EHUko Euskararen Astean “Jakinduriek mundue erreko dau!”

Ekitaldiak

Zientziak eta bertsolaritzak bat egingo dute Bilboko Bidebarrieta Liburutegian abenduaren lehenean, “Jakinduriek mundue erreko dau!” ekitaldian. “Bertsozientzia” izenaz ere ezagutzen den saioa, abenduaren 1ean izango da, arratsaldeko 18:30ean eta UPV/EHUk Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko antolatu duen Euskararen Astea programaren jardueretako bat da.

“Jakinduriek mundue erreko dau!” ekitaldiak itxuraz urrun dauden bi diziplina uztartzen ditu: zientzia eta bertsolaritza. Hala ere, biak eszenatoki berdinera igoko dira, haien arteko muga gaindituz, zientzia kontatu eta kantatzen duen funtzio berezia eskaintzeko publikoari.

Kike Amonarriz aurkezlea eta soziolinguista izango da ekitaldi honetako zeremonia-maisua. Ezagutza zientifiko zabaltzeko errima perfektua bilatzea xede duen ekitaldi honetan, Amonarrizekin batera izango dira mikrofono aurrean, Andoni Egaña eta Onintza Enbeita bertsolariak, Xabier Artaetxebarria ingeniaria, Miren Basaras mikrobiologoa eta Josu Lopez-Gazpio kimikaria.

Jardunaldiak, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Bidebarrieta Kulturgunearen laguntza du eta, besteak beste, zientzialari bakoitzak 10 minutuko hitzaldia eskainiko du euskaraz. Horietan, labur-labur eta modu atseginean azalduko dituzte zenbait kontzeptu zientifiko: portaera altruista naturan, One Health (osasun bakarra) ikuspegia gaixotasunei aurre egiteko, eta puzkerren analisi kimikoa, hurrenez hurren.

Hitzaldi bakoitzaren ondoren, Amonarrizek gai bat proposatuko du, bertsolariek irudimena askatu eta bertsotan inprobisatzeko aukera izan dezaten. Gainera, ekitaldian, bertaratutakoen ezagutza ere neurtuko da, beste modu batez neurtu ere, eta irabazleek saria eramango dute.

Hitzaldiak doakoak dira eta sarrera librea izango da lekuak bete arte. Hitzaldira joaterik ez dutenek streaming bidez ikusi ahal izango dute KulturguneaTB kanalaren bitartez.

Programa:

Zientzialariak

Xabier Artaetxebarria, ingeniaria: “Zergatik gara onak?

Xabier Artaetxebarria Telekomunikazio Sistemen Ingeniaritzan lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean, eta doktorego-tesia Iruñeko CIMA ikerketa-zentroan egin zuen, medikuntzan nahiz biologian erabili ohi den irudien analisi automatikorako algoritmoetan oinarrituta.

Bere hitzaldian, “Zergatik gara onak?”, naturan ikus ditzakegun jarrera altruistak nola garatu diren azalduko du, baita izaera hau non agertzen den hautespen naturalaren teorian zehar.

Miren Basaras, mikrobiologoa: “Mendeetako iraunkortasunari eutsiz

Miren Basaras, mikrobiologoa eta Biologian doktoratua, Mikrobiologiako irakasle titularra da UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean, eta unibertsitate bereko Mikrobiologia eta Osasunari buruzko Masterraren arduraduna.

Bidebarrieta Kulturgunearen eszenatokian One Health -Osasun Bakarra- kontzeptua zer den azalduko du. Gizakien eta animalien osasuna interdependenteak direla eta, aldi berean, bizi diren ekosistemetara lotuta daudela dio kontzeptu honek.

Josu Lopez-Gazpio, kimikaria: “Puzkerren analisi kimikoa

Josu Lopez-Gazpio, Kimika-Zientzietan lizentziatu eta Kimikan doktoratu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta irakaslea eta zientzia-dibulgatzailea da. Egun, Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) Kimika saileko arduraduna da, eta UEU eta UPV/EHUren Irakasleen Prestakuntzarako Unibertsitate Masterreko irakaslea..

“Puzkerren analisi kimikoa” hitzaldian Josu López-Gazpio guztiontzako ezaguna den kontzeptu batetik abiatuko da. Flatulentziek edo hesteetako gasek eragindako puzkerretatik beste kontzeptu zientifiko batzuk jorratuko ditu, hala nola, gasen legeak, soinua, usaimena edo hartzidura.

Bertsolariak

Andoni Egaña, Euskal Filologian lizentziatua, Euskaltzaindiaren euskaltzain urgazlea, idazlea eta bertsolaririk ospetsuenetakoa da. Lau aldiz irabazi du Bertsolari Txapelketa Nagusia: 1993an, 1997an, 2001ean eta 2005ean.

Onintza Enbeita, Kazetaritzan lizentziatua, kazetaria eta bertsolaria da. Kazetari bezala, hainbat hedabidetan lan egindakoa da, hala nola, Berria edo Euskal Telebista. Onintza Enbeita Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irabazi zuen 2018an eta txapela jantzi zuen lehen emakumea izan zen.

EHUko Euskararen Astean “Jakinduriek mundue erreko dau!”

Data
Ordutegia
18:30etatik 20:00etara
Tokia
Bidebarieta Liburutegia
Helbidea
Bidebarrieta, 4, Bilbo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.