Astronautika
Asteroide batean bi ibilgailu jarri ditu Japoniako espazio-agentziak. Hori egiten den lehen aldia da. JAXAtik jakinarazi dutenez, bi ibilgailuak egoera onean daude, irudiak eta datuak bidaltzen ari dira. Asteroidearen irudiak lortzeaz gain, gainazaleko tenperatura neurtzen dute ibilgailuek. Baina misioa ez da hemen amaituko. Hayabusa2 espazio-ontziak beste bi zunda askatu eta asteroidean jartzea dute aurreikusita.
Sustatuk ere eman du albiste honen berri eta asteroidetik egindako argazkia ere ikus daiteke artikuluan. Testuan zehar Ryugu asteroidearen ezaugarriak ezagutu ditzakegu: kilometro bat inguruko diametroa du, eta ondorioz, oso grabitate baxua du. Hayabusa2 asko gerturatu behar izan zaio roverrak bere gainera askatzeko, 55 metroraino.
Kimika
Noizbait saiatu zara espagetiak bi zatitan banatzen? Lehendabiziko ikerketek azaldu zuten espagetia apurtzean alderantzizko indarrak eta bibrazioak sortzen direla eta horiek dira, hain zuzen, espagetia zati gehiagotan apurtzea eragiten dutenak. Josu Lopez-Gazpiok gogoratzen digu gainera, espagetien inguruko ikerketari esker bi fisikari frantziarrek lortu zuteko 2006ko Ig Nobel Saria. Orain, MITeko bi matematikarik espagetiak zatitzearen fenomeno hori azaltzea lortu dute eta, gainera, irtenbidea eman diote. Jo ezazu artikulura!
Medikuntza
2004an diagnostikatu zioten aplasia medularra eta 2006an hezur muineko transplante batek sendatu ondoren, mediku ikasketak hasi zituen Blai Signesek. Egun, mediku egoiliarra da Nafarroako Ospitale Gunean. Hezur muineko transplanteaz mintzatu da nagusiki: “Jendeak hezur muina ematea eta bizkarrezur muina ematea nahasten ditu, eta uste du oso mingarria dela, baina ez da horrela. Bizirik gaudela egin daiteke; hiru-lau ordutan sofa batean eserita egiten da, eta ez du minik ematen. Pertsona bati bizia salba diezaiokezu”.
EHUko irakasle batek gizakiaren eta makinaren arteko nahasketaren eta zibermedikuntzaren gaurko panorama erretratatu du nazioartean argitaraturiko txosten batean. Horretaz gain, Gorka Oribe teknologia hezurraren sorkuntzan aplikatzeko lanean ari da. Begi bionikoak, burmuinean txertaturiko elektrodoak depresioa tratatzeko, gorputzaren parametroak kontrolatzen dituzten tatuaje elektronikoak izan dira mintzagai artikulu interesgarri honetan. Ez galdu!
Neurozientzia
Neurozientzialariek aurretik ezagutzen zuten irakurketarekin lotutako eremu nagusia baina orain eremu hori bi zatitan banatzen dela argitu dute. Ikerketa honen arabera, atzealdeko zatiak ikusizko informazioa jasotzen du eta aurrealdekoa informazio lexiko-semantikoaz arduratzen da.
Genetika
Genetika herri-kulturan pisu handia hartzen ari da Koldoren ustez. Albiste, adierazpen edota publizitateetan aurki ditzakegu “gure DNAn dago”, “geneen boterea zure eskura” eta halako esaldiak. Koldoren esanetan, ordea, euren produktuari sinesgarritasuna emateko erabiltzen dute baina horrek zientzia gaizki interpretatzea dakar. Horregatik, testu honen bidez bere ardura azaltzen du, “primeran” dagoelako genetika kontzeptuak hedatzea baina betiere gizartea genetikan alfabetatzea helburu izanik.
Ingeniaritza
Adimen artifizialaren alorrean egiten diren aurrerapausoek miresmena eta kezka sortzen dute aldi berean. Adituek, beraz, adimen artifizialaren arriskuak ekidin eta onurak eskuratu nahi dituzte. Gaiaren alde etikoa da nagusiki nabarmentzen dutena. Arautze etikoa “konplexua” baina “beharrezkoa” dela azpimarratu dute. Orobat, partekatutako erantzukizunak ezartzen dituzten sistemen alde azaldu dira adituak.
Biologia
Elefante afrikarrari eta zeroiei buruz idatzi dute Juan Ignacio Perezek eta Miren Bego Urrutiak. Ezaugarri komunak dituzte bi espezie hauek, elkarrengandik gertu ez dauden arren. Lehenengoa, lehorreko espeziea da eta bestea, itsasokoa. Bizitza luzekoak dira biak, 60 urtera hel baitaitezke, eta bizitzaren bigarren hamarkadan heltzen dira ugaltze-heldutasunera. Janari tona asko jaten dute biek ala biek eta bide luzeak egiten dituzte janariaren bila joateko. Ezaugarri gehiago dituzte komunean, irakur ezazue artikulua osorik horiei buruz gehiago jakiteko.
Zilarrezko partikulen eraginpean zebra arrainek epe luzera jasandako ondorioak aztertu ditu ikerketa batek. Zilarra uretan agertzeko duen moduak (disolbatuta edo nanopartikulatan) eragina du metalak arrainen organoetan duen banaketan ikerketaren emaitzen arabera. Gainera, jakin da zilar disolbagarriak epe laburreko alterazioak eragiten dituela eta nanopartikulek, berriz, epe luzeagora.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.