Abenduarekin batera Euskararen Astea helduko da eta, horren barnean, UPV/EHUko Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak Bertsozientziaren edizio berri bat antolatu dute.
Aurten ere bertsolaritzak eta ezagutza zientifikoak bat egingo dute oholtza gainean “Jakinduriek mundue erreko dau” lelopean.
Oraingo honetan, Idoia Torregarairen gidaritzapean, Iruri Altzerrekak eta Julio Sotok bertsoak jarriko dizkiete Cecilia Fernández, Oier Pedrera eta Aloña Aldasoro ikertzaileek jorratutako gaiei.
Fernández Hizkuntzalaritzako doktoregaia da UPV/EHUn eta Pau eta Aturrialdeko Unibertsitatean eta hizkuntzen zailtasunaz hitz egingo du. Ikuspegi zientifiko batetik Hizkuntza bat zaila izan daiteke? galderari erantzungo dio.
Pedrera, berriz, Zientzien Hezkuntzan doktoregaia da eta mendi eta basoetan pertsona askok duten landareekiko itsutasunaz hitz egingo du Ikusezina da berde kolorea? hitzaldian.
Azkenik, Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia sailean tesia egiten ari den Aldasorok txakurren jatorriaren inguruan hausnartuko du Txakurraren jatorriaz mintzo den fosil zaharrena berbaldian.
Bertsozientziaren saioa abenduaren 4an asteazkena, arratsaldeko zazpietan, egingo da Bilboko Bidebarrieta Liburutegian. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.
Ezagutza zientifikoak eta bertsoek bat egingo dute Euskararen Astean
- Data
- Ordutegia
- 19:00etatik 20:30etara
- Tokia
- Bidebarrieta Liburutegia
- Helbidea
- Bidebarrieta kalea, 4, Bilbo