Paleontologia, eboluzioa
Neandertalen toraxaren tamaina eta forma eztabaidagai izan dira duela 150 urte neandertalen lehen saihets-hezurrak topatu zirenetik. Orain, neandertal heldu baten toraxa birtualki berreraikita, ondorioztatu dute sapiensen toraxaren antzeko tamaina zuela, baina forma desberdina. Ikertzaileek iradoki dute neandertalen arnasketa-mekanika ere desberdina izango zela.
Asier Gómez-Olivencia eta Ella Been ikertzaileek gidatu dute lan hau. Hiru dimentsiotan berreraiki dute toraxa. Horretarako, egun Tel Aviveko unibertsitatean gordeta dauden fosilak baliatu dituzte, eta erabili dituzte ere Ordenagailu Bidezko Tomografia bitartez ornoei, saihetsei eta hezur pelbikoei egindako eskanerrak. “Gure lehenengo ezustekoa izan da uste genuela toraxa tamaina handiagokoa izango zela, baina ez da horrela izan”, adierazi du Gómez-Olivenciak. Horretaz gain, beste berezitasun bat azpimarratu dute tartean: saihetsen horizontaltasuna.
Teknologia
Gidaririk gabeko auto batek pertsonak saihesteko agindua du baina demagun bi errei daudela eta bakoitzean pertsona bat dagoela, bata gaztea eta bestea zaharra. Zer egin beharko luke autoak? MIT Massachusetseko Teknologia Institutuak esperimentu handi bat egin du jendearen iritzi moral edo etikoa ezagutzeko. Moralaren Makina (Moral Machine) deitu diote eta 233 herrialdetako milioika pertsonaren 40 milioi erantzun jaso dituzte horrelako egoeratan zer egin behar den jakiteko. Emaitzei dagokienez, ikusi da adostasun handia dagoela kasu batean: jendeak nahiago du pertsonak eta gazteak salbatu; eta asko badira, hobe.
Astronomia
Jupiterreko Orban Gorri Handiaren barruko fenomeno atmosferikoak askotarikoak direla agerian utzi du ikerketa batek. Beste lan batean, mundu osoko astronomo afizionatuek azken urteetan Jupiterreko atmosferan detektatutako bolidoen inpaktuei buruzko azterketa bat aurkeztu da. Kalkuluen arabera, tamaina horretako 10-65 inpaktu inguru gertatzen dira urtean Jupiterren. Horiek izan dira batik bat Juno misioak datozen urteetan egingo dituen ikerketen jomugak.
Paolo Nespoli astronauta elkarrizketatu dute Berrian. Italiarra iazko abenduan itzuli zen Lurrera eta orain Bilbon izan da bizitako esperientziak kontatzen. Misioei dagokienez, Nespolik dio egun “AEBk ez du ibilgailurik, eta Errusiaren espaziontziak erabili behar ditugu. Europan geure espaziontzia izango bagenu, denek erabiliko lukete orain”. Berak bietan izan da, AEBn espazio transbordadorean eta Errusiaren Soyuz kapsulan, eta horietan izandako esperientzia kontatu du. Bere misioak eta arlo honetan ematen ari diren urratsak ere izan ditu mintzagai.
Kimika
Haragiaren kolore gorriari buruz idatzi du asteon Josu Lopez-Gazpiok. Ziur denok pentsatu dugula noizbait kolore hori odolarena dela baina kimikak beste behin argitu digu zein den egiazko erantzuna. Haragiaren kolorea faktore askoren mende dago. Nagusiena, giharretan dagoen mioglobina izeneko proteina da. Izan ere, haragiak prozesatzean odol gehiena kentzen zaie. Orduan, supermerkatura iristen den produktuak ez du odol askorik. Horretaz gain, mioglobina ez dago odolean. Mioglobinak muskuluetara garraiatzen du oxigenoa eta bertan egoten da kontzentraziorik handienean. Berez, purpura kolorea du baina oxigenoarekin erreakzionatzen duenean hartzen du kolore gorria.
