren angelua dela eta, aurpegia desitxuratu egiten da.

Eskarmentuan oinarritutako abilezia gako izanda ere, teknologiaren laguntza ezinbestekoa da, eta etorkizunean are premiazkoagoa izango dela dirudi. AEBetako NIST Estandarren eta Teknologiaren Institutu Nazionaleko eta hiru unibertsitatetako ikertzaileek berriki zabaldutako ikerketa batek hala erakusten du. Adituen trebezia neurtu dute, eta gero adimen artifizialaren laguntza eskaini diete. Aldea nabarmena izan da.

PNAS aldizkarian zehaztu dituzte 184 lagunekin egindako esperimentuaren nondik-norakoak. Hiru multzotan banandu dituzte parte-hartzaileak: aurpegiaren ezagutzan trebatutako analista forentseak (87), aurpegiak identifikatzeko berezko trebetasuna duten lagunak (13) eta hain trebatuta ez zeudenak (84). Azken hauen artean hatz-marken analisian espezializatutako profesionalak edota ikasleak egon dira.

2 irudia: Erabili dituzten irudietako batzuk. Goiko aldeko argazkiak bi neska desberdinenak dira. Beheko aldeko argazkiak, berriz, mutil berarenak dira. (Argazkia: PNAS/moldatua)

Modu honetan garatu dute esperimentua: parte-hartzaile bakoitzari aurpegien 20 irudi pare eskaini dizkiote. Aurpegia lagun berarena ote den galdetu diete, eta parte-hartzaileek batetik zazpira doan eskala baten arabera eman behar izan dute erantzuna. Esperimentua egiteko, noski, nahita argiztapen kaskarrekin ateratako argazkiak erabili dituzte, identifikazioa zaildu aldera.

2015. eta 2017. urteen artean aurpegiak ezagutzeko garatutako azken lau algoritmoak probatu dituzte esperimentuan. Diotenez, garatuen dagoen algoritmoak adituen aditurik trebeenek eskuratutako marken parekoak lortu ditu. Halere, talde bakoitzaren barruan egin diren asmatze mailetan aldakortasun dezente aurkitu dutela nabarmendu dute. Parte-hartzaile batzuek oso ondo egin duten bitartean, beste batzuek bietatik batean baino ez dute asmatu. Epaitegietan normalean peritu bakar bat erabili ohi dela kontuan hartuta, egoera kezkatzeko modukoa dela iradoki dute ikertzaileek.

NISTeko ingeniari Jonathon Phillips-en esanetan, “mundu errealean izan ohi diren baldintzetan jardunez, analista forentse profesionalek aurpegiak identifikatzeko duten trebezia neurtzeko egiten den lehenengo ikerketa da”.

Bestetik, profesionalentzat lagungarriagoak diren algoritmoak aurkitu nahi izan dutela diote, beti ere, identifikazio zehatzagoak egin ditzaten. Baina, uste daitekeenaren kontra, ez dute ondorioztatu gizakiak ala makinak hobeagoak direnik, biak batera lan egitean doitasun handiagoa lortzen dutela baizik. Adimen artifizialean erabilitako algoritmoek profesionalei zehatzago izaten laguntzen omen die. Are gehiago, haragi-hezurrezko kide bat alboan edukitzea baino, emaitzek diote hobe dutela alboan adimen artifizial bat izatea.

Beti esan ohi da ikerketa gehiago behar direla, baina kasu honetan inoiz baino beharrezkoa da hori aipatzea. Izan ere, adimen artifizialak sortzen duen abantaila zergatik gertatzen den ez dute argitu ikerketa honetan. Hots, behaketan oinarritutako ikerketa izan da, baina horren atzean dauden zergatiak argitzeke daude. Emaitzek berehalako erabilpen praktikoa izan arren (agerikoena da adimen artifizialaren sarrera erraztea auzietan adituek aurkezten dituzten txostenetan), zioetan sakontzeak emango du seguruenera etorkizunean lanabes gehiago diseinatzeko modua. Bestalde, gizakien eta adimen artifizialaren arteko elkarlanak emaitza hobeagoak izatea itxaropena pizten du ere: elkarlana tresna indartsua izango dela dirudi. Lanabes horrek izan ditzakeen ondorio negatiboak edo positiboak, noski, gizakiak egindako erabilpenaren araberakoak izango dira. Gizakiari baino ezin baitzaio leporatu tresna horren erabilpena egokia den ala ez. Momentuz.

Erreferentzia bibliografikoa

Jonathon Phillips et al. Face recognition accuracy of forensic examiners, superrecognizers, and face recognition algorithms, PNAS (2018) May 29, 201721355. DOI: https://www.pnas.org/cgi/doi/10.1073/pnas.1721355115


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.