Fernando G. Baptista. Infografia zientifikoaren esploratzailea

Ekitaldiak

Infografia ezinbesteko tresna da zientziaren komunikazioan. Informazio konplexua ulergarri egin dezake eta hori lortzeko hainbat elementu erabil ditzake: ilustrazioak, diagramak, mapak edo grafikoak, betiere era ulergarri batean baina zehaztasunari uko egin gabe. Arrazoi honengatik, ilustratzaile zientifikoaren lana funtsezkoa da begiratu batean ikusezinak diren prozesuak ulertzeko eta zientzia modu argi, bisual eta erakargarrian kontatzen laguntzeko.

Fernando G. Baptista. Infografia zientifikoaren esploratzailea erakusketa Bilbora dator mundu mailan ezagunenetakoa den zientziaren ilustratzaile honen lana erakusteko. Fernando G. Baptista EHUn Arte Ederretako lizentziaduna da eta National Geographic Magazine ospetsuan infografiako editore seniorra. EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Laboratorium Museoak antolatu dute jarduera hau.

Erakusketak ilustratzailearen publikaziorik adierazgarrienak biltzen ditu. SND (Society for News Design) nazioarteko erakundeak munduko diseinatzailerik onena izendatu berri du bilbotarra, National Geographic Magazine aldizkarian egindako lanagatik eta bere sorkuntza-prozesuagatik: dokumentazioa eta ikerketa, hasierako zirriborroak eta azken emaitza.

Dibulgazio-aldizkari entzutetsuan egindako lanen artean, gerlari bikingoei buruzko azala edo lehen orrialdea ikusi ahal izango da (Vikingos, 2017ko martxoa), jatorriz Maurizio Irletakoak ziren dodo hegaztiei buruzko teoria berri bat ilustratzen duen seriea (La nueva apariencia del dodo, 2020ko uztaila), erromatarren talentu arkitektonikoaren adierazgarri handienetako baten eraikuntza-prozesuaren berreraiketa bisuala (La columna de Trajano, 2015eko apirila) edo historian zehar egin diren kupularik ospetsuenen eta handienen konparaketa grafikoa (Redefiniendo la cúpula, 2024ko otsaila).

Erakusketa irailaren 20tik 30era egongo da ikusgai Bilboko Bizkaia Aretoa-EHU eraikinaren Chillida aretoan. Sarrera doan izango da, ordutegi honetan: astelehenetik ostiralera 08:00etatik 20:00etara, larunbateetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta igandeetan 10:00etatik 14:00etara. Bilbon izan ondoren, erakusketa Bergarako Laboratorium Museora eramango da, etan han egongo da urriaren 31tik azaroaren 16ra.

Jarduera hau Bilbo Zientzia Plaza 2025 ekimenaren parte da, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatzen duena Bilboko Udalaren eta Euskampus Fundazioaren babesarekin eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila, Donostia International Physics Center (DIPC), Metro Bilbao eta EiTB erakundeen laguntzarekin.

Egileari buruz

Fernando G. Baptista (Bilbo, 1965) Arte Ederretan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean. Hainbat urtez ilustratzaile lanetan freelance aritu ondoren, El Correo egunkarian hasi zen lanean. 2007az geroztik, National Geographic Magazine aldizkariko langilea da, editore senior gisa. Bere ibilbidean 250 sari baino gehiago jaso ditu, horien artean Peter Sullivan sari ospetsua, infografia arloko sari nagusia, eta Emmy sarietarako bi izendapen.

Gaur egungo infografista garrantzitsuenetakotzat jotzen da, eta 2025ean SND (Society for News Design) erakundeak munduko diseinatzailerik onena izendatu du bere sarien 46. edizioan. Bere lana, beraz, erreferentea da informazioa bistaratzeko orduan.

Fernando G. Baptista. Infografia zientifikoaren esploratzailea

Data
Ordutegia
08:00etatik 20:00etara
Tokia
Bizkaia Aretoa-EHU
Helbidea
Abandoibarra, 3, Bilbo
Informazio gehiago

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.