5G, sare mugikorren etorkizuneko belaunaldia

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Sare mugikor bidezko zerbitzuen kudeaketa aurreratua ikertzen ari da UPV/EHUko Networking, Quality and Security (NQaS) ikerketa-taldea, sare mugikorren eta zerbitzu mugikorren kudeaketaren arteko koordinazio hobea lortzeko. Horretarako, EAEko hainbat udalerritan operadoreek hedatu dituzten 4G sareek erabiltzen dituzten kanalen kalitatea neurtu eta haren ezaugarriak definitu dituzte.

Lana aurrera eraman dute hainbat testuinguru eta zerbitzuetarako sarbide desberdinak erabiliz (tableta, smartphonea, ordenagailu eramangarria…) eta besteak beste, 4G estaldura-eremu bera partekatzen duten erabiltzaileei ematen zaizkien multimedia-edukien formatua egokitu ahal izateko metodo berriak definitu ditu ikerketa-taldeak.

Irudia: Sare mugikorren etorkizuneko belaunaldia, 5G, definizio-fasean dago, 2020an espero dira lehen hedapen komertzialak.

Banda zabaleko sare mugikorren bidezko Interneteko sarbideak asko ugaritu dira, eta horrek zenbait erronka eragiten ditu zerbitzu horniduran, adibidez, edukiak erabiltzailearen testuinguruaren arabera egokitu ahal izatea. Irrati-baliabideak mugikor erabiltzaile bakoitzari ematen dizkion kalitate mailaren arabera, edukiak egokitu ahal izatea da 4G sareen bidez zerbitzuak hornitzearen faktore garrantzitsuenetako bat, baina kalitatea oso aldakorra da eta transmisio kondizioen mendekoa erabat.

Gaur egun, Interneteko hornitzaile gehienek kudeaketa algoritmoak dauzkate, banako kalitate aldaketen arabera erreakzionatzeko eta une bakoitzean lor daitekeen zerbitzu kalitate onena emateko. Nolanahi ere, 4G sareetako irrati baliabideak partekatu egiten dira mugikor erabiltzaile guztien artean, eta, horrenbestez, banakako kudeaketa egiteak egoera ezegonkorrak eragiten ditu, eta lortutako kalitatean etengabeko aldaketak.

Sare mugikor bidezko zerbitzuak kudeatzeko algoritmo berriak definitzen ari dira UPV/EHUko Networking, Quality and Security (NQaS) taldeko ikertzaileak, sare mugikorren kudeaketaren eta zerbitzu mugikorren arteko koordinazio handiagoa eta hobea eragiteko. Testuinguru horretan, José Oscar Fajardo ikertzaileak 4G eta 5G sareetan edukien formatuak pertsonalizatzeko algoritmo berriak definitu ditu bere doktorego-tesian.

Neurketa esperimentalen kanpaina baten bidez, EAEko hainbat udalerritan operadoreek gaur egun hedatuta dauzkaten 4G sareen kalitatea aztertu du, tesian. Hala bildutako datuak aztertuz, lortu dute ohiko kalitate patroien ezaugarriak zehaztea hainbat mugikortasun egoeratan (autoan, autobusean, etxean…) eta hainbat erabileratan. Hala, “lortu genuen modelizatzea nola aldatzen den benetan kanalaren kalitatea, erabiltzailearen mailaren arabera, denboraren arabera, zenbait denbora eskalatan, erabileratan, mugikortasun egoeratan eta zerbitzuetako sarbideen arabera”, dio ikertzaileak.

Formatuak era pertsonalizatuan egokitzeko bidean

José Oscar Fajardo ikertzaileak adierazi duenez, kalitatearen karakterizazio hori “oinarri-estazioen elementu adimendunetan” aplikatu dute, “une bakoitzeko erabiltzaile guztien artean irrati-baliabideak banatu ahal izateko”. Horrez gain, zerbitzu-hedapenean aplikatu dute kalitatearen karakterizazioa, 4G estalduraren eremu bera partekatzen duten erabiltzaileei maten zaizkien multimedia edukien formatua dinamikoki egokitu ahal izateko.

Tesian lortutako emaitzekin batera, ikertzaileak nabarmendu duenez, “orain zerbitzu hornitzaileek tresna berri bat daukate, 4G sareetako beheko mailatan zer ari den gertatzen ulertzen lagunduko diena, eta beren zerbitzuak mundu errealean gertatzen denaren arabera egokitzen lagundiko die ere”.

Kudeaketa aurreratuko algoritmo mota hori ezartzeak hainbat onura ekartzen dizkie bai mugikorren erabiltzaileei bai hornitzaileei eta mugikor zerbitzuei ere. Hala ere, egungo 4G hedapenetan erabiltzen diren teknologiek eragotzi egiten dute sareen eta zerbitzuen artean izan behar den interakzioa. 4G sareen bilakaeraren arabera, horniduraren inguruneak hodeian izatera helduko dira, eta horrek aukera handiak zabaltzen ditu zerbitzu mugikorren pertsonalizazioan. Sare mugikorren etorkizuneko belaunaldia, 5G, definizio-fasean dago, 2020. urtearen inguruan lehenbiziko hedapen komertzialak egingo baitira; horri esker, bai sare mugikorraren konexio puntuak eta zerbitzuak hodeian exekutatuko dira, eta haien kudeaketa koordinatua egin ahal izango da.

UPV/EHUko ikertzaileak SESAME (Small cEllS coordinAtion for Multi-tenancy and Edge services) proiektuan ari dira lanean orain; hain zuzen ere, 5G sareak definitzeko Europako Batzordeak finantzatutako hemezortzi proiektuetako batean. Nazioarteko zenbait bazkiderekin batera, lanean ari dira garatutako algoritmoak hedapen mekanismoetan eta 5G sareen kudeaketa mekanismoetan sartzeko.

Iturria:

UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Telefono adimendunetatik sareen kudeaketa adimendunera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.