Ekologia
Planeta biziaren indizea deiturikoa neurtzeko ikerketak aurkezten ditu WWF mundu mailako erakundeak; ekosistemen bizitasunari erreparatzen diote indize horren bitartez. Hamabigarren ikerlanak agerian utzi du ekosistemek mehartzen eta eskasten jarraitzen dutela; azken datuen arabera, ornodunak %60 urritu dira 1970. urtetik hona. Galerarik handiena ur gozoko espezieetan izan da: %83 urritu dira. Laster, bioaniztasunari buruzko goi bilera egingo dute eta WWFk argi du: “Izadiaren aldeko akordio global baten oinarriak jarri behar dira, Parisen klimari buruzko goi bileran egin bezala”.
Hizkuntzalaritza
Lan honetan trataera formal bateratu bat aurkeztu da euskal aditz jokatuaren tempus, aspektu eta moduarentzat. Aditz esaeren bidez, gertaerak adierazi eta eremu semantiko konplexu batean kokatzen ditugu hizketa-gunetik hurbilago edo urrunago, dimentsio bietan zehar, denborarena eta modu zein modalitatearena. Artikuluak dioenez, euskal aditzaren morfologia oparoak eskaintzen du aukera paregabea haien ulertzerako. Bada, orain arteko azalpenak ez dira guztiz egokiak. Izan ere, azalpen egoki batek uztartu behar lituzke zenbait unibertsal semantiko eta haien euskarazko adierazpenak eta, horren bidez, erakutsi behar luke zergatik diren ez-gramatikalak hainbat adizki edo aditz-esaera, nondik datorkien besteei haien interpretazioa eta zein faktorek eta nola eragin dituzten aldaerak aurreko bi ideietan, geografian eta historian zehar.
Biologia
Klonak sortzeari buruz aritu da Cesar Tomé artikulu honetan. “Klon” hitza J.B.S. Haldane biologoak sortu zuen 1963an, grezierazko “adaxka” hitzaren baliokidea oinarrian zuena. Geneen erreplikazioaz aritzeko, baina, 70eko urteen hasieran erabiltzen hasi zen. Polimerasaren kate-erreakzioa Kjell Kleppe eta H. Gobind Khoranak deskribatu zuten. Hala ere, Kary B. Mullis kimikariak 1983an teknika garatzeak ahalbidetu zien zientzialariei gene baten milaka milioi klon sortzea saio-hodi batean. XX. mendeko 20ko urteen amaieran, Hans Spemann enbriologoak animaliak klonatzeko hurbilketa bat lortu zuen. Urrats horretatik jauzi handi bat eman zuten: ardi bat klonatzera iritsi ziren zientzialariak, Dolly izenaz bataiatu zutena. Ezagutu ezazue historian zehar arlo honetan eman ziren pauso guztiak.
Emakumeak zientzian
Irati Rodilla Ojeda, artikulu honetako protagonista, Fisioterapian graduatu zen Leioan eta egun Farmakologian doktoretza egiten dabil. Bertan, minaren aurka erabiltzen diren opioideen eraginkortasuna eta tolerantzia hobetzeko ikertzen ari da. Hasieratik argi zuen osasun-zientziaren bidea hartuko zuela, baina ez Medikuntza. Rodillaren esanetan, tesian ikasten ari denari esker hobeto ezagutzen ditu minaren eta analgesiaren mekanismoak. Izan ere, hori oso baliagarria da tratamendu fisioterapeutikoa hobetzeko eta baita alderantziz ere: “Fisioterapiak ematen duen ezagutzak ere osatzen du osasunari eta gaixotasunari buruzko jakintza”.
Arkeologia
Vichamako (Peru) aztarnategian ia hiru metroko murala aurkitu dute. Bertan, giza aurpegiak, sugeak eta hazi antropomorfo bat agertzen dira. Murala interpretatu ostean jakinarazi dute “emankortasunaren murala” dela eta Caral gune arkeologikoko zuzendari Ruth Shady arkeologoaren esanetan, “erliebe horiek klima-aldaketak giza populazioan dituen eragin katastrofikoak gogorarazten dizkigute”.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.