Asteon zientzia begi-bistan #224

Uxue Razkin

Klima-aldaketa

IPCCren txostena aurkeztuta, ugariak izan dira klima aldaketari buruzko iritziak. Txosten horrek berriro jarri du agerian klima aldaketari aurre egiteko premia Sonia I. Seneviratne IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeko kidearen arabera. Haren irudiko, oraindik ez da berandu egoera aldatzeko. Adibideak ematen ditu: “Energia berriztagarrietarako trantsizio azkarra egin behar da, erregai fosilak ordezkatuta. Hori oso azkar egin beharko litzateke. Oro har, txostenak erakusten du posible dela helburua erdiestea”.

Epaileek karbonoaren isuriak %25 murriztera behartu dute Holandako gobernua. Horien arabera, orain arte hartutako neurriak ez dira nahikoak. Gainera, adierazi dute karbono-isuriak ahal den azkarren murrizteak gutxitu egingo lituzkeela osasun-arazoak zein haiek eragindako kostuak. Ebazpenaren aurreko egunean aurkeztu zen klima-aldaketaren inguruko txosten berria eta horren arabera, planetak 2030-2052rako zeharkatuko du berotze globalaren 1,5 ºC-ko muga, eta horrek handitu egingo du muturreko lehorteak, uholdeak eta milioika pertsonentzako elikagai-eskasiak eragiteko arriskua.

Medikuntza

Jaio aurretik gaixotasun genetiko bat tratatzea lortu dute saguetan, CRISPR teknika erabiliz. Tirosinemia gaixotasun hereditarioa duten saguetan, gaixotasuna eragiten duen mutazioa isilarazita, gaitza garatzea eragotzi dute. Kasu honetan, mutazioaren eragina eragotzi dute edizio genetikoaren bidez, baina ez dute mutazioa zuzendu. Hori hurrengo pausoa izango litzateke.

Zenbait gaixok Disney World parkeko errusiar mendi batean ibili ostean, giltzurruneko harriak kanporatzea lortu zutela esan zioten David Wartinger mediku eta ikertzaileari eta honek hori ikertzea erabaki zuen. Ikerketa egiteko zientzialariek silikona gardenezko giltzurrunaren eta ureterraren hiru dimentsiotako eredua egin zuten. Datuak aztertuta, ikusi zuten gaixoek kontatzen zutena egia zela. Are gehiago, atrakzioko trenean hartutako eserlekuaren arabera probabilitate hori aldatu egiten da: Aurrekaldeko eserlekuetan kalkuluen %16,7 kanporatzen da, baina, atzekaldekoetan %63,9. Ig Nobel saria (Nobel sarien parodia bat da) jaso zuten Wartingerrek eta bere lankideek.

Kolonbiako Amazoniako Vismia baccifera landareak giza gibeleko minbizi-zelulen kontra darabilen mekanismoa argitu dute: zeluletan estres oxidatiboa eragiten du eta horrek, azkenean, zelulen heriotza dakar. Landare horri dagokionez, talde indigenek hanturari aurre egiteko erabiltzen dute, baita gernu-traktuko gaixotasunen edo larruazaleko gaitzen kontra. Ikerketan ikusi dute minbizi-zelulak bakarrik kaltetzen dituela, gibeleko zelula arruntei ez die eragiten.

Astronomia

Testuan azaltzen digutenez, gehienez ere, eklipse oso batek zazpi minutuko iraupena izaten du. Edmond Halley astronomoak grabitazio-fisika newtondarra erabili zuen Ilargiaren mugimendu orbitala kalkulatzeko, horren ondorioz, eguzki-eklipse baten ibilbidea lehen aldiz aurreikusteko gai izan zen 1715ean. Horrez gain, eguzki-eklipse oso bat informazio-iturri handia da, izan ere aukera ematen du beste era batera antzemateko zailak diren eguzki-ezaugarriak ikusteko. Halaber, eguzki-sistemako beste eklipse batzuek ere garrantzia izan dute astronomiaren historian. Ez galdu!

Antropologia eta eboluzioa

Historiaurreko gizakiek gaixoak zaintzeko familiatik harago eratu zituzten estruktura sozialak eboluzioaren giltzarrietako bat izan zirela proposatu du antropologo talde batek. Hain zuzen, kideak zaintzeak abantaila ebolutiboa ekarri ziola gizakiari. Ordenagailu bidezko simulazioa egin dute eta horri esker egiaztatu dute nola sortu ziren eta nola eboluzionatu zuten lehen “zaintza” sistema horiek.

Teknologia

Facebook-eko Portal izeneko gailu bat aurkeztu du, bere lehen hardware produktua. Funtsean, bideo-deiak egiteko tresna bat da. Aurkezten duen berezitasuna da ez dagoela pentsatuta sakelerako, baizik eta etxerako. Gailu hau hobeto ezagutzeko, jo ezazue artikulura.

——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

——————————————————————

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>