Osasuna beti egon da lotuta hirien garapenarekin. Izan ere, jada hiri zaharrenak diseinatu eta eraiki zirenean higieneari buruzko ezagutzak aplikatzen ziren. Kezka horren isla dira, adibidez, erromatar hirietan dauden akueduktu eta bainu publikoak.
Hala ere, industria-iraultzaren ondorioz —eta jende pilaketa desordenatuak eragindako osasun-krisi larrien ondorioz— nabarmenagoa egin zen harreman hori. Orduan sortu zen hirigintza, hiri-ingurunea planifikatzera eta hobetzera bideratutako diziplina gisa.
Osasuna, hiria eta hirigintzaren arteko loturaz hitz egiteko, UPV/EHUko Arkitektura Saileko Izaskun Aseguinolaza irakasleak “Osasuna, hiria eta hirigintza” hitzaldia eskainiko du ekainaren 11n, asteazkena, 19:00etan, Bilboko Bidebarrieta liburutegian. Hitzaldia euskaraz izango da eta aldi bereko itzulpena egongo da gazteleraz.
Hitzaldian zehar osasunaren eta hiriaren arteko lotura historikoa plazaratuko da. Horrez gain, gaur egun harreman hori nola adierazten den aztertuko da, eta modu eraginkorrean lantzeko aukera ematen duten hiri-plangintzako tresna batzuk aurkeztuko dira jendaurrean.
Hitzaldi-solasaldi hau UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak antolatzen duten Bidebarrieta Zientifikoa zikloaren saioa da. Hitzaldia aurrez aurre, eta streaming bidez ere ikusi ahalko da KulturguneaTB kanalean. Aretoko sarrera doakoa eta librea izango da lekuak bete arte.
Hizlaria
Izaskun Aseguinolaza Arkitekturan doktorea da. Nafarroako Unibertsitateko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoan egin zuen doktorego-tesia (ETSAUN). Bere ibilbide profesionalean irakaskuntza eta arkitekto lan profesionala uztartu ditu hiri-planteamenduaren esparruan.
Gaur egun, UPV/EHUko Arkitektura Saileko Hirigintza eta Lurralde Antolamenduaren arloko irakaslea da, eta CAVIAR (Bizi kalitatea arkitekturan) ikerketa-taldeko kidea. Bere ikerketaren ardatzak dira ondarearen babesa, hiri-plangintza eta pentsamendu urbanoa.
Osasuna, hiria eta hirigintza
- Hasiera data
- Amaiera data
- Ordutegia
- 19:00etatik 20:30etara
- Tokia
- Bidebarrieta Kulturgunea
- Helbidea
- Bidebarrieta kalea, 4, Bilbo