Igeldoko Behatokiko meteorologoa: Felisa Martin (1898-1979)

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

Egun, zientziei eta jakintza-alorrei buruz dugun pertzepzioen artean, fisika “arlo gogorra” dela dirau. Fisikaz gain, kimikak eta matematikak ere irudi berdina ohi dute. Pertzepzio hauek, aldiz, ez zuten eragin handirik izan Euskal Herriko historiaren lehen emakume zientzialarien artean. Izan ere, gehienak fisika eta kimika gaietan jantziak ziren eta ibilbide profesionala garatu zuten arlo hauetan. Emakume horien artean dugu, 1926. urtean Fisikan doktoratu zen Felisa Martin Bravo donostiarra. Felisa, Estatu mailan, Fisikako doktoregoa lortu zuen lehen emakumea izan zen. Eta bestelako alor batzuetan ere, lehena izan zen.

1. irudia: Felisa Martin Bravo fisikaria eta meteorologoa (1898-1974)
1. irudia: Felisa Martin Bravo fisikaria eta meteorologoa (1898-1979)

Felisa Donostian jaio zen 1898ko ekainaren 11n eta bertan zegoen Institutu Orokor eta Teknikoan ikasi zuen Batxilergoa burutu arte. Ikasketak amaitu ondoren Madrilera joan zen Zientzia Fisikoak ikastera. Unibertsitatean zegoela, institutuetako zientzia irakasle titulua lortzeko, Ikasketen Hedapenerako Batzordearen (JAE) menpe zegoen Institutuko zientzien sailean kolaboratzen hasi zen klaseak emanez. 1922an, 24 urterekin, Fisikan lizentziatu zen eta ondoren, Blas Cabrera fisikaria tutore zuelarik, praktikak egin zituen ikerketan murgiltzeko. Asmoak gauzatuz, X izpien bidez kristalen egitura ikertzen zituen Julio Palacios fisikariaren lantaldean hasi zen lanean, LIF laborategian (Fisikako Ikerketen Laborategia). Palaciosen lantaldeko eta Fisikako Ikerketen Laborategiko lehen emakume ikertzailea izan zen.

X izpien aparatuak erabiliz, kristal-sareen egiturak ikertu zituen laborategian. Horren baitan, Henry eta Lawrence Bragg aita-semeen metodoa eta baita ere, Peter Debye eta Paul Scherrer fisikarien hauts difrakzioaren sistema erabili zuen nikel eta kobalto oxidoen, eta berun sulfuroaren egiturak zehazteko. Lan hauek 1926. urtean defendatu zuen doktorego-tesiaren oinarri izan ziren eta bikain nota lortuz, Fisikan doktoratu zen lehen emakumea izan zen Felisa Martin Bravo. Horrez gain, Espainiako kristalografiaren historian argitaratutako lehen ekarpen zientifikoa berea izan zen ere, X izpien bidezko kristalografiari buruzko “Determinación de la estructura cristalina del óxido de níquel, del óxido de cobalto y el sulfuro de plomo” artikulua.

1927an atzerrian eman zituen hainbat hilabete, Connecticuten eta Vermonten nesken institutuetan fisikako eta gaztelaniako klaseak ematen. Egonaldia aprobetxatuz, Harvardeko eta Yaleko unibertsitateak bisitatu zituen bertako laborategiak ezagutzeko. Etxera bueltatu zenean Sevillako Unibertsitateko Katedraduna zen José Vallejo filologoarekin ezkondu zen.

1928. urtean, sasoiko hainbat fisikarik bezala, Meteorologia Agentzia Estatalean lanean aritzeko eskaera egin zuen eta oposaketak prestatu zituen. 1929. urtean hasi zen bertan lanean meteorologiako laguntzaile gisa. Agentziako lehen emakumea, eta bakarra, izan zen 1935. urtera arte. Felisa laguntzaile moduan aritu zen bertan baina ez zituen baztertu beste zereginak. Madrilgo Unibertsitate Zentraleko Fisikako eta Kimikako Institutuaren baitan, Julio Palaciosek zuzentzen zuen egitura kristalinoen determinaziorako X izpien sailean, ikertzaile bezala aritu zen Cajal Katedrako beka bati esker.

1932. urtean, ikerketak sakontzeko, Cambridgera joateko diru-laguntza eman zioten eta Cavendish laborategian egon zen lanean. X izpien espektrografiaz gain, Meteorologia Agentziaren aginduz, zundaketa atmosferikoen gaia landu zuen Charles Thomson Rees Wilson fisikariarekin. Behin beka bukatuta, bertan jarraitzea eskatu zuen baina ez zioten eman luzapenik. 1934an etxera bueltatu zen Meteorologia Agentzian lanean jarraitzeko. Eta bertan harrapatu zuen Gerra Zibilak.

1936an Meteorologia Agentzia bi zatitan banatu zen eta Felisak alde errepublikanoan jarraitu zuen lanean Madrilen. Tropa frankistak hirira hurbildu zirenean agentziako arduradunek erakundea Valentziara eramatea erabaki zuten. Ondorioz, langileek Valentziara joateko agindua jaso zuten 1937an baina Felisa Martinek uko egin zion aginduari eta ez zen aurkeztu Valentzian. Berehala kanporatu zuten erakundetik.

