Gure Eguzki Sistema eta medikuntza, eboluzioaren teoriaren haritik, Darwinen Egunean

Ekitaldiak

Darwinen Eguna 2007az geroztik antolatzen da Bizkaiko hiriburuan eta, egun, zientziazaleen egutegiko ezinbestekoa hitzordua da. Hamalau urte beteko ditu aurten ekitaldiak eta beste behin, Kultura Zientifikoko Katedrak eta Zirkulu Eszeptikoak, hautespen naturalaren bidezko eboluzioaren teoria taxutu zuen zientzialariaren jaiotzaren urteurrena ospatuko dute. Charles Darwin duela 211 urte jaio zen eta bere egunean, Eguzki Sistema eta eboluzioaren teoria eta medikuntza izango ditu ardatz 2020ko Darwinen Egunak.

Ekitaldia otsailaren 12an izango da, 19:00etatik aurrera. Bertan izango dira, alde batetik, Itziar Garate Lopez astrofisikaria, La Lagunako Unibertsitatean Fisikan lizentziatua eta Zientzia, Teknologia eta Behaketa Espazialean doktoratua UPV/EHUn. Bestalde, Luis Carlos Álvaro González neurologoa, Bilboko Basurtuko Ospitaleko medikua eta UPV/EHUko Neurozientzien Saileko irakaslea.

Itziar Garatek “Eguzki Sistemaren iragana, oraina eta etorkizuna” hitzaldia eskainiko du, Eguzki Sistemak ezkutuan dituen sekretuak argitzeko asmoz. Izan ere, sistema hau astroz osatutako familia konplexua da, non hainbat planeta, ilargi, asteroide eta kometa biraka dabiltzan apartekoa ez den izar arrunt baten inguruan. Horrez gain, hitzaldiak gure izar-auzoa nola sortu zen, ordutik hona zer aldatu den eta gaur egun norantz goazen ezagutzeko aukera ere emango du.

Medikuntza bestelako ikuspegi batetik aztertuko du Luis Carlos Álvarok “Eboluzioaren Teoria eta medikuntza: baterako bideak” hitzaldian. Arrazoi historikoen ondorioz, medikuntza eboluzioaren teoriari bizkarra emanez garatu dela azalduko du baina azken urteotan, biak bateratzeko egin diren proposamenak ere plazaratuko ditu. Proposamen hauek, mekanismo operatibo sinpleetan oinarritutako hurbilpenak ahalbidetzen dituzte, esaterako, honako gaitzak esplikatzeko: arazo degeneratiboak, patologia atxikiak dituen zahartzea, gaixotasun baskularrak, asaldura autoimmuneak edota hainbat infekzio eta migraina mota.

Ekitaldia UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak hilabetero gaurkotasunezko gai zientifikoak ezagutzera emateko antolatzen duten Bidebarrieta Zientifikoa zikloan baitan dago.

Hizlariak

Itziar Garate Lopez La Lagunako Unibertsitatean Fisikan lizentziatu eta Zientzia, Teknologia eta Behaketa Espazialean doktoratu zen UPV/EHUn. Egun, Bilboko Ingeniaritza Eskolako (UPV/EHU) Fisika Aplikatua I Saileko irakaslea da eta unibertsitate bereko Zientzia Planetarioen Taldeko ikertzailea. Aurretik, doktoretza ondorengo ikertzailea izan zen Sorbonne Université-ko Centre National d’Études Spatiales delakoan. Lurraren antzekoak diren Artizarra eta Marte planeten dinamika atmosferikoa da ikertzaile honen ohiko jardunaren ardatz, bereziki Artizarreko poloetako zurrunbiloen sorrera eta bilakaera.

Luis Carlos Álvaro González Bilboko Basurtuko Ospitaleko mediku neurologoa eta UPV/EHUko Neurozientzien Saileko irakaslea da. Bere esparru klinikoari lotutako 100dik gora lan argitaratu ditu, dibulgazio liburu idatzi ditu, zuzentzaile-lanetan jardun du Estatuko zein nazioarteko aldizkari espezializatuetan eta argitalpen-batzorde ugariko kidea izan da. Bere esparruan egindako lanarengatik hainbat sari jaso ditu. Aipatzeko da, eboluzioaren teoria ingurune klinikoan ikertu eta aditua ez den publikoaren artean zabaltzen diharduela buru-belarri.

Gonbidapenak

Darwin Eguneko sarrera librea eta doakoa da lekuak bete arte, baina aurretik, gonbidapenak eskuratu behar dira liburutegian bertan, otsailaren 7tik aurrera. Gonbidapenak jasotzeko ordutegia 10:00etatik 14:00etara bitartekoa da goizez eta 16:00etatik 20:00etara bitartekoa arratsaldez, astelehenetik ostiralera.

Bertaratzeko aukerarik ez dutenek hitzaldiak streaming bidez jarraitzeko aukera izango dute KulturguneaTBren bidez.

Gure Eguzki Sistema eta medikuntza, eboluzioaren teoriaren haritik, Darwinen Egunean

Data
Ordutegia
19:00etatik 21:00etara
Tokia
Bidebarrieta Liburutegia
Helbidea
Bidebarrieta, 4, Bilbo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.