
Darwinen Egunak otsailaren 12an ospatzen du, urtero, eboluzioaren teoriaren “aita” den Charles Darwin biologo eta naturalista ingelesaren jaiotza. 1809an jaio zen eta zientziaren historiari lotuta geratu da, betiko, 1859an ‘Espezieen Jatorria’ argitaratu zuenetik. Lan horretan, hautespen naturalaren bidezko eboluzioaren teoria formulatu zuen Darwinek. Liburu horri esker dakigu izaki bizidun guztiak arbaso komun batengandik gatozela eta espezieak denboran zehar aldatzen direla. Eboluzioa deitzen zaio horri eta hautespen naturala terminoarekin ezagutzen dugun mekanismo baten eraginez sortzen da.
Bere jaiotzaren urteurrena ospatzeko, beste urte batez, otsailaren 12an, osteguna, 18:30ean, Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Zirkulu Eszeptikoak bi hitzaldiko egitaraua antolatu dute Bilboko Bidebarrietako Liburutegian, genetikak gizakien osasunean eta gaixotasunean duen zerikusia hobeto ezagutzeko eta ingurune ezberdinetara adaptatzeko duen eraginari buruz hausnartzeko.
Hitzaldiak Francesc Calafell eta Neskuts Izagirre biologoek emango dituzte: Calafell Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateko Zientzia Esperimentalen eta Osasunaren Saileko irakasle titularra da eta Izagirre Euskal Herriko Unibertsitateko Genetika, Antropologia eta Animalien Fisiologia Saileko irakasle titularra.
Lehenik, Francesc Calafellek “Eboluzioak osasunari eta gaixotasunari buruz azaltzen duena” hitzaldia eskainiko du. Bertan, eboluzioaren legeek giza gaixotasun askoren jatorria eta banaketa ulertzeko eta tratamendu posibleak bideratzeko nola lagun dezaketen aztertuko du. Bere hitzaldian, Pompeu Fabra Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak azalduko du zergatik gaixotasun batzuk eremu geografiko jakin batzuetan kontzentratzen diren eta zergatik populazio isolatu batzuek gaixotasun jakin batzuen intzidentzia handiagoa duten eta, aldiz, beste batzuen aurrean erresistentzia.
Ondoren, Neskuts Izagirrek “Darwinen ondoren: hautespen naturala eta introgresio genetikoa gizakiengan” hitzaldia emango du. Bertan, hautespen naturalak Indonesiako bajau herriaren ezaugarriak eta hazpegiak nola modelatu dituen azalduko du: larruazalaren pigmentazioa, laktasaren iraunkortasuna eta apnea edo urpekaritza librea egiteko aparteko gaitasuna, besteak beste.
Era berean, introgresio genetikoaren papera azalduko du Izagirrek eta baita beste hominido-espezie batzuekin izandako geneen transferentzia ere. Neandertalek, esate baterako, patogeno berrien aurrean erresistentzia eman ziguten, eta denisovanoen geneak ezinbestekoak dira Tibeteko populazioak garaiera handiko bizimodura egokitzeko duen gaitasuna azaltzeko. Horietako ezaugarri batzuk, ordea, ingurune modernoetan okerreko moldaerak ere bihur daitezkeela kontatuko digu EHUko biologoak, hala nola gaixotasun autoimmune batzuk, alergiak eta obesitatea.
2026ko Darwinen Eguna Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoaren Katedrak, Bidebarrietako Liburutegiak eta Zirkulu Eszeptikoak antolatu dute, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren eta “El Correo” egunkariaren laguntzarekin. Ekitaldia otsailaren 12an izango da, 18:30ean, Bilboko Bidebarrietako Liburutegian.
2007tik izen handiko adituek hartu dute parte Darwinen Egunean; besteak beste, Francisco J. Ayala eta José María Bermúdez de Castro biologoek, Juan Luis Arsuaga eta María Martinón-Torres paleoantropologoek, Itziar Laka hizkuntzalariak eta Helena Matute psikologoak. Horri esker, zientzia eta kultura maite dutenentzat ezinbesteko hitzordu bilakatu da ekitaldi hau Bilbon. Sarrera doakoa izango da lekua bete arte, eta streaming bidez ere jarraitu ahal izango da KulturguneaTB kanalaren bidez.
Hizlariak
Francesc Calafell Majó Biologian doktorea da (Bartzelonako Unibertsitatea). 1998tik Pompeu Fabra Unibertsitateko Medikuntza eta Bizitza Zientzien saileko irakasle titularra da. Gainera, Biologia Ebolutiboko Institutuko (CSIC-UPF) Indibidualtasunaren Genomikako Laborategiko ikertzaile nagusia da. 200 artikulutik gora argitaratu ditu egilekide bezala, batez ere populazioen genetikaren esparruan. Giza aniztasun genetikoa atzertzen du, hiru ikuspegi hauetatik begiratuta: populazioena, gaixotasunena eta indibiduala, arreta berezia jarriz aldaketa genetikoaren egitura geografikoan.
Neskuts Izagirre Arribalzaga Biologian doktorea da (Euskal Herriko Unibertsitatea) eta Antropologia irakaslea EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Genetika, Antropologia eta Animalien Fisiologia sailean. Bere ikerketa antzinako gorpuzkietatik berreskuratutako DNAren azterketan oinarritzen da. Gaur egun, egungo giza populazioen datu genomikoak aztertzen ditu, haien eboluzio-historia berrosatzeko. Era berean, beste lankidetza bat hasi berri du metagenomikaren esparruan, irradiazio ultramorearen intentsitatearekin lotutako larruazalaren bakterio-konposizioaren analisian oinarrituta.
Genetikak osasunean eta giza adaptazioan duen zeregina izango du ardatz 2026ko Darwinen Egunak
- Hasiera data
- Amaiera data
- Ordutegia
- 18:30etatik 20:30etara
- Tokia
- Bidebarrietako Liburutegia
- Helbidea
- Bidebarrieta kalea, 4., Bilbo.