Meteorologia behatokiek berebiziko garrantzia izan zuten gerran, komunikazio-gune estrategikoak bihurtu baitziren. Bistakoa izan zen garrantzia, frankisten menpe zeuden meteorologia behatokien ardura aireko armadak hartu baitzuen. Armadak behatokietako zuzendariak karguetatik kendu eta militarrengatik ordezkatu zituen. Horrela gertatu zen 1937. urtean, ordura arte Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardurapean zegoen, Igeldoko Meteorologia Behatokian ere. Urriaren 30ean Juan López Cayetano militarrak hartu zuen bertako zuzendaritza. Baina berehala utzi behar izan zuen Igeldo, Salamancara itzultzeko. Igeldoko Meteorologia Behatokiko egoera juridikoa nahasgarria zen une horretan. Kudeaketa ez zen Gipuzkoako Aldundiarena, beraz, ezin zituen teknikoak kontratatu. Aldiz, eraikina eta bestelakoak haren ardurak ziren. Militarrek ez zuten kargurako hautagairik baina zuzendari bat behar zuten behatokian. Egoera juridiko korapilatsu hark eta Donostiakoa izateak lagundu egin zioten nonbait Felisari.

Aireko armadak ez zuenez baliabiderik behatokietako zuzendaritzak ordezkatzeko, gerra aurretik Meteorologia Agentzia Estatalean lanean ibilitako teknikariak esleitu zituen toki batzuetan, adibidez, Igeldon. Horrela, 1937ko azaroan Igeldoko Meteorologia Behatokiko zuzendari “akzidentala” izendatu zuten, Felisa Martin Bravo anderea, López Cayetano militarraren ordez. 1937ko azaroaren 13tik 1940ko ekaina arte bertan egon zen lanean.

Behatokian Karlos Santamaria Ansa matematikaria eta euskaltzalea izan zuen lankide. Elkarrekin egon ziren urteotan harreman estua izan omen zuten eta Felisak kargua utzi zuenean, Karlos Santamaria proposatu zuen zuzendari lanetarako. Iradokizuna aintzat hartuta, Karlos Santamaria izendatu zuten Igeldoko Meteorologia Behatokiko behin-behineko arduraduna. Igeldon egon zen bitartean Felisa galernei buruz ikertzen ibili zen.

2. irudia: Igeldoko Behatokian lan egin zuten meteorologoak. Argazkia: AEMET - Estatuko Meteorologia Agentzia
2. irudia: Igeldoko Behatokian lan egin zuten meteorologo batzuk. Euren artean, Felisa Martin Bravo. Argazkia: AEMET – Estatuko Meteorologia Agentzia

Felisa eta haren senarra Madrilera bueltatu ziren. Lehenak, Espainiako Meteorologia Zerbitzuan sarrera eskatu zuen eta bigarrenak, Madrilgo Unibertsitate Zentralean. Eskaerak jasota, “garbitasun espedientea” gainditu behar izan zuen batak zein besteak. Felisak errepublikanoen meteorologia zerbitzuan lan egin izanagatik eta baita ere, erbesteratuak zeuden bere ahizpa Rosaliarekin eta haren senarrarekin, Alejandro Casona dramaturgoarekin, zuten harreman estuarengatik. Errepublikako Meteorologia Agentziako teknikoei Valentziara joateko aginduari uko egiteak “garbitasun espedientea” gainditzen lagundu zion eta Meteorologia Zerbitzu Orokorrean onartu zuten. Zerbitzuko emakume bakarra izan zen 1960. urtera arte eta baita ere, kargu militarrik ez zuen bakarrenetarikoa. Laguntzaile izatetik meteorologoa izatera pasatu zen eta elektrizitate atmosferikoaren ikerketa ildoa jorratu zuen. Gaiari lotuta hainbat artikulu argitaratu zituen 1943tik 1954ra bitartean. Erretiroa hartu arte jarraitu zuen lanean Meteorologia Agentzian.

Felisak egin zuen azken ibilbideaz asko ez dakigun arren, jakin badakigu askok mesfidantzaz ikusi zutela haren onarpena Meteorologia Agentzian eta meteorologo kargua lortu izana “garbitasun espedientea” gainditu ondoren. Baina Felisa soberan trebatua zegoen zientzialari ekina izan zen. Hainbat traba, arazo eta oztopo gainditu behar izan zituenak aurrera ateratzeko.

Zientziaren hainbat arlotan lehen emakumea izan zen haren historia, sasoi hartako beste hainbat emakumeena bezala, ahaztuta egon da testu batzuetako lerroen artean. Merezi du horiek gordetzen dituzten istorioak plazaratzea, dokumentu zaharrek batutako hautsa astinduz.

1979. urtean hil zen Igeldoko Behatokiko meteorologo eta fisikari aitzindaria, Felisa Martin Bravo.

Iturriak:

Oharra:

EHUko Kimika Ezorganikoa Saileko taldekidea den Maite Insausti Peñari esker izan nuen Felisaren berri, Maitek eskuartean bilduta zuen dokumentazioa bidali zidanean. Dokumentu haien haritik tiraka eginda gero jaio da artikulu hau. Eskerrik asko, Maite!


Egileaz

Uxune Martinez (@UxuneM), Soziologian lizentziatua da eta egun, Inguma Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-baseko arduraduna da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.