Lurraren bidean, Euskal Herriko geologiara hurbiltzen gaituen dokumentala aurkeztuko dute otsailaren 1ean Aranzadi Zientzia Elkarteak eta UPV/EHUk Kultur Leioa Aretoan.
Badirudi betidanik izan ditugula arrokak gure inguruan eta betirako sortuak direla. Elementu aldaezinen legez gure inguruan diraute eta hainbat sekreturen jabe dira. Arroketan paisaiaren eta klima-aldaketaren nondik norakoak idatzita daude eta gure lurraldearen erliebe ezberdinen zergatiak azaltzeko gai dira, geologoen lanaren eta ahotsen bidez. Lurraren bidean dokumentalak hori berori du helburu, Euskal Herriko geologiak gordetzen dituen iraganeko pasarteak irakurriz, paisaiaren ezaugarriak ulertzeko lagungarria den informazioa ematea.
Dibulgaziozko dokumentala hau Aranzadi Zientzia Elkartearen eta UPV/EHUren gidaritzapean ekoiztu da Bizkaiko Foru Aldundia, Leioako Udala, Otxoa de Barandika Fundazioa eta EiTBren kolaborazioarekin eta otsailaren 1ean aurkeztuko da, arratsaldeko 19:00etan Kultur Leioa Aretoan. Sarrera librea eta doakoa da.
Bertara urreratzen direnak Euskal Herriko geologiak gordetzen dituen iraganeko pasarteek esateko dutena entzungo dute. Milioika urtetako bidaia egingo dute, itsaso tropikaletatik glaziarretara, itsas hondotik laku ertzetara, Aiako Harriatik abiatuz gure historia geologikoaren altxorrak ezagutuko dituzte.
“Lurraren bidean” dokumentalaren aurrerapena.
Lurraren bidean, gure historia geologikoa dokumental egina
- Data
- Ordutegia
- 19:00etatik 20:00etara
- Tokia
- Kultur Leioa Aretoa
- Helbidea
- Jose Ramon Aketxe plaza, 11, Leioa